Tximintxek bere bloga izan aurretik, Topaguneak eskainitako aukera bat erabiliz, orri estatikoa eduki zuen. Hortik ateratako testu batzuk berreskuratu ditugu eta gure blogetan sartu. Kontuan izan testuak 2005eko apirilean idatzitakoak direla (neolitiko garaian ia-ia).
NORTZUK GARA?
Zer da Tximintx alkartea?
Tximintx euskara alkarte bat da. Bertara hainbat derioztar bildu gara, adin eta esparru ezberdinekoak. Hortaz, gure taldea zabala eta anitza da, eta bertako ateak zabalik ditu euskaraz eta euskararen alde lan egin gura dauan edonork.
Nondik dator Tximintx izena?
Tximintx izena inguruetako herrietakoek derioztarrei deitzeko asapldi erabilten eben izena da. Izen hau Resurreccion Maria de Azkue euskaltzale handiak jaso eban XX. mendearen hasieran atsotitz batean. Hitz honen ordaina erdaraz "chinche / punaise" izango litzateke.
TXIMINTX ELKARTEAREN ASMOAK
Derioko euskaldunok alkar ezagutu, batu, alkarregaz harremanetan jarri, gure arteko hartu-emonak euskaraz izan daitezen. Derioko euskaldun gehienak bazkide izatea lortu behar dogu. DERION EUSKARADUNAK EZ GARA GITXI (%27,9 euskaldunak eta %27,8 euskaldun hartzaileak), GEHIAGO IKUSI BEHAR GAITUE.
Derion eta inguruan euskaraz egiten diran ekintzak (udalak bultzatuta, talde ezberdienk antolatuta, ...) bazkideen artean ezagutarazi eta bultzatu. Kartelen, gutunen, e-mailen, ... bidez. Euskaraz egiten danak indar gehiago hartuko dau taldeari esker. EGITEN DANA EZAGUTARAZI BEHAR DOGU.
Derioko eragile ezberdinetan eragin behar dogu (kultur taldeak, jai batzordeak, merkataritza guneak, ...) euren jarduna euskaldunagoa izan dadin. HERRITARREN KONPROMISOA BILATU BEHAR DOGU GURE INGURUAN ERAGINA IZAN DAIGUN.
Derion euskara eta euskal kulturaren aldeko ekimenak antolatu beharko doguz:
- Herriko jaietan eta egun berezietan taldearen eta euskararen presentzia areagotu: herriko jaiak, Olentzaro, Santa Ageda, Inauteriak, Sasimartxo, Sanjuan, ...
- Euskaraz aritzeko jarduerak antolatu: bidaiak, natur ibilbideak, afariak, ...
- Guneak sortu euskara eta euskal kultura bultzatzeko: abesti tailerrak, Derioko bertako euskara lantzeko ikastaroa, euskal txokoa promozionatu, euskarazko saioak irratian, bertso eskola, ...
- Euskal kultura herrira ekarri: kantaldiak, hitzaldiak, antzerki emanaldiak, bertso saioak, ...
- Ikerketak bideratu: Derioko bertoko euskara jasotzeko, toponimia jasotzeko, ikerketa soziolinguistikoak, ...
- Teknologia berriak erabili.
- Beste euskara elkarteekin batera proiektuak aurrera eroan: Txorierriko euskara eguna, EBPN, Aikor! aldizkaria, ...
- Sentiberatze kanpainak egin euskara erabiltzeko eta geure hizkuntzaganako errespetu jarrerak lortzeko.
- Bazkideek proposatutako beste edozer ...
TXIMINTX ELKARTEAREN HISTORIA
NOIZ SORTU ZEN?
Tximintx elkartea 2003ko urtarrilean jaio zen ofizialki. Izan ere, hile horretan legeztatu zuen bere jarduna. Baina jaio arinago jaio zen. 2002ko irailetik hasita Derioko hainbat euskaltzale hasi ginen biltzen Derioko jaietan Euskal Jai bat antolatzeko asmoz. Dena den, azkar asko hortik haratago joan ginen eta euskaldunon elkartea sortzea erabaki.
Gure lehen ekintza 2002ko Olentzaroa izan zen. Oraindik izenik gabe, hartu genuen parte eta arrakastarekin gainera. Hortik aurrera elkartea legeztatu genuen, estatutuak idatzi, zuzendaritza batzordea hautatu, ... Baina herrian ez gintuzten ezagutzen, ez zekiten zer zen Tximintx. Hori dela eta, komunikazio plan bat jarri genuen martxan. Hiru kartel atera genituen horretarako: ADI, HEMENTXE GAGOZ eta DERION BE EUSKARAZ GABILTZ..
Ilusioa, gogoa eta ideiak soberan, baina behar handiak. Hortik aurrera Tximintx jaio zen eta urte askotarako.
