Ixone Zubieta, Tximintx Derioko euskara elkarteko koordinatzailea:

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2009ko urr. 28a, 00:05



Azken Aikor aldizkarian, gure koordinatzaileari egin diote elkarrizketa. Hona hemen zer dioen Ixonek.

Ofizialki 2003. urteko otsailean eratu bazan be, Tximintx Derioko euskera alkarteak 2002ko irailean emon ebazan lehenengo pausoak. Urte horretan alkarteak lehenengo aldiz hartu eban parte Ipar-Alde abesbatzak garai hatan antolatzen eban Olentzero ekimenean. Gaur egun, TOTOAN Txorierriko Euskera Alkarteen Federazioaren partaidea da.

Zelan urten zan alkartea sortzeko ideia?
Talde eta ekintza asko hasten diran legez: lagunartean. San Isidro jaietako azokan, txakolin batzuk edan ostean, alkarrizketa euki geunduan eta honetaz konturatu ginan: herriko euskaldun eta euskaltzaleok, hainbat faktoreren eraginez, ez ginan gure artean berba egiteko kapaz. Eta aitatu zan adibiderik garbiena hau izan zan: alderdi politiko batekoek ez eben berba egiten beste alderdikoakaz. Ezberdintasunak albo batera itxi eta berdintasunean oinarritutako zerbait egitea pentsatu genduan. Uda ostean bildu ginan, eta, ahoz aho, derioztar euskaldun talde bat osatzea lortu genduan.

Zergaitik Tximintx? Zer esan gura dau berba horrek?
Tximintx berbak “zimitz” (chinche, gaztelaniaz) esan gura dau. Gotzon Garateren esaera zaharren bilduman “Derio tximintx herria” esaldia irakurri genduan, eta Larrabetzukoei “akerrak”, Lezamakoei “zorriak” eta Zamudiokoei “perretxiko ustelak” esaten jaken legez, derioztarroi “tximintxak” esaten jakula konturatu ginan.

Zenbat kide zarie alkartean?
Zazpi urtetik 87 urtera bitarteko 105 bazkide inguru, baina beharrean gabilzan gehienok gazteak gara. Bileretan 10 lagun batzen gara hamabostero. Gurea talde irekia da, eta laguntzeko prest dagoan edonor jarri daiteke harremanetan gugaz, tximintx@gmail.com helbide elektronikoan edo 635753595 telefono zenbakira deituta.



Zuen helburua euskeraren erabilerea eta zabalkundea bultzatzea da. Zelango ekitaldiak egiten dozuez horren haritik?
Ez gara kultura ekitaldietara bakarrik mugatzen, euskerea askoz gehiago dalako. Ahalegina egiten dogu tradizinoak mantentzen (Olentzero, txarriboda-bertso bazkaria eta kanpora martxo); jaietan euskeraren presentzia bermatzen (kontzertuak eta txosna); eta euskaldun barriei lagundu eta euskal guneak sortzen (Berbalagun proiektua). Era berean, umeakaz egiten dogu behar Derioko euskeraren geroa diralako. Halan, urtean zehar eurei zuzendutako aisialdiko ekitaldiak antolatzen doguz eta aurten Kukuke antzerki eskolea jarri dogu martxan guraso alkarteagaz batera. Derioko euskeraren azterketea be egin dogu, eta hori Derioztarren euskerea liburuan jaso dogu. Euskerea herriko edozein txokotara zabaltzen dogu eta “Derioztarrak bost kontinenteetan” berbaldi-saioa, esaterako, adibideetariko bat da.

Sasoi onean dago euskerea Derion?
Inkesten arabera, Derio euskaldun kopuru handiena dauan Txorierriko herria da. Nahiz eta praktikan ez igarri, berton erdaldun asko be badoguz-eta. Baina, nire ustetan, aitagarria da euskera gero eta gehiago entzuten dala kalean, guraso gazteen ahotan, batez be. Eta guk oso positibotzat jotzen dogu hori, hizkuntzaren transmisinoari begira gehienbat.

Zer proposatzen dozue, euskerari bultzadea emoteko?
Jenteak lotsa kendu eta euskerea txoko guztietan erabitzera ausartzea. Egin eta gero, erraza dala ikusiko dabe-eta. Ganera, euskerea uste dogun baino leku gehiagotan erabili daiteke: denda txiki zein handietan, tabernetan, udaletxean...

Zelango harremana dozue herriko alkarteakaz?
Oso ona. Ipar-Alde abesbatzagaz Olentzero prestatzen dgu; San Isidroko jai-batzordean hartzen dogu parte kultura taldeakaz; Korrikaren batzordean, AEKgaz...

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).