Azaldutakoaren arabera, txapelketa honen bidez bertso-eskolak eta eskualdeak indartu nahi dira, eta gune ludiko bat eskaini horretarako. Taldekakoa giro informalean eta jai-giroan egingo da, eta helburuetako bat da bertsolari hasi berriei plazarako bidea erraztea, baita ohiko txapelketan parte hartzeko motibaziorik ez dutenei beste aukera bat eskaintzea. Horrezaz gainera, antolatzaile, epaile eta gai-jartzaile berriak bultzatu nahi dituzte.
Guztira 23 taldek eman dute izena txapelketan eta ia 200 parte-hartzaile izango dira. Azken horien profila oso zabala da: gazteak, beteranoak, Bizkaiko txapeldunak, aspaldi bertsotik aparte ibili direnak, hasiberriak… Itallen bertso-eskolako partaideak hauek dira: Arrate Gaztelu, Beñat Barainka, Etxahun Lekue, Iskander Euba, Joseba Ortuzar, Julen Gaztelu, Leire Etxebarria, Malen Amenabar, Maripi Agirre, Patxi Gezuraga, Peru Berazategi eta Sergio Peña.
Epailetza
Talde bakoitzak epaile bat edukiko du kanporaketa bakoitzean. Horrez gain, publikoaren iritzia ere kontuan hartuko da. Beraz, saio bakoitza puntuatzeko hiru taldeetako epaileen balorazioa gehi publikoaren balorazioa hartuko dira kontuan. Saio bakoitzaren ondoren, hiru
taldeetatik –edo bitik- zein taldek egingo duen aurrera erabaki beharko dute denen artean. Bestalde, saio bakoitzeko gaiak hiru taldeetako gai-jartzaileen artean pentsatuko dituzte.
Aurkezle beharra kantatzen ari ez den taldeko gai-jartzaileak egingo du.
Txapelketak fase bi izango ditu: kanporaketa eta finala. Kanporaketaren saio gehienetan hiru talde arituko dira eta finalera kanporaketa bakoitzeko talde bat pasatuko da. Kanporaketa bakoitzean hiru saio labur izango dira. Finalaren egunean, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Finalaurrekoetan, hiru taldek saio bakarra jokatuko dute eta irabazlea sailkatuko da finalera. Itallenek martxoaren 25ean, 19:30ean, jokatuko du kanporaketa Barakaldon, Urruxarrak (Iurreta) eta Far Westeko Bersolariak (Enkarterri-Ezkerraldea) taldeekin batera.
Datak
Talde antolatzaileak ariketen proposamen bat garatu du, baina proposamen hutsa da; hau da, kanporaketa bakoitzean parte hartzen duten hiru taldeen esku geratuko da ariketak adostea. Hortaz, hiru taldeak ados ipintzen badira, beste ariketa batzuk egiteko aukera daukate.
Kanporaketak maiatzaren 15era bitarte jokatuko dira, taldeen berain artean adostutako egun eta lekuetan. Kanporaketa guztiak jokatutakoan jakingo da zein taldek kantatuko duten finalean. Finala maiatzaren 28an jokatuko da Larrabetzun, Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera. Txapelketari buruzko informazioa lortu daiteke www.bertsozale.eus/bizkaia/taldekakoa webgunean zein gizarte-sareetan.