Larrabetzuko jaiak

Kale-antzerkia berreskuratu dute, eta kuadrillen arteko txapelketa errepikatu

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 27a, 11:00

Ohikoa denez, larrabetzuar guztiengan pentsatutako jai-egitaraua aurkeztu du Intxurreta jai-batzordeak, adin guztietako herritarrek andramariak eta sanemeteriak gozatu ditzaten. Abuztuaren 12tik 16ra bitartean eta abuztuaren 30etik irailaren 1era bitartean, beraz, herrian hamaika aukera egongo dira primeran pasatzeko; nobedadeak ere izango dira, eta iaz lehen aldiz egindako ekitaldiak berriro egingo dira aurten.

Andramariek ekarriko dituzten nobedadeen artean, kale-antzerkia azpimarratu du Intxurreta jai-batzordeak. “Aspaldian urtero antolatzen bazen ere, urte batzuk ziren kale-antzerkia antolatzen ez zela. Aurten berreskuratu dugu, eta, hortaz, abuztuaren 15ean Legea gu gara antzezlana ikusteko aukera egongo da Barsanti taldearen eskutik”. Txupinazoa zein ordutan botako den ere nobedadea izango da. “Itallen bertso-eskolak botako du abuztuaren 14an, 19:00etan. Azken bi urtean eguerdian egin da, baina aurten astelehena izango da eta, ahalik eta jende gehien batu dadin, pentsatu dugu arratsaldean egitea egokiagoa dela”.

Bestalde, iaz lehenengo aldiz antolatu zuten Kuadrilla Txapelketa, eta horrek izan zuen harrera ona eta arrakasta ikusita, aurten ere izango da. “Kuadrilla askok eman zuten izena. Aurten ere bost probari egin beharko diete aurre: talentu-lehiaketa, karrozak, dantza-lehiaketa, sukalki-lehiaketa eta rally poteoa”.  

Esan moduan, aurten Itallen bertso-eskolakoek izango dute txupinazoa botatzeko ardura; hala ere, aurreko egunetan ere ekitaldiak izango dira Larrabetzun. Horrela, abuztuaren 12an, arratsaldean, futbol-txapelketaren kanporaketak jokatuko dira; eta hurrengo egunean, domekan, finalaurrekoak eta finalak. Domekan ere herri-afaria izango da, Kantuz Kantu musika-saioa, eta kuadrillen arteko talentu-lehiaketa. “Zalantza barik, herri-afaria da urterik urte herritar gehien batzen duen ekitaldia”. 

“Zalantza barik, herri-afaria da urterik urte herritar gehien batzen duen ekitaldia”

Astelehenean, pala-partidak izango dira, disko-dantza eta erromeria, Zirkinik Bez taldearen eskutik. Martitzen goizean, bestalde, kalejira eta euskal dantzak egongo dira, eta ostean, herriko bazterrak girotuko ditu txaranga batek. Arratsaldean, prestatutako karrozak kalera aterako dituzte kuadrillek, eta kale-antzerkia ikusteko aukera egongo da. Kilimak musika-taldeak euskal rumba eramango du agertokira, eta Dj Pary&Tizak musika ipiniko dute kontzertua amaituta.  

Jaiak musikaz beteko dituzte, besteak beste, Zirkinik Bezek, Kilimakek eta Trikidantzek

Eguaztena ere ekitaldiz beteta etorriko da. Txistulariak, Akarmari eta buruhandiak goiz-goizean aterako dira kalejiran, eta igerilekuetan umeentzako puzgarriak ipiniko dira. Umeen bazkaria egingo da, eta sukalki-txapelketa. Bazkalostean umeentzako jolasak izango dira, eta arratsaldean, rally poteoa. Dj Reimyk eta Marabiyak Sound taldeak pedalei eraginez eramango dute musika Larrabetzura, eta Lekittoko deabruen ikuskizunak gaua argituko du. Erromeria Trikidantz taldearen eskutik izango da.

Azkenik, aipatu beharra dago jaietan sexu-erasoen aurkako protokoloa izango dela. “Erreferentzia-puntua plazako txosna izango da. Txanda guztietan jai-batzordeko kide bat izango da bertan, eta erasorik gertatuz gero, hara jo daiteke. Protokoloari jarraituta, laguntza emango zaio erasoa jaso duen pertsonari”.

