Oroitzapen bizia

Lezamako Udalak babestutako edukia 2019ko api. 4a, 09:47

Apirilean, 40 urte beteko dira Mikel Zarate lezamarra hil zala. Idazlea, irakaslea, abadea, laguna, anaia… Zaratek arrasto sakona itxi eban ezagutu eben guztiengan. Era berean, ekarpen handia eta garrantzitsua egin eutsen euskalgintzari eta euskereari. Apirilaren 10ean, ekitaldia egingo dabe bere omenez.

“Nik bardin-bardin gogoratzen dot; atzo balitz legez”, esan deusku anaiak, Ritxar Zarate Lejarragak. “Gauza guztiak ezin dira buruan euki; baina anaiaren gehienak dodaz barruan”. Lezaman gagoz, eguaztenetan afaldu ohi eben txokoan. Idazlearen lan gehienak be bertan dagoz. “Ni baino 14 urte nagusiagoa zan, eta bigarren aita zan niretzat; eta gero, anaia zaharra, laguna, dena… Berrogei urte pasatu dira, baina oraindik gainditu barik daukat bere heriotzea”.

Alazne eta Gorka Zarate Gorostiola nerabeak ziran osaba hil zanean. “Mikelegaz izan nebazan hartu-emonak bideoan gelditzeko botoia sakatuta balego moduan dodaz gogoan: bazkalosteak, seminarioko gauzak... Lan-ibilbidea euskalgintzaren inguruan egin dot, eta osabearen lanagaz askotan egin dot topo. Gainera, askorentzat Mikelen loba izan naz beti”, azaldu dau Gorkak. Alaznek batez be familiak kontatutakoak dauz erreferentziatzat. “Oso alaia eta bizia zan; bere filosofia zan ia-ia”.

Josi Sierra Orrantia be txokoan dago. Galdakoztarra Mikel Zarateren ikaslea izan zan seminarioan, eta dokumental bat grabatzen dabil lezamarraren heriotzaren urteurrena dala eta. “Bere izakerak harrapatu egin ninduan, eskolea emoteko moduak, bere xarmak… eta kolpe handia izan zan joan zala jakin nebanean. Abadea izan arren, oso pertsona hurbila zan eta bizitzaren kontuez be egiten eban berba”.

Jose Miguel Zarate eta Julia Lejarraga senar-emazteak Izagirretarren etxean (batzokia egoan etxea) bizi ziran errentan, eta Mikel bertan jaio zan 1933an. Handik urtebetera Uribarrira joan ziran bizitzera, aitaren osaba Santik Ferrocarriles-en loterian tokatu jakon diruagaz egindako etxera. Han anaia Jon jaio zan 1936an. Nazionalek Bilbo hartu, eta aita lau urtez eroan eben preso: lehenengo, Carmeleko gartzelera; eta gero, Cuellarreko espetxera. Ondorioz, Mikel eta Jon aita barik hazi ziran euren lehenengo urteetan. Mikelek 10 urte ebazala, Lejarrenera joan ziren bizitzera amama Atanasia eta aitite Justogaz. Anaia Ritxar bertan jaio zan 1947an.

 

Nekaezina

Gerra denporan goiko eskoletan ikasi eban, eta, eskola barriak egin ebezan arte, Oxangoiti taberna dagoan etxean ipini ziran eskoletan. Mikel 14 urteetara arte ibili zan eskolan. Gero aitari lagundu eutson etxegintzan, eta handik gutxira seminarion sartu zan. Ritxarrek kontatu deusku nekaezina zala. “Eguna goizeko 6etatik gaueko 12ak artekoa zan berarentzat: egunero idazten eben, bategaz eta besteagaz ebilen, nigaz, txokoan, futbolean, eskupelotan… Intentsidade handikoa zan”.

Intentsidade handi horrek oso denpora laburrean lan oparoa egitera eroan eban. Bere obretako batzuk – 12, hain zuzen be– www.mikelzarate.com webgunean dagoz irakurgai, Susa argitaletxearen eskutik. Lan horreen artean, Ipuin antzeko alegi mingotsak (1975), Bizipenen bultzadaz (1978) eta Utopiaren fantasian (1979) azpimarratu daitekez.  “Haurgintza minetan (1973), esaterako, gau baten idatzi eban. Oso posturazalea zan, kirolean zein bizitzaren arlo guztietan, eta esaten eban gai zala 24 orduan liburu bat idazteko. Hara! Gau baten idatzi eban herri bateko bizitzea”.

Ikuspegi aurrerakoia eta zabala eban Mikel Zaratek. “Gauzak modu honetan egin behar zirala esaten eban: baserritik auzora, auzotik herrira, herritik Bizkaira eta Bizkaitik Euskadira”. Gorkaren ustez, Mikel Zaratek bizkaitarren harrotasunaren hasiera ekarri eban zer edo zelan. “Bizkaitarrok, beharbada, urte askoan lotsa euki dogu gure euskereagaitik, eta, idazteko modua kontuan hartuta, pentsatzen dot Mikel ahalegindu zala bizkaieratik eratorritako batua erabiltzen”. Izan ere, bizkaierea abiapuntutzat hartuta, batuarantz egin eban. “Esaten eban hizkuntza guztietan hizkuntza bakarra egoela”, gaineratu du Ritxar Zaratek.

