Bizkaibusaren inguruan sorturiko kezka aspaldiko auzia da. Larrabetzuarren kasuan, eta lehendabiziko problematikarekin sartuz, Larrabetzu administratiboki Txorierri eskualdearen parte da, Lezama, Zamudio, Derio, Sondika eta Loiurekin batera. Bizkaibusaren kasuan, Larrabetzu 3. zonaldean dago Morga eta Zornotzarekin batera, Txorierriko gainerako herriak 2. Zonaldean daudelarik. Larrabetzuarren ohiko jarduna eskualdeko herrietan izaten da, eta Galdakaon ere bai, azkeneko hori ere 2. zonaldean dagoelarik. Larrabetzuko ikasleek egunero autobusa hartu behar izaten dute Derioko institutura eta Politeknikara joateko. Galdakaon, aldiz, anbulatorioa eta ospitaleko mediku zerbitzuak ditugu.
Bigarren problematikarekin jarraituta, hiru herrietako hainbat ikasle Leioako unibertsitatera joan behar izaten dira ikastera. EHUra joateko Areetako autobusa hartu behar izaten dute, baina goizeko 07:00etakoa soilik iristen da unibertsitatera, eta bueltarako eguerdiko 14:15ean izaten dute. Ondorioz, gazte horiek euren burua behartuta ikusten dute unibertsitatera autoz joatera edo beste alternatiba batzuk bilatzera, bi aukera horiek dakartzaten ondorio ekonomikoak pairatuz.
Finean, Garraio Irauli lantaldekook bi aldarrikapen zehatz egiten dizkiogu Bizkaiko Foru Aldundiari: batetik, Larrabetzu 2. zonaldera aldatzea, eta bestetik, Leioako unibertsitatera joateko eta itzultzeko autobus gehiago jartzea.
Aipatutako aldarrikapen horiek ez dira soilik hitzetan geratu, horregatik azaroaren 12an abiatutako sinadura bilketari amaiera eman genion. Larrabetzun egindako bilketa izan zen, eta 2.037 biztanletik 442 sinadura bildu genituen, eta horiek Foru Aldundiara bidali. Horren erantzunaren arabera, guk talde moduan bide bat hartuko dugu, eta bide horretan larrabetzuarren, lezamarren eta zamudiotarren parte hartzea ezinbestekoa da, herriak soilik salba dezakeelako herria.
Azkenik, whatsappeko talde informatiboa sortu da problematikaren inguruan ematen diren aurrerapausoen berri izateko. Hiru herrien arteko taldea da, elkarri gune komun bat emateko asmotan.