Bilboko manifestazioa atzo, martxoak 13, aurkeztu zuten Gurutzetako ospitalean. “Osasun Publikoaren narriadurak ondorio kaltegarriak eragiten ditu herritarren osasunean. Duela urte asko sufritzen ditugun politika arduragabeen eta negatiboen planifikatzearen eta kudeatzearen emaitza da honako egoera hau; batez ere, erakunde pribatuak osasungintzan sartzea ahalbidetu zuen 15/97 Legea onartu zenetik”, esan zuten. “Orain, promesen garaian gaude eta egoeraren larritasunak zein salaketen eta mobilizazioen gorakadak behartuta, iragarri digute osasun publikoa izango dela beren lehentasuna. Zaila egiten zaigu sinestea Eusko Jaurlaritzatik egoera hori eragin dutenei; urteetan zehar klinika eta aseguru pribatuen mesedetan osasungintza publikoa desegin dutenei; Lehen Mailako Arretako zentroak itxi edo ordutegiak murrizten dituztenei; medikurik gabeko zentroak irekitzea sustatzen duten horiei, horrek dakartzan ondorio larriekin; langileen lan-baldintzak okertzearen erantzuleei. Eraikin berrietan eta tresna medikoetan inbertsioak egingo omen dituzte, egungo osasun-zentroetan langileak falta diren bitartean. Itxaron-zerrenda luzeen ondorio larrien aurrean, ehunka paziente klinika pribatuetara bideratzean datza haiek eskaintzen duten konponbide bakarra, Osasun Publikoaren kaltetan. Mutuen bidez, bi osasun-sistema ezarri nahi dituzte: bata, baliabide gehiagorekin, lan-arloan aktiboak diren pertsonentzat, eta bestea, deskapitalizatuta, gainerako biztanleentzat”.
Deitzaileen esanetan, “premiazkoa da osasun publikoaren desegitea gelditzea” eta eskatu dute “sistema % 100 publikoa, integrala eta kalitatekoa ezartzea”. “Bizitzaren etapa guztiak babestuko dituen sistema; irisgarritasun unibertsala eta ekitatea bermatuko dituena; eta pertsonak eta osasuna haren erdigunean jarriko dituena. Ezinbestekoa da Lehen Mailako Arreta birsortzea, osasun-sistemaren giltzarri bihurtuz, ikuspegi komunitarioarekin eta genero-ikuspegiarekin, gaixotasunaren prebentzioa eta osasuna sustatuz. Lehen Mailako Arreta, behar diren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak dituena, eta osasun-aurrekontuaren % 25k hornituta, gutxienez, OMEk gomendatzen duen bezala. Denboran zehar arreta mediko pertsonala (luzetarako arreta) eta aurrez
aurreko arreta osoa bermatuko dituen osasun-sistema bat nahi dugu. Zerbitzuen eskaintza zabalduko duen osasun-sistema: osasun mentala, lan-osasuna, osasun komunitarioa, prebentziokoa, aho-hortzetakoa, fisioterapia, geriatria, eta abar. Sare osoan hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen osasun-sistema behar dugu; informazioan gardena eta kudeaketan demokratikoa izango dena; eta herritarrek parte hartzeko benetako mekanismoak izango dituena. Azkenik, sistema bat behar dugu, langileak haren aktiborik garrantzitsuentzat jotzen dituena”.
Manifestuari 106 kolektibo atxiki zaizkio, eta haien artean daude Osakidetzako langileak, sindikatuak eta alderdi politikoak.