Ni, neu eta neroni. Eta apur bat kontra egitearren, ez al litzateke hobea izango norbera komunitate baten partaide dela onartu eta sentitzea? Berdin du lanean, eskolan edo abesbatzan. Niri behintzat taldeak seguritatea eta konfiantza handitzeko aukera ematen dit, giza harremanak lantzeko, besteengandik ikasteko, ikuspegiak zabaltzeko, iritziak modu askean adierazteko… Alde txarrak egon badaude, jakina, Kanten esanetan elkartezinezko gizaki lagunartekoak gara eta. Egia ote?
Argi dago inoren edo ezeren alde arreta jartzeak gure zilbor-hestetik apur bat urruntzen gaituela, eta ariketa hori jada ez da gutxi. Eta batean Telleriak beste gai bati buruz botatako berbak ere hona ekarrita, komunitateak behin eta berriro gogorarazten du norbera “inportantea dela, baina ez horrenbeste”.