ORAIN ARTEKO IBILBIDEA:
Bi urte hauetan gure lan-ildo nagusiak bi izan dira: alde batetik, Deriora euskarazko kalitatezko kultur ekitaldiak ekartzea eta, beste alde batetik, euskararen erabileran eragiteko azterketak egitea. Izan ere, gure hasierako plangintzan bi urteko epea eman genion gure buruari erabilera areagotzeko egitasmoak martxan jartzeko. Epea heldu da eta orain horixe da gure erronka, horrelako egitasmoei heltzea.
Beraz, orain gure jardueraren bi urte hauetan egindako guztien aletzea ekarriko dugu hona, bi esparrutan bereizirik: kultur jarduerak eta erabilerari begirako egitasmoak.
KULTUR JARDUERAK
1. Olentzaroa: Derioko Ipar-Alde abesbatzarekin batera, Tximintx euskara elkarteak 2003ko eta 2004ko Derioko Olentzaroa antolatu du. Azken bi urteotan Olentzaroaren jaialdia hobera aldatu da. Izan ere, parte hartzea handiagoa izan da, hizkuntza irizpideak ezarri ditugu, karakterizazioa txukunagoa izan da, …
2. Sasimartxo: aratuste aurreko asteburuan, antzina Derion Sasimartxo izeneko jaia ospatzen zen. Egun horretan gazteak mendira joaten ziren euren etxetik ekarritako janariekin (txorizoa, intxaurrak, txakolia, …) eta parrandatxo bat egiten zuten. Ohitura urte asko galduta egon da, baina 2004an eta 2005ean gure elkarteak antolatuta ohitura berreskuratu dugu.
3. San Isidro jaiak: 2003an, 2004an eta 2005ean gure elkarteak parte hartu du Derioko jaietan. Txosna jarri dugu eta konpartsa moduan hainbat ekitalditan hartu dugu parte. 2004an eta 2005ean , gainera, euskarazko kontzertuak antolatu ditugu. Bertan jo dute Insabern, Berri Txarrak, Arazoak 11, Kauta eta Inoren ero ni taldeek.
4. San Martin: egun honen bueltan bazkaria antolatu dugu azken bi urteotan, 75 pertsonekin urte bietan. Bazkari hau bertso-bazkaria izan da bi urteotan. Bereziki aipagarria da hau. Izan ere, Derion urtean bertsolaritzak duen plaza bakarra hauxe baita.
5. Berria egunkariaren aldeko kanpaina: 2003ko martxotik ekaina bitartean Egunkaria eta Berriaren aldeko kanpaina egin genuen Derion. Kanpainaren barruan ekitaldirik potoloena maiatzean egin genuen egun osoko jaialdia izan zen. Eguerdian bazkaria egin genuen 50 pertsonak, gero arratsaldean proiektu berriko ordezkari bat hitzaldia eman zuen eta, ostean, Txorierriko dantza talde guztiek alardea egin zuten. Bukatzeko gauean kontzertu arrakastatsua antolatu genuen Seiurte, Urgabe eta Gatibu taldeekin. Horretaz gain, harpidetzak, materiala eta akzioak saldu genituen hilabete horietan.
6. Mikel Zarateren omenaldia: Zorrizketan euskara elkarteak beste hainbat elkarte eta erakunderekin batera Mikel Zarateren omenez antolatutako ekitaldien artean, Tximintx-ek Derion antolatu zuen ekitaldi bat. Bertan Kukubiltxo antzerki taldeak Ekidazu emanaldia eskaini zigun Oskorriren laguntzarekin. Ekitaldi hori Derioko frontoian egin genuen eta 450 pertsonek erosi zuten sarrera.
7. Euskararen aldeko jaietara joateko autobusak: Tximintx-ek Derioko udalarekin batera Kilometroak, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz, Ibilaldia eta Herri Urrats jaietara joateko autobusak antolatu ditu urte hauetan. Horrez gain, 2004an Zuberoako Maskaradak ikusteko autobusa ere antolatu genuen.
