Harro, sei hamarkadaren ostean

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 7a, 10:53

Hori Bai Gaztetxea · Ane Barcena Guarrotxena kidea eta Jon Aurrekoetxea Olivares kide ohia

Hirurogei urte bete ditu Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeak. Andra Mari kaleko 23. zenbakian dagoela, Hori Bai leku esanguratsua eta berezia da larrabetzuarrentzat zein txorierritarrentzat; erreferentea. Ane Barcena Guarrotxena bertako gazte-asanbladako kidea da gaur egun, eta Jon Aurrekoetxea Olivares 90eko hamarkadan izan zen partaidea. Biak batu ditugu gaztetxean, eta harro hitz egin digute Hori Bairi eta bere ibilbideari buruz.

Urteurrena dela eta, gazte-asanbladaren gaur egungo kideak gaztetxetik pasatu diren hainbat belaunalditako partaideekin biltzen dabiltza, Hori Bairi buruz ahalik eta testigantza gehien biltzeko asmoz. Gaztetxea elizaren lokal batean dago, eta duela 60 urte Elizaren babespean-edo sortu zen. “Francoren garaia zen, eta beste herri batzuetan moduan, bertoko gazteek taldea osatu zuten eta gune hau erabiltzen hasi ziren, besteak beste, euskaraz hitz egiteko, euskal dantzak ikasteko, mendi-irteerak egiteko eta euskal kultura sustatzeko”. Izena garai hartako partaideen izaera baikorretik datorkio. “Antza denez, gauzak proposatu, eta proposamen guztiei “hori bai!” esaten zieten”.

Eraikinaren egoera txarraren ondorioz, Hori Bai 1983. urtearen hasieran itxi zen. “Udalak agindu zuen gazteak batzeko beste lokal edo gune bat emango zuela, baina denborak aurrera egin zuen eta lokal barik jarraitzen zuten. Gainera, zurrumurruak zabaldu ziren Elizak lokalerako zituen asmoei buruz, eta azkenean eraikinera sartu eta okupatzea erabaki zuten 1986ko abenduaren 24an. Aitzakia moduan Olentzero ospakizuna hartu zen. Eraikina txukundu, eta gaztetxe bihurtu zuten bizitza emateko”. 80eko hamarkadan, bestalde, gaztetxeen loraldia izan zen Euskal Herrian, garaiko krisi sozialari eta ekonomikoari erantzuna emateko. Gazteak antolatzeko eta egitasmo alternatiboak sortzeko gune bihurtu ziren, eta Hori Bai ere herriko gazteen beharrizanak asetzera etorri zen. “Azken batean, sasoian sasoiko testuingurua ezberdina izan arren, belaunaldi guztietan gertatzen da hurrengo hau: adin-tarte zehatz bateko gazteek aisialdi-aukera gutxi dituzte edo dituztenek ez dituzte asetzen, eta gauzak euren modura egitea pentsa- tzen dute eta autogestiora jotzen dute. Gaztetxeak, gazte-elkarteak, gazte-asanbladak… askotariko guneak dira motibazio ezberdinak dituzten gazteentzat. Sortzeko guneak dira; irabazien logikatik kanpo, beste aisialdi-eredu bat sustatzeko lekuak. Politikarako espazioak ere badira, politika ikasteko eta egiteko. Beharbada, aukera hau ez da agintari nagusien gustukoa, eta aspaldi honetan okupazioaren kontrako olatua dago eta hainbat gaztetxe utzarazten dabiltza. Potentzial handiko lekuak dira, eta, agian, horregatik ezabatzen nahian dabiltza”.   

