“Ez nago etorkizunari begira; oraina ondo dago”

a: Peru Galbete, Txakur Gorria eta Bizkaiko Bertsozale Elkartea 2019ko ots. 6a, 09:00

Malen Amenabar Larrañaga, ilustratzailea

Larrabetzukoa sormen han­diko gaztea da, eta hori oholtza gainean ezeze bere lanetan be ikusgarria da, bertsotan ibilteaz gainera, ilustratzailea da eta. Hogeita bost urte baino ez dauzala, etorkizun polita dau es­parru bietan.  

Onintza Enbeita Bizkaiko Bertsolari Txapelketea irabazi dauan lehenengo emakumea izan da.

Nire ustez, itzela izan da: alde batetik, txapelketea lehen aldiz emakume batek irabazi daualako; eta bestetik, Onintza bera izan dalako: hau da, ekinean urteak emon dauzan emakume bat. Oso polita izan zan Onintza txapela jantzita ikustea.

Buruz burukoan Etxahun Lekuegaz batera ibili zan. Bihotza erdibanatuta?

Bai. Finalean nire hurbileko pilo bat lagun izan ziran baina, egia esan, nik Etxahunek irabaztea gura neban, hori hurbilago dodalako. Etxahun eta Onintza belaunaldi berekoak dira eta urteak emon dabez lanean; beraz, batak zein besteak irabaztea polita izango zan. Baina, bueno, txapela sinbolo bat da, eta hori emakume batek irabazi izana ondo egon da. 

Dinoe zeuk be oso txapelketa ona egin dozula.

Nire azken saioa azaroaren 25ean izan zan eta, hile batzuk pasatu dirala, esango neuke txapelketaz lehen aldiz kontziente izan nazala. Nire laugarren txapelketea izan da, baina aurrekoak inertziaz egin dodaz; azken honetan aurre-lanketa bat egon da, neure burua ikusi dot oholtza gainean, zer esan gura dodan eta zer esango dodan pentsatu dot, nogaz nagoan, non… Ez dakit adinari lotutako kontua izango dan… Sinatuko neuke horrelako txapelketa bat beti egiteko.   

Zergaitik?

Oso ondo pasatu dodalako; eta hori ez jat aurrekoetan gertatu. Gainera, lehenengo biderrez sentidu dodaz publikoaren txaloak, «Ai ama, nigaitik dira…» (kar, kar).

Gainera, zure helburua be bete duzu: finalaurrekoetara ailegatzea.

Bai, eta, gainera, puntuazioz Bizkaiko hamargarren izan naz… Nik, emakumezko moduan, asko exijitzen deutsat neure buruari, baina aurten kultura beste esparru batzuetan be egoteak –Txakur Gorria eta diseinatzaile-lana– lasaitasuna ekarri deust, eta ez dot pentsau oholtza gainean bai ala bai egin behar nebala ondo; publikoa kultura beste esparru horeetan be eduki dodalako. 

Emakumezko moduan, zeure buruari asko exijitzen deutsazula esan dozu.  

Nire ustez, ez da kasualidadea txapelketan askoz emakume gutxiago hasi, eta gero final parekidea izatea. Azken baten, emakumeok gizonek baino gehiago pentsatzen dogu esparru publikoan aritzeko. Nik, adibidez, eta diseinatzaile moduan, mila buelta emoten deutsedaz nire lanei, nahiz eta orain lanok dagozan moduan aurkezten ikasten nabilen, eta kito. Emakumea izatea jokabide horretan dagoan faktorea da, izan ere, irakatsi deuskue guk ezin doguzala gauzak egiteagaitik egin. Hau da, emakumea izateaz gainera, ona izan behar dozu egiten dozun horretan. Hori da gizarteak gugandik espero dauana, eta bertsolaritzan be gertatzen da. 

Zelako bertsolaria zara?

Oso zail egiten jat neure buruari bertsolaria esatea, baina gero pentsatzen dot: «Beste bat bertsolaria bada, ba, neu be bai, ezta? ». Niri asko gustatzen jat umorea eta ironia erabiltea. Nire ustez, bertsolari ona da dakiana umorea erabilten eta gauza sakonak kantatzen. Eta nik, azken txapelketa honetan, gauza biak egiteko aukerea eduki dot, eta egin dot. Gainera, Malen bertsolari bat deskubridu dot, lehen ez nintzana, edo banintzana, baina publiko aurrean azaltzen ez zana. Lasaitasuna transmititu dodala esan deuste eta, egia esan, lasai ibili naz: plazan egoteko modu ona dodala ikusi dot. Lehen, beharbada, urduritasuna transmititzen neban eta orain ikasi dot hori barrutik eroaten. 

Zein da deskubritu dozun Malen bertsolari hori?

