Kontatu digunez, egitasmoa orain dela lauzpabost urte hasi zen mamitzen eta haren sustatzaileak dira Oihan Vega eta Valen Moñux. “Proposamena egin zidatenean erabat harrituta utzi ninduten. Tira, aurrera! Erantzun nien”. Lezeak musikalerako egindako moldaketa irakurri du eta oso pozik azaldu da. “Zaila da nobela oso bat halako lan batean islatzea, baina ia-ia berdina da”. Larrabetzuarrak aipatu digu musikala ikusteko irrikan dagoela eta entsegu orokorretara ere joateko asmoa duela.
Martinez de Lezeak La brecha eleberria argitaratu zuen 2006. urtean. Handik 16 urtera, euskarara ekarri du Erein argitaletxeak. Bretxa eleberria eta musikala batera aurkeztu ziren martxoaren 15ean Donostiako udal-liburutegian. Bretxa lanean, Donostian 1813ko abuztuaren 31n izandako gertaerak jaso ditu larrabetzuarrak. “Bertan salatzen ditut armada irabazleek garaitu dituzten plazetara sartzen direnean egiten dituzten lapurretak, hilketak, bortxaketak… Hori lehen gertatzen zen, baita gaur egun ere”.
Bestalde, aipatu beharra dago datozen hilabeteetan hainbat proiektutan ibiliko dela. Esaterako, gidoia idatzi du maiatzean Gasteizen egingo den zurezko haize-instrumentuen kontzerturako, eta emakumeei buruzko beste gidoi bat idatzi du Harrobi Dantza Bertikala konpainiarako. Egitasmo hori ekainean aurkeztuko da Getxon. Azkenik, apirilaren 29an Sorginak eta sorginkeriak espektakulua aurkeztuko du Barakaldon, Gorka Hermosarekin batera.