Hirurogei urtean Hori Bai arrisku-egoeran egon da zenbait alditan. “Azkena 2002an izan zen. Udalak eta Elizak eraikina behera botatzeko asmoa azaldu zuten, baina herritarrak Hori Bairen alde batu ziren eta egundoko indarra eta elkartasuna erakutsi zuten. Azkenean eraikina ez botatzea lortu zuten. Gaur egun egoera egonkor batean gauden arren, kezkatuta gaude aspaldi honetan, Euskal Herrian, ia astero dagoelako utzarazte bat. Nahiz eta lasai egon, ez dakigu hemendik gutxira zer gertatu daitekeen: legea gero eta zorro- tzagoa da, eta espazio autogestionatuen egoera, gero eta kezkagarriagoa”. Gaztetxeen eta autogestionatutako espazioen kontrako oldarraldiarekin batera, gazteek eta gazte-asanbladek erakutsitako solidaritate- eta babes-olatua ere etorri da. Gainera, Hori Baitik herriko hainbat belaunaldi pasatu izanak –kasu batzuetan, familia bereko aitite-amumak eta bilobak ere– are bereziago eta estuago egiten du herritarren eta gaztetxearen arteko lotura. “Jende askok egin dio ekarpena Hori Bairi, eta hortaz, harrotasunez sentitzen dute, eta babesten dute. Beste herri batzuetan, beharbada, ez dago gune autogestionatuekiko sentimendu hori, baina, Hori Bairen kasuan, herriaren baliabideek eurek nolabait lagundu dute gaztetxearekiko aldeko jarrera eratzen: adibidez, herrian ez dugu kultura-azpiegitura handirik, eta garai batean ere elkarte gutxi zeuden. Beraz, gabezia horiek betetzen ahalegindu gara. Gainera, elkarte moduan, Hori Baiko kideok aurreko belaunaldiengandik etorri dena jaso dugu, eta ondorengo belaunaldiei helarazi diegu; eskola izan da zentzu horretan”.

2004an Hori Baik egindako zenbait ekintza.

ERREFERENTEA

Hori Bai erreferentea da larrabetzuarrentzat zein txorierritarrentzat eta inguruko herritarrentzat. Sei hamarkadaren ostean eta gazteen kezkak belaunaldiz belaunaldi eta testuinguruaren arabera aldatzen direla jakinda, fideltasunez jarraitu diote hasierako filosofiari: autogestioa. “Borondate politikoagatik gaude gazte-asanbladan, eta ekintzak ez ditugu irabaziak izateko asmoarekin antolatzen. Autogestioa ez da erraza, lana eta lana da, eta gauzak kolektiboki antolatzen ditugu, guztiak errespetatuz eta guztion interesak asez. Halakoetan giza baliabideak dira garestienak, eta guk musutruk ematen dugu. Nolanahi ere, proiektu hau guztion artean adostu dugunez, guztiok motibatuta gaude gauzak aurrera eramateko”. Gaztetxearen izaera herrikoiak lagunduta, motibazio horrek eraikineko hormak behin baino gehiagotan zeharkatu ditu, konpontze-lanak egiteko, gazte-asanbladak auzolanera deitu duenean. “Eta eskerrak! Bestela, hau ez litzateke posible izango. Egunero, agian, ez, baina zerbait puntuala dagoenean, herriak beti erantzuten du”.

Izan ere, Hori Baik ere ekarpen handia egiten dio herriari. “Alde batetik, gune bat gara eta Larrabetzuko edozein eragilek antolatu dezake berton ekintza bat. Aberasgarria da, ze nahiz eta gazte-asanbladak gestionatu, lokala herri osoarena da eta herri osoak erabili dezake. Beste aldetik, milaka ekintza antolatzen ditugu urtean zehar: Gabonetako kultur ekitaldiak, hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak, San Inazio, Gazte Eguna… Kanpora begira egiten ditugun ekintza horiek lan handia dakarte, baina herritarren laguntza izaten dugu eta ez dugu bakarrik lan egiten. Gero, kanpoan ikusten ez diren ekintzak ere antolatzen dugu, barne-ekintzak, garrantzia handia ematen diegulako barne-mailako formakuntzari eta gure arteko komunitatea indartzeari”. Ekintzez ari garela, saihestezina izan da gaztetxean 80ko hamarkadaren amaieran eta 90 hamarkadaren hasieran egindako kontzertuei buruz hitz egitea. “Euskal rock erradikalaren goraldian geunden, eta gehienbat kontzertuak antolatzen genituen. Hori Bain garaiko talde ospetsu guztiek, edo ia guztiek, egin dute kon- tzertua: Kortatu, Hertzainak, BAP, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Zarama, MCD, Dut, Parabelum…”.