8. Tximintx eguenak: hilabete bakoitzeko (uztaila, abuztua eta iraila kenduta) lehen eguenean kalitatezko kultur emanaldi bat ekartzen dugu Deriora, bertako Kultur Aretora. Bi urte hauetan gure herritik honako hauek pasa dira, besteak beste: Juan Mari Beltran, Ramon Agirre, Jon Arretxe, Koldo Ameztoi, Joseba Iriondo, Agurtzane Ormatza, Karidadeko Benta, …
ERABILERA BULTZATZEKO EGITASMOAK:
Esan bezala, alor honetan egindakoa orain arte, diagnostikoak osatzea eta etorkizunerako lehentasunezko interbentzio esparruak identifikatzea izan da. Hiru ikerketa egin ditugu (bat oraindik bukatu gabe dago, baina oso aurreratua dago):
1. Derio euskararen datuak: 2004an egindako ikerketa honetan Deriori buruz han-hemenka sakabanatuta zeuden hainbat datu soziolinguistiko dokumentu bakar batean bildu genituen. Txosten horretan honako datu hauek agertzen dira: hizkuntza gaitasuna, hiztun tipologia, ama hizkuntza eta etxean erabiltzen den hizkuntza, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, udal administrazioa, enpresa mundua, merkataritza, komunikabideak eta erabilera. Datuak gordin emateaz gainera, bestelako ekarpenak ere txertatu genituen txostenean: urteen bilakaera, lurralde entitate ezberdinekin egindako erkaketak eta, zelan ez, datuen gaineko interpretazioa edo irakurketa. Txosten honen bigarren zatia ere prest dago, 2005ekoa hain zuzen ere. Izan ere, gure asmoa da urtetik urtera txostena berriztatzea, urte horretan emandako datu berriekin.
2. Haur eta gazte arloko eragileak eta euskara: hasiera batean, gure asmoa “Derio euskararen datuak†izeneko ikerketan txertatzea zen. Hala ere, ikusi genuen ez zela bateragarria aurreko ikerketan egindako lan-moldearekin. Izan ere, haur eta gazte esparrua beste alorrek baino ikerketa sakonagoa merezi zuen. Hori dela eta, Derion haur eta gazteen inguruan dauden eragile guztiak identifikatu genituen. Horren ondoren, euren ekitaldietan eta ikastaroetan erabiltzen duten hizkuntzari buruzko datu-bilketa orokorra egin genuen.
3. Derioko bertako euskarari buruzko ikerketa: ikerketa hau oraindik ez da bukatu, baina 2005eko ekainerako bukatuta egongo da. Ikerketa hau sei ikertzaile eramaten ari dira aurrera, Iñaki Gaminderen gidaritzapean. Ikerketa honetan adineko hainbat derioztar ari dira elkarrizketatzen. Helburua da Derion egiten den euskarari buruzko azterketa etnolinguistikoa egitea baita. Azpimarratzekoa da ikerketa honetan Derioko hiru gazte filologok hartzen dutela parte.
Ikerketa bakoitzak bere eragin esparruan lehentasunak finkatzeko erabili dugu. “Derio euskararen datuak†izeneko ikerketaren ondorioz, euskaldun berrien esparrua lehenetsi dugu. Izan ere, Derion ia-euskaldunak euskaldunen kopuru beretsuan daude (%27,9 euskaldunak eta %27,8 ia-euskaldunak). Hortaz, ia-euskaldun hauek euskaldun oso bihurtzea da guk lehenetsitako bidea. Horretarako, datorren ikasturtean (2005-2006) Derion Berbabarri egitasmoa jarri nahi dugu martxan.
“Haur eta gazte arloko eragileak eta euskara†izeneko ikerketak haur eta gazte hauen aisialdia euskalduntzea lehenestera eraman gaitu. Haur eta gazte hauek guztiak D ereduan ikasi arren, eskolatik kanpo euskara erabiltzeko aukera gutxi dute. Hori dela eta, gaur egun Derioko udalarekin eta Txorierriko Mankomunitatearekin elkarlanean haur eta gazte hauen aisialdia euskalduntzeko plangintza bat garatzen ari gara.
Azkenik, Derioko berezko berbakera biltzeko proiektua gure herriko euskalkia prestigiatzeko eta zabaltzeko lehen pausotzat daukagu. Aurrerantzean, ikerketa argitaratzeaz gainera, gure asmoa da ikerketa bera didaktizatzea, eskola eta euskaltegiei begira, etxetik euskara ez dakartenei irakasteko bideak zabaltze aldera.
Ikerketaz gain eta erabilerarekin loturik, aipatu behar da Tximintx euskara alkarteak Txorierriko beste euskara elkarteekin batera (Zamudioko Lagatzu, Lezamako Zorrizketan eta Larrabetzuko Arrekikili) Aikor! aldizkaria argitaratzen duela, Totoan federazioaren baitan. Aldizkari hau hilabetekaria da eta gure eskualdeko berriak ekartzen dizkigu hilez hile euskara hutsez.
GAUR EGUNGO EGOERA:
Tximintx jaio zenetik asko hazi da. Lokala lortu dugu, web-orria, telefonoa, ordenadorea, ... Aurrekontua ere asko hazi da hasieratik. Bazkide kopurua ere gora joan da hasieratik tipi-tapa. Gaur Tximintx-ek 100 bazkide inguru ditu (Derioko euskaldunen %7a).
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).