Lejarrene jatetxea martxoaren 27an itxi zuten. Erretiroa hartu izana gazi-gozoa izan da jabeentzat: Isabel nekatuta dago; beraz, poz-pozik; Fernandok, aldiz, ez daroa ondo, goizean altxatzen denean zer egin oraindik ez dakielako. Bikoteak 18 urte eman ditu Lezaman; lehenago, Astrabuduan egon ziren beste taberna batean. “Guztira 30 urte daramatzagu ostalaritzan. Gaztetan negozio bat izan nuen bazkide batekin, baina gauzak ez ziren espero moduan atera. Andrea trebea zen sukaldean, eta gaztea zela bertan lanean ibili zen, eta horregatik erabaki genuen ostalaritzan sartzea”, dio Fernandok. “Beti gustatu izan zait sukaldaritza. Etxean txokoa dugu eta askotan bazkariak egin ditugu. Eta denboraren poderioz, ekinaren ekinez, halabeharrez ikasi dut”, berretsi digu Isabelek.
Lejarrene jatetxea hurbila izan da bezeroekin. "Jendea beldur barik sartzen zen sukaldera, batzuetan giltzak utzi dizkiet bezero batzuei parrandan jarraitzeko… Etxekoak gara eta bezeroak ere etxekotzat jo ditugu". Eta horren haritik, milaka anekdota bizi izan dituzte. “Gau batean, jende asko zegoen tabernan eta afaria eman nion Fernandori: legatza frijitua mahai batean utzi nion eta bat-batean, bezero bik, erabat mozkortuta, galdetu zuten: “Hori zer da? Tortila frantzesa?” Eta ezer gehiagorik esan barik, legatza zati osoa ahoan sartu egin zuten eta jan. Guztiok gelditu ginen txundituta. Hori kontatzen dugun bakoitzean, guztiok egiten dugu barre", esan du Isabelek.
Era berean, Isabelek eta Fernandok bat egin dute herriko ekitaldiekin: txarribodak, mortzilak, jaiak... Mus-txapleketa ere antolatzen zuten. "Bezeroen esanetara ibili gara beti. Batzuetan ia lan barik eman dugu gaua eta bat-batean, 23:00etan, koadrila batek eskatu dizu tripakiak zerbitzatzeko. Eta eman egin behar dizkiezu...”.
Momentu txarren bat ere izan dituzte, baina "onak gogorazi" baino ez dituzte nahi. Esate baterako, Pedro Mari Goikoetxea kazetariak Lejarrenen idatzi zuen Iribar: irudia eta eredua liburua. Besteak beste Goikoetxeak, beste ohiko bezero batzuekin batera, omenaldia egin zieten tabernariei. “Bertso bat eta gure argazkia zuen kuadroa eman ziguten eta jai ederra egin genuen. Oso polita eta hunkigarria izan zen: askok negar egin genuen. Herriko jatetxeetan horrelakoak gertatzen dira. Jatetxe dotoreetan, ez, aldiz, gu bezain pertsonalak ez direlako. Bezeroek momentu esanguratsuei lotzen diete (jaun-hartzeak, urtebetetzeak…) taberna eta horregatik geu ere bagara garrantzitsuak. Ondo moldatu gara Lezaman, eta eskerrik beroena eman nahi dizkiegu herritarrei horregatik, guri adierazitako babesarengatik”.
"Bezeroek momentu esanguratsuei lotzen diete taberna eta horregatik geu ere bagara garrantzitsuak"
"Ondo moldatu gara Lezaman, eta eskerrik beroena eman nahi dizkiegu herritarrei horregatik"
150 bazkari
Jatetxea, Nerearekin, alabarekin kudeatu dute. “Onena da. Azken urtean, berarengatik izan ez balitz, ez ginatekeen taberna aurrera ateratzeko gauza izango. Denaz arduratu da: lagundu dit sukaldean, erosi du edaria, bezero guztiak ezagutzen ditu –norberari zer gustatzen zaion, izena…–. Orain ez daki zer egingo duen, ziur asko ostalaritzan jarraituko du, jatetxe batzuek lan-eskaintza egin diotelako”. Nerea hasiera-hasieratik ibili da jatetxean. Garairik onenean guztira zazpi lagun ibili ziren lanean, tabernan eta 130 bazkari zerbitzatzen zituzten egunean.
Garai txarrei ere egin behar izan diete aurre. Azken urteotan, COVID-19aren pandemiak gogor jo ditu tabernariak eta horiek euren lana egokitu behar izan dute. Lejarrenekoek, beste taberna askok egin zuten moduan, etxez etxeko zerbitzua jarri zuten martxan. “Zerbait egin behar izan genuen, jatetxea oso handia delako eta gastu asko ekartzen zizkizulako: argindarra, ura, zergak... Eta alokairua hilabete batean agian ez duzu ordainduko, baina gainerakoetan ordaindu egin behar da”.
Dena dela, COVID-19arena baino okerragoa 2008ko krisia izan zen. “Horrek kalte handia ekarri zigun, amildegitik erori izan bagina moduan. Krisia etorri baino lehen, 130-140 menu zerbitzatzen genituen egunero; ostean, aldiz, 40 inguru, eta horrela eman genuen urtebete baino gehiago. Hurrengo urteetan gero eta gehiago hasi ginen ematen, 60 menu inguru. Azken boladan, 100 bazkari ematen genituen egunero, etxez etxeko zerbitzua barne". Lejarrene jatetxeko sukaldea itxi egin da betiko. Ez adiorik, Isabel eta Fernando!