Silvia Palumbo: “Gizateriaren erdiak pairatzen dituen miseriak ikusgai egitea dugu helburu”

a: Silvia Palumbo (Facebook) eta Ecuador Etxea 2019ko eka. 24a, 12:11

Argentinako kantautore eta musika-trebatzaileak danborren tailerra eman zuen Lezaman, Moreak hango talde feministak proposatuta eta udalaren eta mankomunitatearen laguntzarekin. Maiatzean biran ibili zen Euskal Herrian eta Estatuko zenbait herritan, eta emanaldien eta tailerren artean tartetxoa atera zuen bere proiektuaren berri emateko.    

Zer da “Mujeres en Bandada” tailerra?

Tailerrean ahalduntze espresibo feminista lantzen dugu danborren, ahotsen eta mugimendu eszenikoen bidez.

Badira 10 urte egitasmoa Euskal Herrira eta Estatuko beste herri batzuetara ekartzen duzula. Aurten, lehenengo aldiz egin da Lezaman. Zelan joan da?

Oso atsegina izan da Lezamako emakumeekin lan egitea, oso esperientzia polita. Tamalez, tailerra ohikoa den baino laburragoa izan zen; hala ere, asko ikasi zuten eta hori baliagarri izango zaie aurrera jarraitzeko eta adieraztea ahalbidetuko dien banda bat sortzeko.

Zurea ez da batukada tailerra, danborren tailerra baizik. Zein da ezberdintasuna?

Batukada Brasiletik datorren estruktura musikal, kultural, patriarkal eta matxista da, eta inauteriei dago lotuta. Beste herri batzuetara zabaldu da, nahiz eta amankomunean ezer ere ez duten, oso musika gogoraerraza delako eta energia handia duelako. Guk egiten dugunak ez dauka zerikusirik horrekin: gure lana emakume bakoitzarengan hasi, eta taldean amaitzen da; gure barnean hasten dugu, kanpokoa aldatzeko. Danborra beste baliabide espresibo bat da: zilborraren azpian dugun bigarren chakra-ren energia eta danborraren mintzaren energia batzen ditugu, gure gorputzaren alde lan egiteko. Gainera, danborraren mintz horretan, eduki patriarkalak barik, guk nahi ditugun edukiak, nahiak eta ametsak ipintzen ditugu.

Zeintzuk dira erabiltzen dituzuen erritmoak?

Uztartze erritmikoak dira, eta gehienbat Amerikako hainbat herritako erritmoetan eta bertakoetan oinarritzen dira. Herri batera ailegatzen naizenean, lehenengo eta behin galdetzen dut zeintzuk diren ohiko erritmoak eta lantzen ditut: beste herri batzuetako erritmoekin uztartzen ditut, nire ustez, muga musikalik ez dagoelako. Esaterako, Asturiasen izan nintzen lehenengo aldian hango jota eta Afrikako musika-egitura bat uztartu nituen eta bikain gelditu zen. Uztartze horrek abestia ere badu, fusio guztiek euren kanta dute eta: emakumeok patriarkatuaren kontra kantatu nahi ditugun abestiak dira. Gurea proiektu feminista da eta gizateriaren erdiak pairatzen dituen miseriak ikusgai egitea dugu helburu. Izan ere, Argentinan esaten dugun moduan, patriarkatua eroriko da; noiz edo noiz eroriko da.

Argentinako Diputatuen Ganberak kultura-interes nazionalekotzat jo zuen “Mujeres en Bandada” tailerra. Proiektua “La banda Lavanda” egitasmoaren barruan dago; zertan da egitasmo hori?

“La banda Lavanda” egitasmoarekin orain dela 15 urte baino gehiago hasi nintzen. Artearen hainbat esparrutako erremintak eta elementuak hartu, eta feminismoan oinarritutako metodologia bat garatzen noa. Zer egiten dut horrekin? Leku batetik edo bestetik deitzen badidate, hara noa, eta bandak sortzen laguntzen diet: oinarria eta lan egiteko modua irakasten diet.

