Ondotxo ezagutzen dugu Txorierriko euskaltzaleok Belen. Emakume hau duela 57 urte jaio zen Sondikan, baina txorierritartzat du bere burua: Loiun Derion bezain gustura sentitzen da, eta Zamudion, Lezaman, Larrabetzun... Oso gaztetxo zela hasi zen lanean euskara arloan, eta berak hainbesterako ez dela esan arren, Txepetxa AEK euskaltegiaren arima da.
Gure artean, nor da Belen?
Euskararen alde lan egin behar zela gazte-gazterik ikusi zuen pertsona. Francoren garaiak ziren eta eskolan dena ematen genuen erdaraz. Gainera, kalean euskaraz egiten bazenuen, “aldeana†esaten zizuten, eta ondorioz, erdarara jotzen genuen lagunok. Baina gurasoek kontzientziazio handia zuten euskararen inguruan eta etxean euskara hutsean egiten genuen. Ama hizkuntza galtzeko arriskuan geundela konturatu ginen: ez genekien euskaraz irakurtzen, ez idazten... Eta egoera horri aurre egin behar geniola erabaki genuen.
Zelan?
Larrondon nenbilen ikasten eta abade gazte berria etorri zitzaigun, oso herrikoia eta euskaltzalea zena. Euskararen inguruan hainbat ekintza antolatzera animatu gintuen, antzerkia, abestiak eta dantza taldea esaterako, orduan hasi nintzen ni eskola ematen nik baino euskara gutxiago zekitenei. Giro polita sortu zen auzoan. Batzuk Herri Gaztedi mugimenduan sartu ginen, eta bileretatik euskara klaseak antolatzeko ideia sortu zen. Garai korapilatsuak ziren eta bilerak erdi ezkutuan egiten genituen. Hala ere, Txorierriko I. Euskararen Eguna egitea lortu genuen seminarioan, eta euskal kutsua ematen ibiltzen ginen edozein ekitaldiri.
Euskarak bizirauteko prozesu horretan, alfabetatzea zen hurrengo pausua.
Alfabetatze kurtsoa Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean egin genuen, eta irakaslea Xabier Oleaga izan zen. Hamasei urte nituen garai hartan, eta oso ondo gogoratzen dut landu genuen lehenengo liburua: Itsasoak ez du esperantzarik. Euskara mantentzeko beharra herritarrei jakinarazi behar geniela pentsatu genuen, eta horretarako, gau-eskolak jarri genituen martxan.
Zelan antolatu zenituzten?
Kanpaina txiki bat egin, eta lagun zein inguruko euskaltzale askok bat egin zuen proiektuarekin. Horietako asko euskara elkarteetan daude gaur egun. Abadeen laguntza ere izan genuen. Gau eskolak herri guztietan hasi ginen ematen, eta herri bakoitzean talde bat baino gehiago sortu zen. Eskola elizetako lokaletan ematen genuen gehien bat.
Sindikatu mundura ere sartu zinen buru-belarri...
Dunlop lantegian egiten nuen lan, eta langileen arazoez arduratzen hasi nintzen. LAB sindikatua sortzeko prozesuan hartu nuen parte. Baina ez nuen inoiz euskara albo batera utzi. Akordio batera ailegatu ginen enpresarekin, eta euskara eskola lantegian bertan hasi ginen ematen. Talde bi nituen: bata, bazkaltzeko orduan; eta bestea, lan-ordutegitik kanpo. Lantegian amaitu eta Deriora joaten nintzen, gau-eskola ematera.
Trantsizio urteak ziren, zelan gogoratzen dituzu?
Zoratzeko moduko garaiak baziren ere, oso politak izan zirela uste dut. Ama haserre zebilen gurekin baserrian lana zegoelako, eta guk egun osoa etxetik kanpo ematen genuelako. Baina aitak beti defendatu egin gintuen, bera ere sindikatu munduan zegoelako sartuta. Oso barregarria zen: alfer hutsak ginela esaten zuen amak, eta gu leku batetik bestera ibiltzen ginen jo ta ke: euskara, alderdi politikoak, sindikatuak... Franco hil zen, borondate handia genuen eta lan asko zegoen egiteko.
