Zelan hasi zinen palan jokatzen?
Txikitan esku pilotan jokatzen nuen. Hala ere, 13-14 urte nituela, Larrabetzuko frontoian, Asier del Rio ikusi nuen palan jokatzen. Niretzat erabat berria zen eta horrek palan jokatzeko gogoa piztu zidan. Beraz, esku-pilota utzi eta palan hasi nintzen.
Zelan izan zen aldaketa? Gogorra?
Palak eta esku-pilotak ez dute zerikusirik. Pilota beste era batean jo behar duzu, esate baterako. Alde batetik, aldaketa erraza izan zen, Larrabetzun bertan egin nuelako eta klub berean, Olarretan. Bestetik, gogorra ere izan zen, lehenengo partidetan kirol zaila zela ikusi nuelako.
Erraz moldatu zinen erremintara?
Hasieran paletarekin jokatzen nuen, arinagoa eta errazagoa delako, baina gaur egun pala laburra erabiltzen dut, askoz pisutsuagoa. Egokitzapen-prozesua behar da, bai.
Olarretan hasi, baina gaur egun Sestao Lagun Artean taldean zabiltza. Zergatik aldaketa?
Duela urte bi, Sestaotik deitu zidaten Espainiako Txapelketan parte hartzeko. Aukera ezin zen alferrik galdu eta bat egin nuen Sestaoko taldearekin. Txapelketa jokatu eta gero, bertan gelditzea erabaki nuen, Larrabetzukoa baino askoz handiagoa baita.
Nora moldatzen zara hara joateko?
Aitarekin joaten naiz. Poz-pozik eroaten nau leku batetik bestera (kar-kar).
Zelan Sestaon?
Oso pozik. Laster frontoi berria izango dugu. Sestaoko klubak Larrabetzukoak baino maila handiagoa du. Gainera, harreman ona dut klubekoekin. Astean behin joaten naiz hara entrenatzera eta, batzuetan, Miribillako frontoian ere saioak egiten ditut Pablo Fustoren agindupean.
Norekin eta Pablo Fustorekin! Hau ohorea, ezta?
Itzela da. Fusto historiako jokalaririk onenetarikoa da eta azken urteotan hainbat saio egin dut berarekin. Horietan asko ikasi dut, Fusto jokalari ederra ez ezik, entrenatzaile paregabea ere badelako. Zure idoloekin hain harreman gertua izatea oso handia da. Adibide polita da niretzat.
Zer hartzen duzu pala: zaletasuntzat ala ogibidetzat?
Biak. Nik palan jokatzen dut disfrutatzeko, baita lehian sartzeko eta hobetzeko ere. Nik profesionala izan nahi dut. Munduan jokalari asko daude, baina profesionalak Bizkaian ditugu.
Horretarako txapelak irabazi behar dituzu eta horretan zabiltza, ezta?
Bai, Trinkete Bizkaiko Txapelketa, BizkaiCup eta GRAVN txapelketak irabazi ditut. Horrek eskarmentua eman dit, eta apurka-apurka pilotari hobea naizela uste dut. Ia ondo nabilen datozen urteotan eta 2026an Munduko Txapelketan parte hartzeko aukera dudan. Bilbon jokatuko da eta han parte hartzeko gogoa dut.
Txorierrin eta Larrabetzun, hain zuzen, badituzu ereduak: Roman Maldonado eta Asier del Rio jokalari profesionalak. Harremanik duzu haiekin?
Bai, biak ezagutzen ditut, baina batez ere Asierrekin egon naiz. Anaia nagusitzat dut. Hainbat aldiz entrenatu dut berarekin eta izugarri irakatsi dit.
Olarreta ere badago herrian. Nolako garrantzia du taldeak zure ibilbidean?
Oso handia. Olarretakoak familiakoak dira. Erlantz Garcia entrenatzaile izan nuen bertan eta bera aita izan zen niretzat. Jokalariak eta entrenatzaileak lagunak dira. Sestaon, lehen esan dudan moduan, oso gustura nabil, baina egia da gogoan ditudala Olarretan egindako entrenamenduak, Erlantz…
Nolako jokalaria zara? Zein gustatzen zaizu?
Aurrelaria naiz eta tantoak bukatzea gustatzen zait. Partidetan apurka-apurka ibiltzen naiz, partidak aurrera egin ahala, errendimendua gero eta hobea dut. Pablo Fusto gustatzen zait, baina Gaubeka eta Imanol ere zoragarriak dira.