Lehen etxebizitza eskuratzeko beharra dutenen % 65,6 etxebizitza bilatzen dabil eta, inkestan jaso den moduan, nahiko lukete etxebizitza hori 61-90 metro koadrokoa izatea (% 60,7) eta hiru logela (% 55,8). Era berean, inkestatuen % 29,5ek eraikuntza berriko etxebizitza nahiago du, baina gehienek uste dute berdin diola eraikin berria den ala ez. Etxea erosi behar dutenen % 68,9k adierazi du babes publikoko etxebizitza jabetzan eskuratzeko asmoa, eta % 9,8k alokairuan.
Nabarmendu dutenez, inkestatuen % 61ek ez ditu ezagutzen babes-etxebizitzen motak, ezta horiek eskuratzeko baldintzak ere. Horri dagokienez, % 93 azaldu da udalak giari buruzko informazioa osatu eta bidaltzearen alde. Azkenik, % 97,3k egokitzat hartzen du Babes Publikoko Etxebizitzan interesa dutenen erregistroa egitea, eta % 90,8k uste du lezamarrek lehentasuna izan behar dutela etxebizitza horiek emateko orduan.
Udalak jakinarazi duenez, emaitzak kontuan hartuta, diagnostiko bat egingo du eta hori ibilbide-orri moduan erabiliko du “Lezaman Babes Publikoko Etxebizitzak eraikitzeko aukerak dakarren prozesu luzean aurrera egiten jarraitzeko”. Beste aldetik, gogora ekarri behar da herriko zenbait elkartek eta herritarrek Etorkizuna Eraikitzen etxebizitzaren aldeko plataforma osatu zutela iaz eta euren aldarrikapen nagusia dela herrian jabetzarako edo alokairurako etxebizitzak eraikitzea.
Lezamarrek aipatutako beste arazo batzuk hauek dira: dendarik ez egotea (% 14,8), girorik ez egotea (% 9,5), zerbitzurik eza (% 8,3) eta garraio publikoa (% 7). Nolanahi ere, inkestatu gehienak pozik agertu dira udalerriarekin eta 10 puntutatik 8.06 puntu eman diote. Inkesta osoa hemen kontsultatu daiteke .