Goikoelexean

Andramariek ez ezik Emeteriek ere nobedadeak ekarriko dituzte aurten. “Iaz goitibeherak antolatu genituen saiakera moduan, eta goitibehera txapelketan dabiltzan batzuk agertu ziren eta egundoko giroa egon zen. Horren ondorioz, herritar batzuk animatu dira goitibeherak bultzatzeko lantaldea sortzera, eta emaitza da aurtengo proba Euskal Inertzia Koparako puntuagarria izango dena”. Era berean, giza probak egingo dira lehen aldiz. “Zornotzako eta Arratia inguruko emakume batzuek taldea osatu dute eta Goikoelexean izango ditugu erakustaldia egiten. Gainera, desafioa ere egongo da haien eta herritarren artean”.

Goitibeheren saioa puntuagarria izango da Euskal Inertzia Koparako

San Zeledon eta San Emeterio jaiak abuztuaren 30ean hasiko dira. Egun horretan, marmitako- eta mus-txapelketak izango dira, dantzaldia, kalejira eta erromeria, Laket taldearekin. Hurrengo egunean, bertso-saioa egingo da, briska-txapelketa, giza probak eta kalejira. Gaueko kontzertua Haize Arrosa folk-taldearen esku izango da. Auzoko jaiak amaitzeko, umeentzako jolasak egongo dira goizean, eta goitibeherak eta bingo musikatua, arratsaldean; erromeria Trikidantz taldearen eskutik izango da.

 

Andramariak

Abuztuak 12, zapatua

17:00 Ume eta helduen futbol-txapelketa (kanporaketak).

 

Abuztuak 13, domeka

17:00 Futbol-txapelketa (finalaurrekoak eta finala).

20:00 Herri-afaria.

22:30 Kantuz kantu herriko musikarien eskutik, eta kuadrillen arteko talentu-lehiaketa.

 

Abuztuak 14, astelehena

17:00 Pala-partidak (profesionalak).

19:00 Txupinazoa, herriko txistulariek, Akarmarik eta buruhandiek girotua.

21:00 Disko-dantza.

00:00 Erromeria: Zirkinik Bez.

 

Abuztuak 15, martitzena

11:00 Kalejira, herriko txistulariek, Akarmarik eta buruhandiek girotua.

12:00 Dantza-ikuskizuna, Bizkargi dantza-taldearen eskutik.

Ostean, txaranga.

18:00 Karrozak.

21:00 Kale-antzerkia, Barsantiren eskutik: Legea gu gara.

23:00 Dantza-lehiaketa.

00:00 Kontzertua: Kilimak.

Ostean, Dj Pary&Tiza.

 

Abuztuak 16, eguaztena

10:30 Kalejira, herriko txistulariek, Akarmarik eta buruhandiek girotua.

11:30 Puzgarriak, igerilekuetan.

14:00 Umeen bazkaria, Txipasmendi gurasoen elkartearen eskutik.

14:30 Sukalki txapelketa.

15:30 Umeentzako jolasak, Jokairen eskutik.

18:00 Rally poteoa.

20:00 Dj Reimy.

22:30 Lekittoko deabruak.

00:00 Erromeria: Trikidantz.

 

Sanemeteriak (Goikoelexea)

Abuztuak 30, eguaztena

13:00 Txupinazoa, herriko txistulariek, Akarmarik eta buruhandiek girotua.

14:30 Marmitako txapelketa.

17:00 Mus txapelketa.

17:30 Gauargi taldearekin dantzaldia.

19:30 Kalejira, herriko txistulariek, Akarmarik eta buruhandiek girotua.

22:30 Erromeria: Laket.

 

Abuztuak 31, eguena

13:00 Bertsolariak: Peña eta Iratxe Ibarra.

17:00 Briska-txapelketa.

18:30 Giza probak.

19:30 Kalejira, herriko txistulariek, Akarmarik eta buruhandiek girotua.

21:00 Kontzertua: Haize Arrosa folk-taldea.

 

Irailaren 1ean, barikua

11:30 Umeen jolasak, Plisti Plastaren eskutik.

16:30 Goitibeherak.

Ostean, bingo musikatua.

23:00 Erromeria: Trikidantz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).