AEK-k lekukoa hartu zien gau-eskolei 80ko hamarkadan.
Gau-eskolak borondatez ematen genituen, baina horiek arautzeko beharra ikusi genuen. Izan ere, irakasle genbiltzanok mila saltsetan geunden sartuta, eta horrezaz aparte, noski, bizitza pertsonala ere bagenuen. Txorierritar batzuk Euskaltzaindiarekin bildu eta euskara klaseak beste modu batean antolatzen hasi ginen: dirua hasi zen kobratzen eta ikasteko metodologia lantzen, besteak beste. Korrika 1980. urtean antolatu zen lehenengo aldiz, eta Txepetxa euskaltegia laugarren Korrikan bildutako diruarekin sortu genuen. Denborak aurrera egin ahala profesionalizatu egin ginen irakasleok.
Zelango bilakaera izan du 15 urteko euskara militante hark?
Egoerak aldatu egin dira, baina ni ez: orain dela 40 urteko helburu bera dut. Lan munduak jarraitzen nau kezkatzen, eta horren alde ahal dudan guztia egiten jarraituko dut. Hala ere, dedikazio osoa euskarari eskaintzen diot gaur egun, izan ere, euskara lan eta afizio dut. Beti nago prest euskararen inguruko edozein iniziatiba bultzatzeko, eta laguntzeko. Euskararen langiletzat dut neure burua.
Pozik zaude?
Bai. Giro polita dago Txorierrin euskararen inguruan, eta horretan euskaltegiek ez ezik euskara elkarteek, eskolek eta hainbat taldek dute zerikusia. Bakoitzak ahal duen neurrian egiten du lan; hala ere, ezin gara erlaxatu. Ezin dugu pentsatu dena eginda dagoenik euskara arloan; ez, behar handia dago oraindik egiteko. Eta euskararen etorkizuna guztion inplikazioaren beharrean dago. Erdaldunek ez dute pentsatzen gaztelania gal daitekeenik; baina euskarak badu, ordea, arrisku hori. Horregatik duela 40 urte nituen helburuak eta gaur egun ditudanak berdinak dira. Bizitza osoa eman dut euskararen alde eta erretiroa hartzen dudanean ere, horretan jarraituko dut. Orduan ere, zoritxarrez, beharrezkoa izango dela pentsatzen dudalako.
Urrun ikusten duzu euskararen erabateko normalizazioa?
Bai, euskarari ez zaiolako prestigiorik ematen. Zelan prestigioa eman? Kalera ateraz, hauspoa emanez, zelako altxorra dugun jabetuz eta gozatuz, erakundeetan eta lantegietan erabiliz, lagunen artean...; hau da, euskaraz normal-normal biziz. Eta gainera, euskaldunok harrotasun puntua izatea ere ez legoke batere txarto. Baina gaur egun ez dago giro egokirik hori lortzeko, eta lotsa ere oztopoa da gehienetan. Euskara guztiok eskuartean dugun altxor preziatua dela sarrarazi behar diogu jendeari buruan, eta euskara galtzen bada, guztiok galtzen dugula.
“Aliatuak behar ditugu emakumeokâ€
Irakaslea eta euskaltegiaren arduraduna izateaz gainera, ama ere bada, emaztea, alaba... Emakumearen Nazioarteko Eguna laster izango da, eta galdetu behar.
Ardura asko izan ditu antzinako emakumeak; eta ardura gehiegi ditu gaur egungoak...
Emakumeok gure gain gizonak baino ardura gehiago hartzeko gauza gara, eta ez dakit izaera kontua izango den. Errepresioa jaso dugu eta bizkortu behar izan dugu. Oso indar handia dugula erakutsi dugu, eta edozein oztopori aurre egiteko gauza garela. Dena dela, Emakumearen Eguna ospatzen dugunean, ezin dugu ahaztu gaur egun gauden lekuan izatea guk baino lehenago borrokatu duten emakumeei zor diegula, eta askok bizitza ere galdu dutela borroka horretan. Emakumeen izaera eta eskubideak zabaltzeko egiten den edozein ahalegin oso inportantea da, baita txikiena ere.
