Elena Maria Rodríguez Seoanek pozik zabaltzen digu bere etxeko atea, eta kafea eskaintzen digu balkoian, “Larrabetzuko bistarik onenak” dituena, diotenez. Elkarrizketaren mintzagaia hark argitaratutako azken liburua izan arren, bere liburu denak erakusten dizkigu, “betebehar bezala” idatzi zituenak, jendea laguntzeko helburuarekin. Esan bezala, urte luzez aritu zen Zamudioko Ospitalean, osasun mentaleko erizain bezala lanean. Erretiroa hartuta, idazkerari eta balkoiko landareei eskaintzen dizkie denbora gehiena. Orain nobelak idazten hasi nahi duela dio, baina osasun mentalaren inguruko azken liburu bat argitaratu du, “Cronicidad en salud mental: radiografía y diagnóstico” deitzen dena eta Larrabetzuko liburutegian eskuragai dagoena jada.
Liburu honetan, osasun mentalarekin erlazionatutako arretak izandako bilakaeraren inguruan aritzen da, non, haren hitzetan, “teknologiaren arloan garapen oso garrantzitsu bat egon den”, eta haien artean nabarmentzen ditu eguneko ospitaleen sorrera, adibidez. Baina oraindik “gaur egun errepikatzen diren konstanteak” daude, hala nola, osasun mentalarekin erlazionatutako gaixotasunak ez ikustea beste edozein gaixotasun bat bezala. Oraindik gauza asko egiteke daudela dio, eta horiek burutzeko gobernuen, eragile sozialen eta komunikabideen “beharrezko” eginkizuna azpimarratzen du, batez ere gaixotasun mentalarekiko mentalitate aldaketaren kasuan.
Liburu honetan, Rodríguez Seoanek dio “cronicidad” dioela ez direlako nahasmendu mentala duen pertsonarengan sendatzen nahasmendu horiek, baizik eta egonkortu egiten direlako, eta honen arretaren inguruko bilakaera azaltzen du XV. mendetik gaur egunera arte. Kontuan hartuta Rodríguez Seoanek 2020an hartu zuela erretiroa, gaur egun lanean jarraitzen duten profesionalekin kontaktatu du liburua eguneratua egon dadin. Izan ere, aipatzen du komunikazio terapeutikoa funtsezkoa dela, nola hitz egin nahasmendu mentala duten pertsonekin, nola lan egin eta zer hartu behar duten kontuan. Honekin batera, garbitasun mentalerako neurriak nabarmentzen ditu.
Zer dira garbitasun mentalerako neurriak?
Garbitasun mentalerako neurriak norberak bere osasun mentala zaintzeko neurriak, ariketak dira. Denok ezagutzen ditugun osasun neurriez gain (egunero zortzi orduz lo egitea eta abar), Rodríguez Seoanek beste neurri batzuk azaltzen ditu besteak beste, hala nola, ohartaraztea, norberak ondo egiten dituen gauzetan poztasuna bilatzea, eta gauzen alde positiboa ikustea. Hark jasandako minbiziaren kasua jartzen du adibide gisa: “Asko irakatsi zidan, eta horren harira bizitzako gauza txikiak disfrutatzen hasi nintzen, eta pertsona ulerberagoa izaten ere”.
Hori dela eta, umetatik honen inguruko hezkuntzaren garrantzia nabarmentzen du, gaur egun jendeak bizitzako ezbehar bat gaixotasun mental batekin nahasten duelako, eta hori “arriskutsua” dela dio: “Permisibitate osoak, lortzen duen gauza bakarra da dena zure alde ez doanean ez ulertzea zergatik gertatzen den hori, umeak frustrazioa zer den ikasi beharra du”. Horrek egitura mental “indartsu” bat eraikitzea dakar, baina batez ere eskolan zein etxean eraikitzen lagundu behar dela dio. “Gobernuek parte-hartze aktibo bat izan behar dute eta saiatu jendea osasuntsu haz dadin, eta osasuntsu haztea ez da beldurrarekin haztea”, dio. “Osasuntsu haztea ez da pentsatzea dena txarto joango dela ez naizelako onena izango. Helmugara pertsona bakar bat heltzen da, baina pertsona asko daude helmugara iritsi gabe gauza garrantzitsuak egin dituztenak”. Bukatzeko, Rodríguez Seoanek dio “beti” dagoela irteeraren bat, nahiz eta agian ez izan “guk nahi duguna”. Elkarrizketa amaierarantz doan heinean, eguzkia laino artetik agertzen doa. Ekaitza pasa ondoren, beti agertzen baita eguzkia.