Zergatik erabaki duzu alkatetzara berriro aurkeztea?
Zortzi urte daramatzat udalean, baina koronabirusak bi urtez normaltasunez jardutea eragotzi zuen. Hori dela eta, ezin izan ditugu aurreikusitako proiektu batzuk gauzatu, eta gustatuko litzaidake horiek hurrengo agintaldiaren lehenengo urteetan gauzatzea. Eta batez ere herrikideek emandako babesagatik eta animoagatik erabaki dut berriro aurkeztea.
Zein da datozen lau urteetarako lan-ildo nagusia?
Azken 12 urteotako berbera: larrabetzuarron bizi-kalitatea hobetzea. Horretarako, herritarrak izango dira protagonista, eta elkarlanean, auzokideekin, guztiok kezkatzen gaituzten gaietan sakonduko dugu: osasuna, ingurumena, kultura, euskara, parekidetasuna, kirola…
Eta erronka nagusiak?
Erronka nagusietako bi nabarmentzeko: etxebizitza eskuratzeari orain baino irtenbide merkeagoa ematea eta azpiegitura publikoak hobetzea. Gazteentzako laguntzak handituko ditugu alokairurako, eta, alokabiderekin batera, hutsik dauden etxebizitzak alokairu-merkatura ateratzeko kanpaina abiaraziko dugu. Hurrengo agintaldian, 3.250.000 euroko inbertsioa egingo dugu: eskolako eraikinean eta jolas-gunean atontze-lanak; futbol-zelaiko aldagelak eta lokal berriak; Errebale eta Gaztelumendi kaleak batzea; espaloi berria, Elexaldetik Gaztelumendiko igoeraren hasieraraino; lokal publiko berriak, ludotekan eta Errebale jauregian; eta udaletxearen birgaitze osoa. Azkenik, Aretxabalaganeko parke berria ipiniko dugu martxan, 18.500 metro karratu izango dituena.
“Eraikin eta bide publikoetan 3.250.000 euroko inbertsioa egingo dugu datozen lau urteetan”
Nolako lantaldea izango duzu ondoan?
EH Bilduk gaztetu du zerrenda. Gainera, azpimarratzekoa da emakumeen protagonismoa, zerrendako lehen zortzi kideetatik zazpi emakumeak dira eta. Denok bizi gara Larrabetzun, udalerriko errealitate sozialean inplikatuta gaude eta herriko hainbat taldetan hartzen dugu parte.
Nola baloratzen duzu azken agintaldia?
Herri Programan agindutakoa bete dugu. Nabarmenduko nuke, besteak beste, 1.050.000 euro inbertitu ditugula eraikin eta zerbitzu publikoak hobetzeko. Ekintzak ere antolatu ditugu euskararen eta herri-kulturaren alde, eta dirulaguntza berriak sustatu ditugu lehen sektoreari laguntzeko eta gazteei etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko. Era berean, herriko gazte sortzaileentzako beka sortu dugu. Larrabetzu Bizkaibuseko 2. tarifa-eremuan sartzea lortu dugu Garraioa Irauli elkartearekin batera, eta eraso sexisten kontrako udal-protokolo berria egin dugu Zutunik! talde feministarekin eta herritarrekin elkarlanean.
Karguaz jabetuz gero, zer egingo duzu lehenik?
Ez naiz originala izango: proposamenez harago, aurrekoetan esandakoa esaten jarraituko dut, eta herritar guztien alde lan egiteko konpromisoa berretsi, azken zortzi urteetan bezala. Nirekin batera udala osatuko duten zinegotzi guztiak ere konpromiso berarekin arituko dira; ez izan dudarik. Guk gobernatuta, udaletxeak herriko etxea izaten jarraituko du.