Gozategi, Larrabetzuko jaietako nobedadeetariko bat

a: Idoia Andres; Lehior Elorriaga / iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa (Onintza Enbeita) 2019ko uzt. 24a, 11:08

Intxurreta jai-batzordeak dana prest dau, larrabetzuarrek herriko jaiak gozau dagiezan. Abuztuaren 12tik 16ra bitartean, gustu guztientzako ekintzak egongo dira, eta, gainera, abuztuaren 24an eta abuztuaren 30etik irailaren 1era San Bartolome jaiek eta sanemeteriek lekukoa hartuko dabe hurrenez hurren.

“Guretzat, jai herrikoiak eta parte-hartzaileak antolatzea da garrantzitsuena eta horretan ahalegintzen gara urterik urte”, esan deuskue jai-batzordeko kideek. Horrela, bada, eta Intxurretakoen esanetan, Larrabetzuko jaiek badute nolabaiteko molde bat. “Molde horretatik asko ez urteten saiatzen gara, baina urtero nobedaderen bat sartzen dogu. Aurtengo nobedaderik esanguratsuetako bat Gozategi taldearen kontzertua izango da abuztuaren 15ean”. Horrezaz gainera, ez da sokamuturrik egongo. “Horren ordez, elektrotxarangea antolatu dogu hilaren 16rako. Elektrotxarangek sekulako giroa sortzen dabe kaleetan eta Larrabetzun oso harrera ona izan ohi dabe”.

Txupinazoa abuztuaren 14an, arratsaldeko 8etan botako dabe, baina aurreko egunetan be ekitaldiak izango dira, esate baterako futbol 7 txapelketea eta herri afaria. Azken hori jente gehien batzen dauan ekintzetariko bat da. “Txupinazoan be gero eta lagun gehiago batzen dira; garrantzia hartu dau aspaldi honetan”.

Hilaren 15ean, kalejiraren ostean, dantzen alardea egongo da Bizkargi taldeko eta Atharratzeko dantzarien eskutik. Txaranga batek herria girotuko dau, eta arratsaldean umeentzako jolasak izango dira. Era berean, karrozak aterako dabez kalera. “Ekitaldi honetan be gero eta jente gehiagok hartzen dau parte eta karrozen maila be gero eta hobea da”.

Abuztuaren 16a umeen eguna izango da. Besteak beste, puzgarriak eta pintxo lehiaketea egongo dira. Lekittoko deabruak taldeak ikuskizuna eskainiko dabe, eta, horren ostean, dantza lehiaketea egingo da. “Dantza lehiaketan lagun askok emoten dabe izena eta egundoko giroa izaten da. Zein da ekitaldi honen zergatia? Bada, Larrabetzu herri bizia dala. Larrabetzuarrek oso ondo erantzuten deutsee jaietan egiten diran ekintzei: asko gustatzen jakez eta gu pozik gagoz euren erantzunagaz. Oso parte-hartze handia dago”. Tximeleta erromeria taldeak amaierea emongo deutse andramariei.

Emeteriak

Halanda be, jaiak jarraituko dau Larrabetzun. Izan be, abuztuaren 24an San Bartolome ospatuko dabe; eta abuztuaren 31tik irailaren 1era arte, emeteriak. “Orain dala pare bat urte, emeteriak berbizteko ardurea hartu genduan eta ikusi dogu jaiek hoberantz egin dabela, ekintzetan jente gehiagok hartzen daualako parte. Aurten be horretan gabilz, uste dogulako auzoetako jaiei garrantzia emon behar deutsegula. Egia esan, datak ez dira oso onak, baina saiatzen gara jenteari gustetan jakozan ekintzak antolatzen”. Beraz, emeterietan be zer egin eta zertaz gozatzeko egongo da. Beste ekintza batzuen artean, marmitako txapelketea eta umeentzako zein helduentzako erromeria egongo dira jaietako lehen egunean, barikuan; eta zapaturako bertso-saioa, dantza erakustaldia eta erromeria antolatu dira. Emeteriei agur esateko, jolasak, herri kirolen erronkea eta kalejirea izango dira.

Herritarra, protagonistea

Intxurreta jai-batzordeak 15 urte bete dauz aurten. Hamabost urte, larrabetzuar guztientzako andramariak antolatzen. Ekitaldi herrikoiak eta parte-hartzaileak dira nagusi. Izan be, Intxurretakoek argi dabe jaietako protagonistak herritarrek izan behar dabela. “Urte honeek ederrak izan dira: jai-batzordearen aurreko kideek sekulako lana egin eben eta gu be horretan gabilz”, esan deuskue. Intxurreta jai-batzordea sei kidek osatzen dabe gaur egun: Maripi, Leire, Jone, Nerea, Ainara eta Paul. Hainbat adinetako lagunak dira, “baina oso harreman ona dago gure artean. Oso ondo konpontzen gara alkarregaz eta esan beharra dago lan egiteko talde ona osatzen dogula”.

Jai-batzorde bateko partaidea izateak konpromiso handia dakar, eta esfortzua. “Konpromisoa, urteko jairik garrantzitsuenak diralako eta hareek antolatzeko ardurea geuk dogulako. Dana dala, esfortzuari eta konpromisoari esker, jai politak antolatzen doguz guztion artean”. Eta neurri baten, sakrifizio apur bat be eskatzen dau, besteek disfrutatzen daben bitartean, lan egin behar dalako. “Herriak gozatzeko, guk lan egin behar genduala bagenkian lehen momentutik. Halanda be, oso pozik gagoz eta, egia esan, geuk be asko gozatzen dogu jaietan: herritarrak oso eskertuta dagoz antolatzen doguzan jaiakaz eta hori oso agerikoa da; berbarako, txupinazo egunean gero eta jente gehiago batzen da herriko plazan urterik urte. Hori oso pozgarria da guretzat”.

