Testua: Martin Orbe (argazkian).
Aikor aldizkariko aurtengo jaian Martin Orbe izan zen omendua. Eta berak eskerrak emanez, artikulua idatzi du Txorierriko euskaltzaleak omenduz. Tartean gure elkartea bera eta elkarteko kide diren batzuk, batez ere Belen eta Jose Angel. Hona hemen berak idatzitako artikulua:
2.009ko urtarrilaren 29.a. AIKOR! aldizkariaren 7. urteurrena, Loiuko Lauroetan. Jasotako gonbidapenaren xedera azaldu nintzen ekitaldira. Aldizkariaren alde, lehenik; Lauroetako lagunak bisitatzeko eta Txorierriko euskaltzaleak agurtzeko aukerari ere ezin muzin egin.
Hortik gorakoa ezusteko galanta: aurtengo omenduetako bat nintzela eta Udane Goikoetxeak eztiki-eztiki azaldu gure urteetako joan-etorriak, ustekabekoa gozatzeraino ...
Trantze horretan Txorierrin bizi izan nintzen urteetan (1.978-1.991) ezagutu nituen euskaltzaleak, zein gizon eta emakume zein gune, bururatu zitzaizkidan. Bat baino gehiago ahaztuta uzteko arrisku eta guzti ere bihoakie nire aitorpen eta esker ona.
Erandiotik hasi behar. KORRIKARI laguntzeko ahaleginetan buru-belarri lanean Fede Abarrategi, Felix Etxebarria (+), Manolo Goikoetxea, Sabino Agirre ... Eta bakoitzari zegokion eremuko laguntza Arlan eta Mufer enpresek, Goikolanda tabernak, Goierriko Sokatira taldeak eta gazte taldeak. Uste dut sokea, oraindik, ez dela eten.
Loiuri dagokionez, Lauroeta auzoa aipatu behar. Euskararen alde zein herrigintzako beste edozein alorretan han aurkituko ditugu Juantxu Bilbao eta Iñaki Beitia herri militante nekaezinak. Bikote paregabea!. Azpiegitura beharretarako inoiz huts egin ez duen Aurregoiti jatetxea.
Mikel Zarate Txorierriko idazle ezagunak informantetzat zituen Lauroetako gizon jatorrak: Agustino, Ali, Laudi, Damaso, Remigio ... denak hilak, Remigio izan ezik. Toki bakoitzean, lotsarren, erdi isilka edo hala-holako asmakizunez deitzen ditugun lotsariei eta ... guk nola deitzen diegun jakin gura izaten zuen, kontatzen zuen, irribarre konplizez, Agustinok .
Aitortu behar dut Sondikan jende gutxi ezagutzen dudala. Baina, aspalditik, ezagutzen dut herri osoa ohoratzeko bera bakar-bakarrik nahiko dena. Belen Ganari buruz, zer esan Aikorren iraurleek ez dakizuenik? Txorierriko A.E.K. ren zutabea eta Koordinakunde horren erreferentzia nagusietakoa, urteetan. Bakarra da Belen.
Aitorpenak egiten jarraitu behar. Derio ere nahiko ezezaguna niretzat. Nik ezagutu ez arren , badakit hor dabiltzala Tximintx taldekoak. Zorionez, nik ezagutzen ditudan baino inguru zabalagoetan dihardute euskaltzaleek.
Halaz ere, ezagutzen ditut, Derion, aipamen bat baino gehiago merezi duten euskal militanteak. Nork ez daki Juan Luis Goikoetxeak Derioko Institutuan egindako lana? Zelango trebezia Juan Luisena irakaspenak, euskararenak batez ere, gatzez eta piperrez emanez, erakargarri bihurtzeko! Uste dut igarriko dela Institutu horretan Juan Luisen hutsunea. Baina hor jarraitzen du Pili Ganak. Juan Luisengandik ezbardina, baina goitik beherainoko ekintzailea. Ganatarren kastakoak ezin huts egin! Eta bada derioztarren artean Erandiotik heldutako gizon eta euskaltzale jatorra: Jose Angel Mentxaka. Benetako euskalduna: hitzetan labur, ekintzetan luze.
Eta heldu gara Zamudiora. Tamalez, Lagatzu taldekoak baino ez ditut ezagutzen; eta ez danak. Etxeko laratzuek etxeko barriek badakiz dino esaera zaharrak eta, beraz, niretzat ez bezala txorierritarrontzat oso ezagunak izango zaizkizue.
Lezama hurrengo. Zorrizketan taldea aipatu behar hemen. Talde honez gain, ezin utzi aipatu gabe Jabi Agirre eta Fernando Olabarrieta. Alor askotan saiatua lehenengoa eta Udako Euskal Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitatean egiten duen lanaz aparte, herrian buru-belarri lan egiteari ukorik egiten ez diona bigarrena.
Eta azkenik, Larrabetzu. Larrabetzuko euskaltzaleek eta hauek eratutako talde eta ekimenek ez dute laudoriorik behar; dagoenaren zerrendak dena adierazten du: Hori bai, Arrekikili, Kukubiltxo, Bihotz bakartiak eta AIKOR!REN 75. zenbakian irakurri dut Literatura Eskola ere badagoela. Biba zuek ! Hainbeste talde eta ekimen antolatzeko derrigor euskaltzale finak egon behar; bi behintzat ezin aipatu gabe utzi: Gotzon Barandiaran, Euskal Filologiako ikasketetan ikaskide izan nuena eta, dagoeneko, euskal idazle ezpala baduela erakutsi duena eta Etxahun Lekue, Bizkaiko zortzi bertsolari onenean artean dabilkuna.
Amaitzeko, ohar bi . Hasieran esan dudanez, ziur naiz, denak ez dira hemen; AIKOR!REKO irakurleok osatu zerrenda, arren. Badira, bestalde, nire garaiko euskaltzaleen kimuak; AIKOR! bera horren frogarik onena. Segida horrek pozez eta itxaropenez betetzen gaitu.
Eskerrik asko, TXORIERRIKO EUSKALTZALEOK; Eskerrik asko, AIKOR!