Ez garelako dena ahazteko nahikoa biziko

Mikel Reina Barros · Aner Mentxaka Alvarez 2026ko otsailaren 9a

GOTZON BARANDIARAN ARTEAGA
Larrabetzuarrak ia denetarik egin izan du bere ibilbidean, kulturako zirrikitu guztiak arakatu ditu. Orain, arakatu baino, aukeratu egin ditu. Batetik, ‘Galbahe’ diskoa kaleratu du, poema bakoitzari doinua hautatuz. Bestetik, Nazim Hikmet idazlea aukeratu du bere poemak euskarara itzultzeko. 

Galbahea liburu argitaratu zenuenean, bazeneukan diskoaren ideia buruan?
Galbahearen kontzeptua aspalditik neukan buruan lan egiteko, eta ez bakarrik literaturan, haratago ere. 2019an Gorka Urbizuk eta biok Galbahe izeneko errezitaldi musikatu bat eskaini genuen Azpeitiko San Agustinen. 400 pertsona elkartu ziren. Orduan, sare sozialetatik, adibidez, informazio gaindosi bete-betean geunden, gezur asko, ultraeskuineko mezu asko... Zer iragazi behar dugun kontzeptu hori landu nahi nuen, zikinkeria eta zabor guzti hori baztertu eta benetan balio duenarekin geratu. Gero, berriro galbahearen inguruan idazteko gogoa etorri zitzaidan. 2023an hasi nintzen poema liburua idazten, eta idazten nuen bitartean dagoeneko poemak batzuk abestu egiten nituen. Katamalorekin lortu genuen poesia hedatzea ohiko irakurleetatik haratago, ariketa hori errepikatzea ideia ona iruditu zitzaidan. 2024an liburua aurkeztu nuen Literaturia egitasmoan. Ordurako bagenituen kantak eta hortik aurrera bost emanaldi egin genituen, oso gustora aritu ginen eta entzuleengandik ere harrera oso ona jaso genuen. Horrenbestez, iaz, Rafa Ruedaren estudioan elkartu ginen, eta diskoa grabatu genuen. Hau da, diskoaren ideia ez zegoen hasieratik nire buruan.

Talde anitza da zuena, herriko artistetatik hasi, Txorierri eskualdera zabaldu eta Rafa Ruedara arte helduz.
Larrabetzuko Andra Mari kalean Mixerabliak taldeak duen lokalean hasi ginen. Bertan elkartu nintzen Lander Bilbao eta Urdin Baraiazarrarekin. Aspaldi neukan gogoa beraiekin lan egiteko, asko gustatzen zait egiten dutena. Melodiekin jolasten hasi ginen 2023an, kantak gorpuzten joan ziren bi gitarrarekin eta mandolina batekin. Testuak zein instrumenturekin lotzen nituen bilatu eta erabaki nahi nuen. Adibidez, nire buruan poemekin biolinak entzuten nituen. Emakumezkoak sartu nahi nituen taldean, eta Uxue Garcia loiuztarra eta Mariana Blanco laguntzeko prest agertu ziren. Kantek gero eta gorputz sendoagoa eta zabalagoa zutela ikusi genuen eta kantuen sormenean eta ekoizpenean esperientzia zeukan norbait behar genuen: Rafa Rueda. Konposantzailea izateaz gain, ekoizle lan asko egin izan ditu.

a: Gaizka Peñafiel

 

Gaur egun musika gero eta hedatuago dago, poema errezitaldi musikatuak egiten dira, bertsolaritzan ere hasiak dira musika sartzen…
Gurean, idazle eta musikarien arteko elkar eragina beti egon da. Adibidez, nire ‘Hitzen ahariea’ liburua horri buruz doa. Etengabea izan da harreman hori. Berezko lotura bat izan da. Gainera kontuan izan behar da, gaur egun are gehiago, euskarazko kultur adierazpideetan irismen eta zale gehien dituena musika dela, alde handiz gainera.

Hori Bain kontzertua eskaini zenuten abenduaren 19an. Zelan bizi izan zenuen?
Harrera itzela izan zen. Egia esan, errespeturik handiena nire lanak etxean aurkezteak ematen dit. Etxean beti hobeto egiteko desira hori daukazu. Emanaldi ederra izan zen, diskoan parte hartzen duten Amets Aranguren eta Gaizka Sarasola ere etorri ziren, eta kontzertua borobildu zuten. Kontuan izan behar da ia urtebete generamala zuzenean elkarrekin jo barik. Diskoa bakoitzak bere aldetik grabatu zuen, ez denok elkarrekin. Beraz, urduritasun puntu bat ere bazegoen.

Barandiaranen eskutik Galbahe disko bat eta Nazim Hikmet poema liburu bat zozkatuko ditugu. Parte hartu!

Diziplina anitzeko zure zerrenda amaigaberako beste lan bat: Nazim Hikmet turkiarraren poemak euskaratu dituzu.
Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumarako enkargu bat izan zen. Poeten zerrenda bat eman zidaten, eta zalantza barik, Hikmet aukeratu nuen. Gabriel Arestik bere ‘Lau gartzelak’ izeneko poemak itzuli zituen, eta bere bizitza latzaren berri ere banuen. Bere herriari eta hizkuntzari oso lotuta zegoen. Familia on batetik etorri arren, komunista egin zen eta herri xehean sartuz asko eraldatu zen pertsonalki. Gobernuaren errepresioa jasan zuen, 13 urte eman zituen kartzelan eta urte askotan bere herrialdetik kanpo bizi behar izan zuen. Distantziatik kantatu behar zion Turkiako langile klase borrokalariari. Kanpotik idatzi behar izan horrek mina eragin zion. Gazte hil zen, eta heriotza presente dago bere azken poemetan. Min guzti horrengatik, samurtasun handiko testuak aurkitu ditut. Galbahearen gai nagusietako bat maitasuna da, eta Hikmetek ere erabiltzen du krudelkeriari, injustiziari eta bazterketari aurre egiteko. Bat zetorren orduan ni idazten ari nintzenarekin, beraz, oso errez egin nuen.

Euskararen eta Euskal Herriaren egoerarekin ere lotu daiteke?
Gabriel Arestik zerbaitengatik aukeratu zuen Hikmet. Batetik, ideologiagatik, baina batez ere bere idazteko moduagatik. Hikmeten nahi zuen herritar alfabetatu gabeek bere testuak ulertzea, eta hori Arestik ere egin izan zuen, euskara argi baten idatzi. Ahalik eta jende gehienak uler zezaten idazten zuten.

Eta zelango harrera izan du liburuak?
Oso zaila da, are gehiago itzulpen bat izaterakoan. Herrietako irakurle taldeetan, adibidez, ez da poesia irakurtzen, narrazioa da nagusi. Idazle batzuen erantzuna jaso dut eta oso gustuko izan dutela esan didate. Denetarik idatzi izan dut eta baztertuenetako bat da itzulitako poesia liburuak.