Jendearengana ailegatzen dana. Horrela jarraitzea gustatuko litzakit.  

Zelan ailegatu zinan bertsolaritzara?

Ama oso bertsozalea da eta, txikia nintzala, bertsotan hasteko esaten eustan; baina nik ezetz, ez jatala gustatzen. Gero, Arantza Plaza etortzen zan eskolara, bertsolaritzea irakastera, eta hasi jatan gustatzen. Gainera, Larrabetzu oso bertsozalea da eta Etxahun be badogu, guretzat erreferentea dana. Baina, halan eta guztiz be, ni ez nintzan bereziki bertsozalea. Seigarren mailatik DBHko lehenengo mailarako udan bertso udalekuetara joan nintzan eta, orduan bai, orduan esan neban «Nik hau gura dot». Baina ez bakarrik bertsoengaitik, ezpadaze sormena lantzeko gunea zalako. Ostean, bertso-eskola ipini zan martxan Larrabetzun eta Etxahunegaz hasi ginan. Eta esan behar dot bertsolaritzan jarraitzen badot, hori neurri handi baten berari esker dala.   

Zergaitik?

Oso irakasle ona izan dalako. Eta ez da koipea emoteagaitik, e!

Eta serio noz hasi zinan?

Hamalau urte nebazan txapelketa baten kantatu neban lehen aldia, baina, nire kasuan, bertso-eskolea ez zan serio hartzeko gauza bat; uste dot serio aurten hartu dodala. Bueno, serio esaten dodanean, kontziente adierazo gura dot. 

Zerk erakartzen zaitu bertsolaritzatik?

Sormen-diziplina moduan zoragarria da, bat-batekotasuna erabilten dalako, eta hizkuntzatik –herri honetan ondare handi bat dana– sortzen dan gauzea dalako. Baina niri gehien gustatzen jatazanak giroa eta lagunak dira: nire lagunik onenetarikoak bertsolariak dira edo bertsolaritza munduan dabilz. Giroak berak eta gure artean sortzen dan giroak erakarten nabe asko: ez dakit nora joan lagunak animatzera… Euskal Herriko txapeltea, esaterako, itzel gustaten jat. Nerea Ibarzabal, nire adiskidea dena, aurreko txapelketan ibili zan, eta izugarria izan zan bere txapelketea bizi izatea, bera animatzera joatea… 

Bertsotan ibiltea oso gatxa dala emoten dau.

Oso. Gogoratzen dot Igorren Onintza, Oihana Bartra, Nerea eta laurok kartzelan urteteko geundela, eta bat-batean Onintzak bota ebala, «Ai, ene, hau ez dago ordainduta!». Eta egia da: oholtzara urten dozu eta ez dakizu zer kantatuko dozun. Amildegi bat da: salto egiten dozu eta batzuetan bat-batean zerbait bururatzen jatzu; eta beste batzuetan, egundoko kolpea hartzen dozu. 

Dana dala, ikasten da bat-batean egiten. Zelan entrenatzen zara?

Azken txapelketeari jagokonez, asko lagundu deust txapelketaz kontziente izateak. Gai asko entzun dodaz, baita txapelketen CDak be. Txapelketan hiru pisukide ibili gara: Nerea, Xabier Iturraspe eta hirurok. Nerea baegoan finalaurrekoetan, aurreko txapelketan be finalean ibili zalako, baina Xabierrek urte asko eroiazan bertsotan ibili barik, eta horren atxakiaz eta udabarriko faseari begira, astero bertso-eskola antolatzen genduan etxean. Gero, udako oporraldiaren ondoren, konturatu nintzan horrek asko lagundu eustala. Oso gai potoloak dagoz, eta gauzea da pentsatzea horreen gainean zer esango zeunken.  

Bizkaiko Txapelketea urte bi barru izango da barriro. Badakit barriro aurkezteko asmoa dozula, baina txapela inoz lortzeko esperantzarik?

Ez, ez! Nik ez neban espero ezta hamargarren geratzea be; beraz, txapela, ez.  

Halanda be bertsolaritzan jarraituko dozu. Zeintzuk dira zure helburuak?

Egia da igaz bertsolaritzak pisu asko hartu dauala nire bizitzan, txapela inoz baino gehiago prestatu dodalako. Baina, osterantzean, bertsotan egiteak ez dau pisu handirik nire bizitzan: bizpahiru saio dodaz hilean eta horreekaz nahiko. Hori bai, orain dator Martxoak 8a eta emakumeok saio asko edukiko doguz. Bestetik, azken txapelketea asko gustatu jat, antzeman dodalako jendea nigaz gogoratu dala saioetarako. 

Euskerearen egunaren haritik, Ez da kasualitatea bertso-saio musikatuan izan zinan Sondikan.