Lana eta familia uztartu behar; lan zailena da hori, ziur asko.
Ohetik altxatu eta burua leku askotan izan behar da: seme-alabak, lana, bazkaria, etxea... eta aliatuak topatzea ezinbesteko dugu. Etxean eta kalean talde-lana oso garrantzitsua da; ez badago, akabo.
Lengoaia matxista da askotan eta euskara salbuespena ez dela diote (gizartearen ordez, adibidez, jendartea erabiltzeko proposamena egin da). Ados?
Hitz batzuk egon egongo dira, baina ez dut uste euskara matxista denik orokorrean. Adibide horrekin jarraitzearren, gizaki hitza koiuntura baten ondorioa dela esango nuke, baina ez koiuntura matxista batena. Guk gizon hitza erabiltzen dugu, emakume, gurasoak, aita-ama... eta hori ez da matxista, bakoitzari berea ematea baizik. Gainera, ez dugu ahaztu behar matriarkatu batetik gatozela, eta eredu berdintsu batetik.
Ongi etorri, euskaraz bizi nahi dugunon herrira
Korrikaren 16. edizioa apirilaren 4an pasatuko da Txorierritik. Aurkezpen ofiziala martxoaren 6an egingo dugu Derion.
Euskararen aldeko hainbat kultura ekitaldik osatzen duten kultura ekitaldi erraldoia da Korrika, eta engranaje hori guztia martxan jartzea ez da egun batean egin daiteken lana. AEK-ko arduradunak buru belarri dabiltza hona eta hara deika, taldeak antolatzen, ekintzak prestatzen... Herrietako elkarteen, lagunen, boluntarioen eta euskaltzaleen laguntza ezinbesteko dute lan horretan. “Eurek barik, ezin izango genuke Korrika aurrera ateraâ€. Kultura bizitza handiko eskualdea da Txorierri, baina hori askoz biziagoa izango da datozen hilabete bietan. Antzerkiak antolatuko dira, bertso-afariak, hitzaldiak, korrika txikiak... “Horiei ere omenaldia egitea pentsatu beharko genuke inoizâ€.
Aurtengo Korrikak Tuteratik Gasteizera arte zabalduko du euskararen mezua eta aurtengo ediziorako lelo hau aukeratu da:
Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira. Belenen esanetan, bete-betean asmatu dute. “Ongi etorria euskara mundura etorri diren kanpotarrei ez ezik, euskara galdu eta berreskuratu duten hainbat euskalduni ere ematen diegu euskaldunok. Oso mezu polita da, eta garrantzitsua. Pozik eta abegikor bizi behar dugu euskararekinâ€.
Eta hala adierazten dute urte birik behin euskararen aldeko lasterketan parte hartzen duten ehunaka txorierritarrek. Oso ekintza arrakastatsua izaten da gurean, eta herritar gehienen babesa du. “Ezin da hitzez azaldu zer den euskararen lekukoa eskuz esku pasatzea. Oso esanahi sinbolikoa du, eta bizi egin behar da hura ulertzekoâ€. Hainbat urtetan Korrika antolatzen ibili, eta lekukoa duela urte bi eraman zuen Belenek lehenengo aldiz. Herriak merezitako omenaldia egin zion. “Ekitaldi xumea izan zen, baina hain handia! Txorierritarrek urteetan egindako beharra eskertu zidaten eta egia esan, nik ez dakit nola eskertu eurei omenaldi hori. Sekula ezin izango dut behar beste eskertuâ€.
Belenek ongi etorria ematen die euskara mundura, “gure etxeraâ€, etortzen diren guztiei, eta euskaraz bizi eta disfrutatzera gonbidatzen ditu. “Euskararen testigua ezin delako