Zein da banden eginkizuna?

Egia esan, oso proiektu autonomoa da, eta, kontzeptuei dagokienez, nahiko erradikala. Argentinan, alde batetik, leku publikoa okupatu egiten dugu, hau da, paisaiaren parte ez izaten saiatzen gara: jairen batean edo inauterietan bagaude, ospakizunari beste ikuspuntu batetik heltzen diogu, jai tradizionala edo patriarkala izan ez dadin. Gainera, kontuan hartu behar da Argentinan jaiak oso sexistak eta misoginoak direla. Eta bestetik, inor joaten ez den lekuetara joan ohi gara: auzo eta herri txirotuenetara. Leku horietara beste begirada bat eramaten dugu, zapalkuntzaren begirada hegemonikotik oso urrun dagoena.

Kantautorea eta musika-trebatzailea ez ezik, ekintzaile feminista ere bazara. Hurbildu, mesedez, Argentinako emakumeen egoera.

Eskuineko gobernua dugu orain dela hiru urtetik hona: oso gobernu zapaltzailea eta errepresiboa da. Era berean, kanpoko zorra oso handia da eta biztanleen % 35 pobrezian bizi da. Horrek pobrezia feminizatzea dakar, eta, bestalde, gizonengan ere badu eragina: berez oso matxistak dira, eta, txirotasunaren ondorioz, indarkeriak gora egin du. Ia egunero hiltzen dute emakume bat, eta berdintasun arloan ez dago ganorazko politikarik. Feminizidioak salatzeko, #NiUnaMenos mugimendua hasi zen 2015ean eta oso jendetsua da. Ondoren, marea berdearen mugimendua sortu zen, abortua legeztatzeko eskatzeko. Emakume askok egin dute bat mugimendu horiekin –emakume gazte askok, tartean–, eta feminismoa sendotu egin da. Gainera, emakume gazteek beren amak ere kontzientziatu egin dituzte.

Aldi berean, zapi urdin argien mareak ere gora egin du.

Gorro sortzaileak dira horiek, eta gehienak eliza ebanjelikokoak eta katolikokoak dira. Umetxoen hiltzaileon kontra, feministon kontra, agertu dira eta oso indarkeria handia sortu dute; gorroto handia. Batera egiten dugu aurrera, tamalez, baina feminismoa inoiz baino biziago dago Argentinan eta herri asko ere bizkortu egin dira.

 

 

Soinu-aztarna feminista

Silvia Palumbo Jaime kantautorea duela 55 urte jaio zen Argentinan. “Lesbiana naiz eta Argentinako azken diktadura militarrean hezi behar izan nuen, baina hori zapalkuntza eta indarkeriari lotutako beste istorio bat da. Nire herritik Buenos Airesera sexialiatu behar izan nuen eta han feminismoa ezagutu nuen 20 urte eta gutxi nituela. Feminismoak bizitza aldatu zidan: orain naizena berari esker da”. Munduari begirada lesbiana-feminista batekin begiratzen dio harrezkero, eta horrek eragina izan du bere musikan. Horrela, bada, emakumeentzako sintesi politiko, musikal eta kaletar baten bila dabil etengabe. “La banda lavanda”egitasmoa bilaketa-prozesu horretan sortu zen orain dela 15 urte.

Palumbo eta bere banda, DesBandadas, biran ibili dira Euskal Herrian eta Estatuko zenbait herritan. Tailerrak egiteaz gainera, Crónica musical feminista diskoa aurkeztu dute. “Abestiak patriarkatuak eta matxismok eragindako biolentziaz eta zapalkuntzaz mintzatzen dira. Beharrezkotzat jotzen dut abesti horiek idaztea, emakumeok munduan soinu-aztarna feminista eraikitzen jarraitu behar dugu eta, seriotasunez eta modu sakon batean”. Euskal Herrian, 12 emakumezko danborren talde inguru sortzen lagundu du.       

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).