Gazte-asanblada sasoian dago gaur egun, eta pozik. Kontatu digutenez, estutasun handi bat gainditu dute, azken urteetan ez zutelako belaunaldi berriak erakartzea lortzen. “Pertsona gutxi geunden. Despolitizazio orokortua egon da, eta jendeak ez du gazte-asanbladetara sartzeko motibaziorik izan. Egoerari buelta nola eman hausnartu dugu eta dinamika batzuk ipini ditugu martxan gazteak erakartzeko. Egia esan, ondo funtzionatu dute eta momentu honetan 20 pertsona gaude gazte-asanbladan”. Antzekoa da gazte-asanblada eta ekintzak kudeatzeko lehen eta oraingo modua: lantaldeen bidez. Belaunaldiz belaunaldi ikasitako eta hobetutako era da, baina gaur egungo kideak ahaleginetan dabiltza funtzionamendua gero eta gehiago optimizatzeko. “Gazte-asanbladak nahiko ondo funtzionatzen du. Helburua da funtzionamendu ahalik eta onena izatea eta ekintzak ahalik eta ondoen egitea. Hau da, guztiok ekarpena egin ahal diogun antolakuntza izatea eta gauzak motibatzen gaituztelako egitea, eta ez egiteagatik”. Etorkizunari begira, hala ere, erronkak ere badituzte. “Asanbladara hurbildu diren gazteak luzaroan gelditzea nahiko genuke, eta gure artean giro ona sortzen eta  Larrabetzuko gazteei eta herritarrei aisialdi alternatibo bat eskaintzen jarraitu. Era berean, Hori Bairen eta gazte-asanbladaren izaera belaunaldiz belaunaldi helarazten jarraitu nahi dugu”.

 

Hori blaituz

Gazte-asanblada kultur egitarau berezia antolatzen dabil Hori Bairen 60. urteurrenaren harira. Horrela, bada, aurreko hilabeteetan mahai-ingurua antolatu zuten arriskuan dauden gaztetxe eta gazte-asanbladen egoera eta aurre egin behar dieten oztopoak ezagutzeko, eta zuhaitzak landatu zituzten gaztetxearen izena duen basoan. Maiatzean, bestalde, Hori Blaituz asteburua izango dute, ekintzaz beteta etorriko dena. “Aspaldian egiten zen asteburua da, eta duela urte batzuk berreskuratzeko saiakera egon zen arren, ez zuen jarraitutasunik izan. Urteurrena dela-eta pentsatu dugu berriro saiatzea. Helburua ez da kanpoko jendea erakar-tzea, baizik eta herritarrekin eta elkarteekin elkarlanean ibiltzea eta gazteei eta herritarrei eskaintza egitea”.

Asteburua maiatzaren 9an, barikuz, hasiko da. Arratsaldeko 7,30ean 60. urteurrenaren harira herriko musikari gazteek egindako abestia aurkeztuko da jendaurrean, eta 20:30ean, musika-emanaldia izango da. Zapatuan, maiatzak 10, dj-, serigrafia- eta boxeo-tailerrak izango dira 10:30etik aurrera, eta 15:00etan, herri-bazkaria. Bazkaldu ostean, Nork daki? jolasean ibiliko dira. “Hori Baiko lehengo belaunaldiek egiten zuten jolasa da, eta berreskuratzea pentsatu dugu. Hainbat galdera egiten dira Larrabetzuko pertsona bati buruz, eta pertsona hori nor den asmatu beharra dago”. Itallen bertso-eskolako kideek girotuta, bertso-poteoa egingo da 19:00etan, eta 22:00etatik aurrera dj-a egongo da Hori Bain. Asteburua biribiltze- ko, domekan, maiatzak 11, urteurrenari lotutako murala margotuko da 11:00etan, eta 17:30ean “Musika eta gaztetxeak Euskal Herrian: eskutik doazen bideak” solasaldia egingo da. Besteak beste, Josu Ximun Billelabeitiak eta Aiora Renteriak hartuko dute parte bertan.

Beste aldetik, eta ohikoa denez, Hori Bai Eguna ospatuko dute uztailaren 31n. “Aktetan jaso den moduan, Hori Bai data horren inguruan sortu zen. Aurten izango dugu bazkaria, mus eta karta txapelketak eta erromeria”. Era berean, Gazte Eguna egingo dute abuztuaren 2an, herriko hitzordurik garran- tzitsuetako bat dena. “Aurrekoengandik jasotako eskemari jarraitzen diogu: goizean hasita, poteoa egongo da, bazkaria, olinpiadak eta kontzertuak. Aurten, gainera, gaztetxeen eta gazte-asanbladen aldeko manifestazioa berreskuratuko dugu. Baziren urte batzuk egiten ez genuela, jende gutxi batzen zelako, baina egungo egoera ikusita uste dugu egokia dela berriro antolatzea, gero eta gaztetxe gutxiago dugu eta”.