Zergatik aukeratu Larrabetzu?
Bartzelonara joatea oso garrantzitsua izan da nire bizitzan eta aro horri itxiera emateko bueltako bidea egin nahi izan dut, hau da, Larrabetzun gauzatu nahi izan dut Bartzelonan ikasitako guztia.
Zer da Bi baserri?
Ipuin formatuko film laburra da, magiaz betea: hiru senide arbasoen baserrian hiru egun emango dituzte, familiaren profezia betetzen den ala ez ikusteko. Omenaldi txiki bat egin diet baserrian bizi diren familiei eta beren istorio guztiei. Bestalde, familiari buruz ere hitz egin nahi izan dut filmean: arbasoek belaunaldiz belaunaldi zer helarazten diguten. Familia garrantzitsuena dela ikasi dugu, baina askotan kalte egiten digu.
"Omenaldi txiki bat egin diet baserrian bizi diren familiei eta beren istorio guztiei"
Zelan egin duzu proiektua?
Urtebeteko prozesua izan da, zaila eta luzea. Bartzelonatik dena antolatu nuen eta oporretan familia eta lagunak alde batera uzten nituen, filma planifikatzeko: baserriak lortu; baimenak udalean eskatu; larrabetzuar batzuk filmean agertzeko konbentzitu... Materiala lagun baten aitaren kamioi batean ekarri genuen. Eta lankide batzuek nire etxean egin zuten lo eta beste batzuek, erromesen aterpean. Abentura handia izan da, oso punkia eta polita aldi berean. Guztira, 25 lagunok osatu dugu lantaldea eta eskerrak eman behar dizkiet guztiei gogor egin dutelako lan. Gainera, Larrabetzuko jendeak izugarrizko laguntza eman dit.
Zelan lortu zenituen baserriak?
Filma Agarre auzoan grabatu genuen, Ana eta Begoren baserrian; eta beste zati bat Sasikoetxe baserrian, Josefinaren, Agustinen eta Agusenean. Bereziki haiei esan behar diet eskerrik asko, eman dizkiguten erraztasunak eta konfiantzagatik. Maitagarriak izan dira. Eta Agustin filmean agertuko da (kar-kar).
Zer deritzozu esperientziari?
Polita, desberdina. Oso pozik nago. Azken urtean galdera hau behin baino gehiagotan egin diot neure buruari: "Zelan joango gara 25 lagun Larrabetzura sei egunean grabatzera?" (kar-kar). Gogor egin dut lan, gauza asko ikasi dut, jende askorekin ibili naiz eta filmatzea oso berezia izan da. Oraindik muntatu barik dago, baina hiru urtean Bartzelonan ikasi dudana Larrabetzura ekarri dut bueltan. Eta horrek pertsonalki bete egiten nau.
"Filmatzea gogorra izan da, baina gauza asko ikasi dut eta jende askorekin ibili naiz"
Noiz ikusi ahal izango dugu filma?
Udan muntaketa bukatuko dugu. Gustatuko litzaidake filma luzeagoa izatea, baina askoz jota 16 minutu iraungo du, zinema-jaialdietan hala eskatzen dutelako. Eta Bi baserri jaialdiz jaialdi eraman nahi dugu. Larrabetzun eskaini nahi dugu, noski; eta leku handi batean ezin bada egin, gutxienez, parte hartu dutenei erakutsi nahi diegu. Niretzat zirraragarria da Agustinek eta Mariterek emaitza ikustea. Baina zehatz-mehatz ez dakit noiz egingo dugun hori.
Larrabetzu, hurbil
Amets Zuluetari (Larrabetzu, 2001) beti gustatu izan zaio zinema, txikitatik. Gaztetan, aktore ibili zen eta film labur batzuk grabatu zituen lagunekin. Hamazortzi urte bete zituenean, aldiz, zaletasuna ogibidetzat hartzea erabaki zuen eta Bartzelonara joan zen zinema-zuzendaritza ikastera. "Film laburretako lagun askok Bartzelonan ikasi zuten eta hara joatea gomendatu zidaten. Aukera ona iruditu zitzaidan eta horretan nabil, Larrabetzuren eta Bartzelonaren artean; dena dela, nahiz eta urte osoa Bartzelonan eman, Larrabetzu hurbil sentitu nahi dut", esan digu.
Larrabetzu utzi eta Bartzelonara joan izana "gogorra" izan zen, bera gaztea zelako eta herri biak erabat "desberdinak" direlako. "Lagunak ez nituen gertu, euskara ere ez... Baina apurka-apurka moldatu egin naiz. Eta zorionez, zinema-eskolan nire egoera bizi izan duten ikaskide gazte asko eta asko daude: kanpotik etorritako hainbat lagun, etxetik urrun egotea... Eta babesa eman diogu elkarri. Oro har prozesu naturala izan dela esango nuke".
Etorkizuna, zabalik
Ametsek hiru urte daramatza Katalunian eta aurten bukatuko du karrera. Hurrengo urteetan han jarraituko du ziur asko. "Karrera nahiko praktikoa izan denez, teorian sakondu nahi dut, zinema ikasten jarraitu nahi dut. Aktorea izateko grinarik ez dut, hori ahaztuta dut, zuzendaria izan nahi dudala argi daukat eta, horretarako, gehiago ikasi beharko dut. Eta gero gerokoa... Etorkizunean, ez dakit zer egin nahi dudan, zabalik nago. Euskal Herrian industria txiki bat sortzen dabiltza eta hemen lan egitea gustatuko litzaidake. Baina ez dakit".