Hori txapelketeak emon deustan gauzarik onena izan da. Lehen aldia izan da saio horretan parte hartu dodana, eta uste dot txapelketean egindakoa lagungarria izan dala hor egoteko. 

Erosoago zagoz areto txikietan, lagunen artean?

Bai, nahiago dot. Nik nire lagunakaz kantatu gura dot. 

Zure lan-ibilbideaz arituko gara. Ilustrazinoa, kartelgintzea eta animazinoa lantzen dozuz.

Nire kabuz lan egiteaz gainera, Euskal Herriko Bertsozale Elkartean nabil diseinatzaile, eta Txakur Gorria sormen-taldeko kidea be banaiz. 

Zergaitik ikasi zenduzan Arte Ederrak?

Beti gustatu jat marraztea eta margotzea, eta txikitan klaseko onena nintzan marrazketan. Baina nik ez neban batere argi Arte Ederrak ikasi edo ez, etorkizun gitxiko ikasketak zirala pentsatzen nebalako, lanik ez zala egongo. Nik, berez, Arkitekturea ikasi gura neban. Donostiako Fakultatera sartzeko proba bat egin behar zan, eta nik hori suspenditu egin neban. Bartzelonara joatea be pentsatu neban… Gurasoek asko lagundu eusten erabagia hartzen, eta eskerrak! Ez dakit nork suspenditu eustan, baina asko zor deutsat. Ze hain ondo pasatu dot eskolan…

Eta zergaitik aukeratu arlo horreek?

Karreran nengoala hasi nintzan Hori Bai gaztetxerako kartelak egiten, eta gero, karreraren azken urtean, ilustrazino munduan sartu ginan Mariñe Arbeo eta biok. Gogoratu neban txikitan zenbat gustatzen jatazan Elena Odriozolaren lanak… Gero, Olentzerok Kafkaren Metamorfosia ekarri eustan, ilustratuta, eta itzela izan zan. «Imajinatu neu hau egiten!». Bai, ilustratzailea nazela esango neuke. 

Pozik zagoz zure lanagaz. Baina zelan dago ilustrazino-mundua?

Nire ustez, sormen-mundua gatxa da, eta batez be gazteontzat. Izan be, ez baduzu txapelketaren bat irabazten, ez dozu argitaratzeko aukerarik. Horregaitik han zuzen sortu genduan Txakur Gorria: gura genduana argitaratzeko.

Sormen handikoa zara?

Asko lan egin behar da, ze gauza bat da sortzea, eta bestea gustura geratzea. Adibidez, zenbat balio dau kartel batek? Kartel sinple bat izan daiteke, beharbada, baina sinpletasun horretara ailegatzeko, ordu asko sartu behar dira. Horri lotuta, deskantsatzen be jakin behar da.

Zuk badakizu?

Ikasten nabil. 

Burura etorri jat, besteak beste, Gotzon Barandiaranen azken liburuaren (Hitzen ahairea) portadea egin dozula.

Eta Peru Arbarka sariari lotuta, Ezpainetakoa liburua be ilustratu egin dot. Sari horrek zati bi daukaz: lehenenik idazleek aurkezten dabe euren lana eta irabazlea aukeratzen da; eta gero ilustratzaileok lan irabazle horretan oinarrituta egiten dogu gure lana. Azken edizioa Ane Labakak (idazlea) eta biok irabazi dogu. Biok Txakur Gorriko kideak bagara, bai, baina ez da tongorik egon, e! Hasieratik amaierara arte neuk bakarrik ilustratu dodan lehenengo liburua izan da, eta oso polito lotu da.

Zelan imajinatzen dozu etorkizuna?

Egia esan, ez nago etorkizunari begira; oraina ondo dago, eta nik lanean jarraitu gura neuke. Orain nagoen moduan edo hobeto banago, ederto. Txakur Gorrian, berbarako, nahiko lan egin dogu, eta momentu honetan gure lana nahiko publikoa da; halanda be, badakit egoerak inoz beherantza egingo dauana. Beraz, lan egin behar da, eta proiektuak sortu edo topatu. Niri asko gustaten jat gauzak zelan egin pentsatzea, nora jo… Ez dakit, etorkizuna lanean imajinatzen dot; osterantzean, ez da egongo.

Zelango lanak dozuz eskuartean?

Hilero kartel bat egiten dot Domekak Hori Baien egitasmorako, eta Txakur Gorrian emanaldi bat prestatzen gabilz Joxean Artzeri egingo jakon omenaldiari begira. Bertsolari aldizkarirako be bagabilz lan batzuk egiten…

Lana badozu, beraz.