Azaldu daben moduan, urtero jai-egitarau erakargarria diseinatzea ez da zaila izaten. “Herritarren iradokizunak jaso eta kontuan hartzen doguz ekitaldiak antolatzeko orduan. Bestalde, jaietara zuzendutako diru-partideagaz be oso ondo moldatzen gara. Gainera, udalak egiten dauan lana eskertzekoa da, gauzak erraztu egiten deuskuz eta. Gure arteko harremana oso ona da”.

Indartsu

Intxurreta jai-batzordeko kideek bertan indarra eta gogoa izan arte egoteko asmoa dabe. “Jai-batzordea oso indartsu dago eta hemen urte askoan izango gara”. Taldearen indarguneei jagokenez, kideek adierazo dabe herritarrek asko estimatzen dabela jai-batzordaren lana eta horrek asko pozten dituala. “Herritarrek egundoko erantzuna emoten dabe urte guztietan. Geuk be badakigu herritarrei entzuten eta euren iradokizunak hartzen doguz kontuan. Azken baten, jaiak denon artean egiten doguz eta denon artean disfrutatzen doguz”. Horri lotuta, jai-batzordean parte hartzeko deia egin deutsee herritarrei. “Larrabetzuar guztiak dira ongi etorriak: gehiago izango bagina, idea gehiago izango geunkez eta ekintza ezbardin gehiago egin ahalko geunkez”.

Behin baino gehiagotan aitatu daben moduan, Intxurretak jai herrikoiak eta parte-hartzaileak sortzea dau helburu, eta uste dabe helburua lortzen dabilzala. “Akabuan, protagonistak herritarrek izan behar dabe eta jaiak hareei esker ateratzen doguz aurrera. Eskerrak emon gura deutseguz bai larrabetzuarrei, euren erantzun onagaitik, bai udalari, lana errazten deuskulako. Amaitzeko, herritar guztiak konbidau gura doguz jaietan parte hartzera eta ondo pasatzera, horixe da gure helburu nagusia. Eta pertsona guztiak errespetuz tratatu behar dabezala be gogoratu gura deutsegu: ez beti da ez; jaietan be bai”.

Jai-egitaraua

Andramariak

Abuztuak 12, astelehena

17:30 Futbol 7 txapelketea: kanporaketak.

 

Abuztuak 13, martitzena

17:00 Futbol 7 txapelketea: finalaurrekoak eta finalak.

20:00 Herri afaria.

Ostean, futbol 7 txapelketearen sariak banatzea.

22:30 Larrabetzuko Talentu Lehiaketea.

 

Abuztuak 14, eguaztena

18:00 Herriko pelotarien arteko erronkea.

20:00 Txupinazoa, jai-batzordearen eskutik. Herriko trikitilari, txistulari, Akarmari, Paskuala, Matxin, Jesusa eta Akerbaltzegaz.

22:00 Xaibor.

00:00 Erromeria.

 

Abuztuak 15, eguena

11:30 Kalejirea, txistulari, Akarmari, Paskuala, Matxin, Jesusa eta Akerbaltzegaz.

12:30 Dantzen alardea: Bizkargi dantza elkartea eta Atharratzeko dantzariak (Zuberoa).

13:30 Joselontxo´s txarangea.

17:00 Umeen jolasak (puzgarria, aurpegia margoztea, bike jumping-a eta ezetz palanganea hutsitu!). Anguleri kultur etxearen atzeko aldean.

17:00 Joselontxo´s txarangea.

19:00 Karrozak.

22:00 Kontzertua: Gozategi.

 

Abuztuak 16, barikua. Pijama eguna

11:00 Kalejirea, txistulari, Akarmari, Paskuala, Matxin, Jesusa eta Akerbaltzegaz.

11:00 Puzgarriak, igerilekuetan.

13:00 Umeen pintxo lehiaketea.

14:00 Umeen bazkaria.

14:30 Sukalki txapelketea.

18:30 Elektrotxufla elektrotxarangea.

22:00 Lekittoko deabruak.

23:00 Dantza lehiaketea.

00:00 Erromeria: Tximeleta.

 

Abuztuak 24, zapatua. San Bartolome

13:00 Urkaritxo txapelketea (0-16 urte).

14:30 Paella txapelketea.

17:00 Briska txapelketea.

18:00 Urkaritxo txapelketea (16 urtetik gorakoentzat).

(Denpora txarra eginez gero, egitaraua bertan behera geldituko da).

 

Emeteriak

Abuztuak 30, barikua

12:00 Kalejirea, txistulari, Akarmari, Paskuala, Matxin, Jesusa eta Akerbaltzegaz.

14:30 Marmitako txapelketea.

17:00 Mus txapelketea.

17:30 Umeentzako erromeria: Gauargi.

22:00 Erromeria: Drindots.

 

Abuztuak 31, zapatua

11:30 Apar-jaia.

12:30 Bertsolariak: Anjel Mari Peñagarikano eta Onintza Enbeita.

17:00 Briska txapelketea.

18:00 Zumba.

19:00 Dantza erakustaldia: Akelarre dantza taldea (Hendaia).

22:00 Erromeria: Altxa Porru.

 

Irailak 1, domeka

12:00 Kulki.

18:30 Herri kirolen erronkea.

20:00 Kalejirea, Zintarritik taldeagaz.

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).