 

Abade bertsolaria

Eraikuntzan ebilen poeta zan Mikel. Abadetu zanean Mallabira, Gerea auzora, eroan eben eta, bere anaiaren eritxiz, hori giltzarri izan zan bere bizitzan. “Gerean guztiak ziran euskaldunak, eta bertsolariak. Hor hasi zan bertso munduaz eta euskara munduaz kontziente izaten”. “Idatz eta Mintz (Ipuin antzeko alegi mingotsa liburuaren barruan) idatzi ebanean esan eustan irakurtzeko eta zer ulertu neban azaltzeko”, berbea hartu dau loba Alaznek. “Nik esan neutsan Mintz aita zala, herrikoia, herriko euskerea zaintzen ebana; eta Idatz neu nintzala… Beldur eutsan herriko ohiturak eta izakerea galtzeari”. Euskaraldiak Gorkari be ekarri eutsan gogora osabak idatzitako istorio hori. “Ahobizi eta belarriprest rolen antzekoak dira. Euskerearen ezagutza-maila oso altua da gaur egun, baina gero ez da kalean erabiltzen. Eta hizkuntzak bi oinarri dauz: alde batetik, idazten dana; eta bestetik, jenteak kalean berba egiten dauana”. “Esaten eban abizen erdaldunak ebazan euskaldun bat nahiago ebala abizen euskaldunak ebazan erdaldun bat baino”,erantsi dau Ritxarrek. 

Lauroetan be ibili zan abade Mikel Zarate. “Hori ez zan ohiko mezea. Anaiak bertsoak botatzen ebazan eta baselizan auzoko baserritarrak batzen ziran, euskaldunak. Jentea «ea Mikelek zein bertso botatzen dauan gaur» pentsatzen joaten zan mezatara. Bilboko gotzaintzak bidali eutsan gutuna, mezatan ezin zela bertsorik bota jakinarazteko. Baina bardin-bardin jarraitu eban bertsotan”. Eta bertsoen haritik “Talotxiki” lagunaren enterrua etorri jako burura Ritxarri. “Sondikako eleizan. Sermoia bota barik hilkutxara hurbildu, eta bertsotan hasi zan. Oso hunkigarria”.

Kantagintzari be egin eutsan ekarpena. Senideek aitatu dabenez, mezatan abesten diran kanta asko Mikelek idatzitakoak dira, eta Oskorri taldeak be musikea ipini eutsen Aita semeak bertsoei. “Familiari aberastasun handia ekarri deusku, ze etxera kultura munduko pertsonaiak etortzen ziran bazkaltzera edo afaltzera, nahiz eta garai hatan gu oso gazteak ginan eta ez genkien nortzuk ziran; Lazkao Txiki, adibidez”, adierazo du Alaznek. 

 

Omenaldia

Mikel Zarate 1979ko apirilaren 10ean hil zan 49 urte ebazala. Aurten, egun horretan eta bere heriotzaren 40. urteurrenaren haritik, omenaldi-ekitaldia egingo deutsie Lezaman. Ekitaldia Pedro Mari Goikoetxea kazetaria dabil antolatzen Udalarekin batera, eta 19:30etik aurrera izango da Kultur Aretoan. Bertan Mikelen lagunek hartuko dabe parte, eta Josi Sierrak zuzendutako dokumentala, Mikelegaz 40, ikusteko aukerea egongo da.

“Mikelek energia eta euskerea ikasteko grina emon eustan, eta nik hori itzuli behar neutsan. Horregaitik pentsatu neban dokumentala egitea”, azaldu deusku Sierrak. Egileak 40 lagun inguru alkarrizketatu dauz; herriko lagunak eta kultura munduko pertsonaiak tartean, hala nola Miren Egaña, Gontzal Mendibil eta Benito Lertxundi. Elkarrizketetako batzuk YouTuben (labur.eus/mikelegaz40) ikusi daitekez. “Guztiei Mikelen gainean zerbait kontatzeko eskatu deutsedanean irrifarrea urten jake. Xehetasunak kontatu deustez: zelan egiten eban kartetan, zelan futbolean… Eta guztiek sentipen sakon eta positibo bategaz egin dabe berba. Mikel handia zan gorputzez eta bihotzez, eta guztiek esan deuste pertsona ona, lagun ona eta lagunkoia zala”.

Familiak Mikelegaz akordau diran guztiei erakutsi gura deutse esker ona. “Guk bizirik daukagu, baina honek guztiak laguntzen dau herrian be bizirik mantentzeko”. Berrogei urteren ostean, Mikel Zarate senideen eta lagunen oroitzapenetan bizi da. Eta bihotzean be bai.

 

Apirilak 10, eguaztena, 19:30ean, Lezamako Kultur Aretoan

Lontzo Zugazaga: bertsoak

Juanjo Elezkano: kantua

Adolfo Arejita: berbaldia

Josi Sierra: Mikelegaz 40/40 Mikel barik dokumentalea

Ekidazu abesbatzea: abesti bat

Gotzan Mendibil: kantu bi

Natxo De Felipe: Aita-semeak kantua 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).