Oskar Gaztelu, irakaslea eta idazlea

“Heriotza antibalioa da”

Aikor aldizkaria 2022ko urt. 3a, 08:25

Bilboko Udalak Migel de Unamuno Saiakera Lehiaketa antolatu du 12. aldiz eta hori Oskar Gaztelu Bilbao larrabetzuarrak irabazi du. Gazteluk Heriotzari aurrez aurre begira saiakera aurkeztu du, oraindik gure gizartean deserosoa den gaiari buruz hausnartzeko gonbitea egiten duena. 

Lanaren helburua da heriotzari buruz beste begirada bat eskaintzea, eta, horretarako, bertan batu ditu hainbat ideia, pentsamendu eta jarduera. “Alde batetik jaso dut antzinako beste kultura batzuek heriotza nola ikusten duten eta bere inguruan zer-nolako errituak egiten dituzten. Indonesian, Tana Torajan, esaterako, gorpua zulo batean uzten dute eta denbora-tarte bat pasatzen denean handik ateratzen dute etxera eramateko. Bestalde, heriotzaren gaineko ideia ezberdinak ere ekarri ditut lanera, hala nola biozentrismoa, hau da, denak bizidunen inguruan funtzionatzen duela pentsatzea, eta transhumanismoa. Azken hori modan dago gaur egun eta bere oinarria da gizakiak teknologia berriekin guztiz bat egitea, batzuen ustez, hilezkortasuna ere lortu ahal izateko”.

Larrabetzuarrak hiltzen laguntzeari buruzko hausnarketak ere bildu ditu lanean, eta heriotzaren aurrean pertsonek izan ohi dituzten faseak, adibidez, ukazioa, amorrua edo depresioa. Era berean, idazleek-eta heriotzaren inguruan sortutako lanei erreparatu die. “Esate baterako, emaztea hil zenean Xabier Letek idatzitako poemak, edo Isabel Allendek alaba zenari buruz idatzitako liburua”. Migel de Unamunori, sariketari izena ematen dionari, ere egin dio keinua. “Izan ere, nire ustea da Unamunok sei urte zituela aitak bere buruaz beste egin zuela, eta, kasualitatez edo, Unamunoren semea hidrozefaliaz hil zen sei urterekin”. Hiru testigantza ere jaso ditu, hurbilekoak joaten direnean, nolako bizipenak eta faseak izaten ditugun azaltzeko.

Gazteluren hitzetan, gure gizartean guztiz estigmatizatuta dago heriotzari buruz hitz egitea. “Gauza negatibotzat jotzen da: jendeak zoriontsu bizi nahi du eta badirudi beste bati heriotzaz mintzatzen bazatzaizkio eguna hondatuko diozula. Tabu horrek ekartzen du pertsonak tokirik ez izatea bere dolua adierazteko. Proposamen batzuk daude horri erantzuna emateko, esaterako, inguru seguruak sortzea, pertsonek zer gertatzen ari zaien kontatu ahal izateko. Azken batean, oso gai partikularra da, bakoitzak bere sentimenduak dituelako, baina, aldi berean, oso gai unibertsala ere bada, guztioi gertatzen zaigulako. Antzinako errituak baliagarriak ziren babesa emateko, eta nire proposamena da, lehenengoak ez badira, erritu berriak sortzea, death kafeak kasu. Jendea leku horietara joaten da heriotzari buruz hitz egitera”.

“Gai partikularra da, bakoitzak bere sentimenduak dituelako, baina unibertsala ere bai, guztioi gertatzen zaigulako”

Heriotzari lekua emateko proposamena egiten du, hortaz. “Izan ere, askotan hilzorian dagoenari ez zaio esaten joango dela, nahiz eta berak badakien. Familiak ez du nahi hark sufritzea, baina hilzorian dagoenak ere ez ditu senideak sufritzea nahi, eta ez dago komunikaziorako aukerarik. Gainera, oso garrantzitsua da doluaren prozesua ondo egitea, hura amaitzen ez bada, norberaren osasunerako kaltegarriak diren ondorioak gelditzen dira eta”.

 

Hausnartzeko ariketa

Heriotza urrun izan nahi dugu eta, Gazteluk adierazi duenez, tanatorioak ere urrun ipintzen dira. “Heriotza antibalioa da. Gure balioak dira kontsumoa, ekoizpena eta munduan norbait izatea; heriotza horien guztien kontrakoa da”. Gaiak, halere, aspaldidanik ematen dio ardura, “adinagatik izango da, inguruko gertaerengatik… eta lagunak ere badoazelako”.

Heriotzari aurrez aurre begira saiakera hiru urteko lanaren emaitza da ikasteko eta hausnartzeko ariketa ere izan da egilearentzat. Gazteluk idatzitako bigarren saiakera da, aurretik Nire bizitza ni barik lana idatzita baitu. Azken lan horri esker Becerro de Bengoa XXXI. Saiakera Saria irabazi zuen 2019. urtean. “Saiakerak ikerketa zabaltzeko aukera ematen du, eta idazten ibili naizen bitartean ikasi ere egin dut. Gai bat sakontzeko modua da, eta hasieran espero ez zenituen tokietara ailegatzeko era. Nolanahi ere, aspaldian dut poesian ere interesa, uste dudalako leku batzuetara arin heltzeko bidea dela”. Lehenengo saiakeran norberaren burua ezagutzea izan zuen hizpide, eta haren eskutik heldu da bigarrenera. “Mundu osoa heriotzaren inguruan mugitzen da, erlijio handiak, filosofoak… Beti dago gure pentsamenduan”.

“Saiakerak ikerketa zabaltzeko aukera ematen du, eta gai bat sakontzeko modua da”

Arabako Foru Aldundiak ematen du Becerro de Bengoa saria eta lan irabazleak ere ematen ditu argitara; Unamuno saria Erein argitaletxeak kaleratuko du. Lehen saiakera argitaratuta dago jadanik, eta bigarrena laster izango da kalean. “Ilusioa da jendeak irakurtzea”. Bi saiakera, bi sari; hurrengo lana buruan du eta, aurreratu digunez, hura xamanen munduari buruzkoa izango da.

 

Hurbiletik

Larrabetzu, 1964. Magisteritzan diplomaduna da, Euskal Filologiaren arloan, eta Ingeles Filologian lizentziaduna. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasle ibili da 29 urtean, eta gaur egun Leioako Helduen Hezkuntzako Ikastetxeko (HHI) ikasketa-burua da. Interes handia du psikologia transpertsonalean eta pertsonen portaeretan eta pentsatzeko moduan. Pertsonalitatearen eneagrama ikasi du eta formazioa programazio neurolinguistikoa, PNL, ere badu.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).