Labayrun zaude lanean. Zer egiten duzu bertan?
Aspalditik lan finko barik ibili naiz, eta pandemian hemen lan egiteko aukera sortu zitzaidan eta pozik nago. Apur bat galduta, dena berria delako, baina lankideei esker, martxa hartzen nabil. Hiztegigintza sailean nago, hau da, dagoena eguneratu, adibide berriak sortu eta Euskaltzaindiak onartzen dituen arau eta hitz berriak hiztegira sartzen ditugu.
Kazetari lanak ere egiten dituzu gaur egun...
Bai, izatez, kazetaria naizelako. Berrian, Euskadi Irratian eta Aizu aldizkarian idazten ditut kolaborazioak. Nik bertsolari definitzen dut nire burua, baina beti egin dut beste lanen bat: batetik, herri honetan bertsolaritzaren bidez bakarrik hipoteka ordaintzea erraza ez delako; eta bestetik, beste zerbait izateak askatasun ekonomikoa ematen dizulako. Idaztea asko gustatzen zait, baina ez naiz inoiz liburu bat idaztera ausartu. Beraz, kazetaritza aitzakia da egunero idazteko.
Enbeitatarra izatea eta bertsolaria ez izatea ere...
Bai. Enbeita abizenak pisua du. Nerabean guztiok “hil” behar dugu aita, eta nik aita, aitite eta senide guztiak “hil” behar izan nituen (kar, kar). Nahitanahiez egin behar izan nuen, bertsolaria izateko. Gaztetan gainkarga izan zen Enbeitatarra izatea; gaur egun, aldiz, ez dut hori sentitu; guztiz kontrakoa, ohorea da, familia maite dut. Eta gainera, nire estilo propioa garatu dut. Enbeitatarra izateaz harro nago, familiak bertsolaritzaren alde lan ikaragarria egin duelako.
Aititek Bizkaiko bertsolaritza lehenengo txapelketa irabazi zuen 1958an, eta zeu izan zinen txapelketa hori irabazten duen lehenengo emakumea. Biribila itxi da?
Txapelari esker, prozesu profesional zein pertsonal bat itxi nituen: batetik, 20 urte eman ditudalako txapelketetan eta azkenean, Bizkaikoa lortu dudalako; eta bestetik, aitite erreferentea izan zelako. Harreman ona nuen berarekin, gurekin bizi zen, baina ni jaio nintzenean berak negar egin zuen, ni mutila ez nintzelako (ahizpa nagusi bi ditut).
Zer esangura ematen diozu lehenengo emakume irabazlea izateari?
Lorpen pertsonala da, noski, nik irabazi dudalako. Hala ere, emakumeon lorpen kolektiboa ere bada. 1986an Kristina Mardaras izan zen txapelketa batean parte hartu zuen lehenengo emakumea. Bera aurkeztu izan ez balitz, ez ginatekeen gauden lekuan egongo. Eta bere atzetik beste guztiok etorri gara: Arantza Zuloidi, Ainhoa Munitxa, Maialen Lujanbio, Iratxe Ibarra... Lan egin dugu, sufritu dugu, baina emaitzak lortu ditugu. Gaur egun neska bertsolarien kuadrilla bat dugu, inolako lotsarik gabe bertsotan aritzen dena. Hori lortzeko, bidea egin dugu, orain hasi da gure festa eta nik ez dut oraindik etxera joan nahi, festaz gozatu nahi dut.
Bertsolari hasi zinenean, ez zen batere ohikoa emakumezkoa izatea. Hain gogorra izan da?
Momentu txarrak egon dira, baina onak ere bai. Matxismoa egon da bertsolaritzan, bai, eta hori neska gazteei kontatu behar diet; bestela, tranpa egingo diet. Emakumezkoa izateagatik, inork ez dit inoiz esan bertsoak kantatu ezin nituenik. Hala ere, sentitu dut ongi etorria ez nintzela edo desberdina nintzela. Esate baterako, bertso batean hilerokoa aipatzen badut, gai unibertsala ez dela entzungo dut. Hau da, populazioaren erdiari bizitzaren heren batean hilero gertatzen zaion gauza bat ez da unibertsala? Eta futbola? Eta ehiza? Gure gaiek molestatu egin dute. Gaitzespena ez da nabaria izan, gozoa baizik. Gizonezkoak epaitzen ez dituzten moduan epaitu gaituzte.
Lehian sartzen jarraituko duzu bertsolaritza txapelketetan?
Bai, izena emanda daukat Bizkaikoan. Txapela irabazi nuenean, pentsatu nuen azken txapelketa izango zela, baina gero hausnarketa sakonagoa egin nuen: polita izango litzateke txapela agertokian galtzea, eta horregatik erabaki dut berriro aurkeztea.
Beste saio batzuetan ere hartzen duzu parte. Horietako bat Larrabetzun izan zen, abuztuan. Zelan?
Oso ondo. Saioa frontoian egin genuen eta jende pila etorri zen. Larrabetzu plaza ederra da; Txorierriko beste herriak ere bai, baina bereziki, Larrabetzu. Txikia da, baina herri moduan egiten dituzte gauzak, hau da, bertso-saioa egiten badute, bertsozaleak ez diren batzuk ere etorriko dira; eta Gazte Eguna antolatzen badute, hain gazteak ez diren batzuek egingo dute bat horrekin. Eta hori polita da eta ez da askotan beste herri batzuetan ikusten.
"Larrabetzu plaza ederra da: txikia da, baina herri moduan egiten dituzte gauzak…"
Diputatua
Onintza Enbeita Maguregi (Muxika, 1979) Ezker Abertzalearen diputatua izan zen Madrilgo Legebiltzarrean, 2012tik 2016ra bitartean. Aurretik, herriko zinegotzia ere izan zen. “Alderdiak proposatu ninduen Madrilera joatea eta bertan oso harrituta gelditu nintzen, eztabaidatzeko maila eskasarengatik. Agian horretan datza politika, baina nik ezin dut kafesne bat hartu patxadaz bizitza izorratzen didan inorekin, esaterako lan-erreforma onartu dutenekin edo abortatzeko eskubidea ukatu nahi dutenekin. Ez nintzen Madrilera joan lagunak egitera”, esan du Enbeitak.
Bertsolariak ez du politikara itzultzeko asmorik. “Joko politikoan ez naiz eroso sentitzen; era berean, dena ez dut onartzen, pentsatzen dudana esaten dut”. Dena dela, “lasai” egiten du lo, bere esanetan, “lan polita” egin zutelako. “Batez ere kontuan hartuta baliabide gutxi genuela eta komunikabideek boikot aktiboa egiten zigutela. Ez genien gure printizpioei uko egin”.