Roman Maldonado, palista profesionala

Fustoren ikasle aurreratua

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 30a, 13:56

Pablo Fusto historiako palistarik onenetakoa da. Fus­to argentinarra da eta badirudi bere herrian berak landatutako hazia Txorierrin loratu dela. Izan ere, Roman Maldonado argentinarra Larrabetzura etorri zen, bere ametsa egia bihurtzeko: txikitan palista profesionala izan nahi zuen eta aurten lortu egin du.

"Betidanik jokatu dut pilotan. Txikitan, lagunek futbolean jokatzen zuten; nik, al­diz, pilotan, arraroa nintzen. Ez naiz inoiz beste kirol batean aritu, bakarrik palan. Argen­tinan, ETBren euskal katearen bi­dez, euskal palistak ikusten nituen eta noski, Pablo Fusto argentinarra nire idoloa izan da betidanik. Hemengo palista izan nahi nuen, ametsa zen niretzat". Roman Maldonadok aurten bete du bere ametsa: Esteban Gaubeka handiaren aurka egin zuen debuta pala profesionalean. Galdu zuen, "zelan ez", baina pozik agertu da Maldonado. Lehenengo urratsa baino ez da izan.

 

"Txikitan, Argentinan, lagunek futbolean jokatzen zuten; nik, aldiz, pilotan, arraroa nintzen"

 

Aurten, txapelketa profesionalak jo­ka­tzen jarraitu du eta lehenengo ga­raipena ere etorri da. "Urrezko Pala irabazi dut Urru­tia­rekin batera. Munduko bikoterik onen­ei irabazi genien: Fusto, Gaubeka, Ibai Pe­rez... Gaur egun, Kutxabank Liga na­bil jokatzen Ibai Perezekin. Ligaxkan le­hen­engo postuan bukatzen badugu, fi­nalerako txartela lortuko dugu. Ikusiko du­gu. Gaztea naiz, hobetzen nabil eta baikorra eta anbizio handia dut. Pilota dut lehentasun".

Gaztea bada ere, etorkizun handia du eta, noski, Fustorekin konparatzen dute. "Biok gara argentinarrak, fisikoki an­tzekoak... Fusto mitoa da, oraindik ez nago maila berean. Harrotasunez esan behar dut idoloaz gainera, nire laguna ere badela. Berak primeran hartu nau, baina gainerakoek ere bai. Gaubekak beldurtu egiten du kantxa barruan zein kanpoan, baina itxura baino ez da. Eta hemendik gertu Asier del Río dugu. Oso harreman polita daukat berarekin, lezamarra izan arren, Larrabetzun egun osoa ematen due­lako. Beti elkarren kontra jokatu dugu, irrikan gaude elkarrekin jokatzeko".

Profesionala egiteko, argentinarrak jokatzeko eta entrenatzeko hemengo erara moldatu behar izan du. "Argentinan, pala arina­­goa da: 400 gramo pisatzen du, ez kilo bat, hemen moduan. Eta pala hain pisutsua denez, ezin da frontoian nahiko genukeen beste ordutan entrenatu, eta gainerako egunetan ariketak egiten ditu­gu gimnasioan. Eta horregatik, palan, bes­te kirol batzuetan baino motelago egiten dituzu aurrerapausoak. Gainera, pi­lota go­mazkoa da, ez larruzkoa".

 

Munduko Txapelketa

Maldonado hasiberria da pala pro­fe­sionalean, baina esperientzia han­dia du Munduko Txapelketetan. Lehen­da­bi­zikoa 2016an jokatu zuen, 16 urte zituela. Bosgarren postuan gelditu zen bertan. "Emaitza ederra izan zen: batetik, lehenengoa ze­lako; bestetik, Fusto eta Innpala en­presako kideak han ezagutu ni­tuelako. Lehia ho­rretara pilotari gazte bila joaten di­ra eta esan zidaten etorkizun handia nue­la eta nagusiagoa nintzenean agian pro­fesionala izateko aukera izango nuela. Ilusio handiz hartu nuen".

Harrezkero, 2017an, 22 urte az­pi­ko munduko txa­pelketa irabazi zuen Agustin anaiarekin. Era berean, 2021ean, lehendabiziko aldiz irabazi zion Es­painiako selekzioari; eta aurten, debuta egin du senior kategorian eta zilarrezko domina lortu du. Hurrengoa, 2026an, Argentinan egingo da eta Maldonado gogotsu dabil. "Lege berria dela eta, baliteke Euskal He­rriko selekzioak horretan parte hartzea".

Maldonadok garrantzia eman die mun­duko txapelketei, baina bere esan­etan, ez dute zerikusirik pala profe­sio­nalarekin. "Mundiala urterik behin jo­katzen da, baina guk zapaturo jokatzen du­gu onenen kontra: Fusto, Gaubeka, Ne­col... Eta horri esker, gure mailak etengabe egiten du hobera". Eta hori egin nahi du gazte argentinarrak, hain zuzen ere, "gero eta palista hobea izan". "Ziur nago gogor lan egiten jarraitzen badut, arrrakastak etorriko direla. Datozen lauzpabost ur­teo­tan banakako txapelketa irabaztea gus­tatuko litzaidake. Pilotariok munduko txa­pelketa esaten diogu. Binakakoa ere lor­tzea ondo legoke".

 

Venado Tuertotik Larrabetzura

Roman Maldonado 1999an jaio zen Argentinan, Venado Tuerto herrian. Ro­manek palista profesionala izan nahi zuen. Bere herrian krisi ekonomikoa ze­goen. Beraz, duela lau urte, familia osoak Bordeleko bidea hartu zuen, eta urte bi beranduago, Larrabetzura eto­rri ziren. Goizean, Zamudioko bil­te­gi ba­tean egiten du lan, eta arra­tsal­deetan, entrenatzera joaten da Bilbora.

"Venado Tuertok 75.000 biztanle di­tu eta herri lasaiagoa nahiago genuen. La­rrabetzu paregabea da: jendea oso ja­torra da, herria berehala ezagutzen da, larrabetzuarrek gu ere ezagutzen gai­­tuzte... Poz-pozik gabiltza, hemen­goek oso harrera ona egin digutelako. Neska-laguna hemengoa da eta berak ere izugarri laguntzen dit euskararekin".

Maldonado ez da Larrabetzura ba­ka­rrik etorri. Familia berarekin bizi da eta anaia biak ere palistak dira. "Nagusia, Facundo, Italiaren izenean dabil lehian sartzen nazioartean, familiak erro ita­lia­rrak dituelako. Eta hemen zaletu mai­lan dabil; Agustin, ertaina, ez da pro­fe­­sional mailan aritzen, baina Bizkai­ko Fe­­derazioaren teknikari dabil". 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).