Bai, eta ezin gara kexatu. Baina ez dot gura inork pentsatzea lan honegaz aberasten naizela. Azken baten, gure kooperatiba da eta bakotxak bere soldatatxoa dauka. Sormenak ez dau emoten aberasteko. Batek esan eban inoren kontura bizi ginala, baina ez da egia. Sortzaileon bizitza ez da batere aberatsa diru aldetik; beste gauza batzuetan, ordea, bai.  

Kritika on asko dozuz, baina zelan hartzen dira txarrak diranak?

Egon egongo dira –eta ona da, gainera–, baina orain arte ez dot kritika txarren barririk izan. Dana dala, uste dot oso erraza dala sortzen diran gauzak kritikatzea, gauza bisualenak diralako. Azkotan entzuten dogu «Nire umeak be egingo leuke hori». Bada, ez da horrela. Emaitzea gustatu edo ez, horren atzean lan bat eta ikasketa bat dagoz. Beste lanbide batzuk ez dira zalantzan jartzen; gurea, bai. Eta nik aldarrikatu gura dot guk egiten doguna be lana dala. Kritikea kritikatzeagaitik ez jat gustetan. Halanda be, baten batek zerbait txarrik badau esateko, bada, esan dagiala: azken baten, neu naz kritikoena nire lanagaz. Momentuz, kritika onak jasotzen nabil, eta oso motibagarria da.

Zelango ilustratzailea zara?

Langilea, eta zorte handia eduki dot, inguruko jente askok proiektuak eskaini deustazalako. Oso ziur ez nago neure bertsoak gustetan ete jatazan; baina ziur nago neure ilustrazinoak gustetan jatazana. Detaileak asko gustetan jataz… Testu bat hartzen danean, nire eritxiz, hori literalki ilustratzea ez da ona, testuari indarra kentzen jakolako. Zure interpretazinoa egin behar dozu, irudiak erabilita, eta nik oso gogoko dot jolastea.

Eta zelangoa da zure sortze-prozesua?

Bizitzan, ez naz pertsona ordenatua eta garbia; ondorioz, ilustrazinoan be ez. Apur bat kaotikoa naz. Testureakaz jolastea gustetan jat: marraztu, dana zikindu, eskaneatu eta gero ordenagailuan lan egin. Oso prozesu esperimentala da, eta egin dodana gustatzen jatan momentuan uzten deutsat lan egiteari. Nire ustetan, Maite Gurrutxaga da Euskal Herrian dagozan ilustratzailerik onenetariko bat, eta beragaz egon naz tailer baten: hain ondo eta garbi egiten dau dana, paper bakar bat erabilita… Nik ezin dot; ez naz bere modukoa inoz izango…

Noski, zeuk zeure bideari eta estiloari ekin behar deutsozu.

Bai, eta oso pozik nago estilo bat markatzen nabilelako. Halanda be, beldur deutsat gelditzeari. Ze, hainbeste gustetan jat orain daroadan bizitzea! Hori dala eta pentsatu dot prestakuntza-saio gehiago egitea, baina orain lanpetuta nago eta eskola asko kanpoan dagoz… Ez dakit. Lagun batek esaten deust hori etorkizuneko Malenen kezka dala; beraz, ez arduratzeko. 

 

 

Txakur Gorria

Malenek Txakur Gorria sormen taldea osatzen dau Mariñe Arbeogaz, Ane Labakagaz eta Nerea Ibarzabalagaz. Hasieran autoedizinoa eben oinarri, baina hasi ziran kanpoko proiektuak sartzen eta egitasmoa be handitzen joan zan: azken udan kooperatiba bihurtu dabe. "Gure lan egiteko moduaren ondorioz, oso ikasketa-prozesu bizia da. Sormena banaka lantzea gogorra da, eta egia da taldeak babesa emoten deutsula. Baina babes horretan ikasi behar dozu delegatzen, zure lana aintzat hartzen eta besteena be bai, eta onartzen, beharbada, besteek zuk baino hobeto egin dabela… Oso prozesu polita da, eta baliagarri jat bizitzarako". 

Malenek eta Mariñek irudia lantzen dabe; eta Nereak eta Anek, testua. Besteak beste, Durangoko Azokaren azken edizinoaren kartela egin dabe; Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen azken CDaren diseinua, eta hareen bideokliparen animazinoa. Ilustrazinoak be lantzen dabez Hitzetik Hortzera saiorako, eta umeentzako ipuinak be asmatzen dabez. Erakusketak antolatzen dabez, eta tailerrak emoten dabez.

"Autoedizinoa mantentzen saiatzen gara. Adibidez, liburu batzuk atera genduazan Durangoko Azokarako, eta oso harrera ona eduki dabe. Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko koadernoan, adibidea ipintzearren, oso ondo islatu da gure filosofia, izan be, hor dagozanak banakako lanak dirala pentsatu leitekeen arren, kolektibitatetik sortutakoak dira".  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).