Iker Galartza da Gure Zirkuaren sustatzailea, baita bere aurpegirik ezagunena ere. Galartzak ospea hartu du hainbat urteetan telebistan aritu izanagatik: ¡Vaya semanita!, Allí abajo... Azken horretan lortutako diruari esker jarri zuen Gure Zirkua martxan, eta berarekin batera familia ere daroa: Elene Galartza trapezista gaztea da, eta umeak, Nora eta Iñaki, malabaristak eta akrobatak. Galartzak pailazotzat jotzen du bere burua. 2000. urtean Poxpolo eta Makolo pailazoen konpainia sortu zuen eta Poxpolo pertsonaia Gure Zirkura ekarri du.
Galartza pailazo lotsagabea da ikuskizunean, Joseba Usabiaga (Handia, Goenkale) zeremonia-maisuari ziria behin eta berriro sartzen diona. Bikotearekin lantalde ederra aritzen da, guztiak euskaldunak: Ibon Mendibil eta Unai Zabaleta musikariak, Ortzi Acosta akrobata (Cirque du soleilean ibilitakoa), Ane Miren bihurrikaria, Iraitz Lizarraga trapezista, Ekain Ibarguren malabarista (eta pailazoa), Beñat Maiz akrobata gaztea... Imanol Ituiño magoa hainbat aldiz ikusi dugu Txorierrin eta Gure Zirkuan ere aritzen da.
Fantasia
Guztira ordu eta erdiko ikuskizuna eskaintzen dute euskara hutsean. Egitura ohikoa da: saio laburrak eta bitartean, musika. Emaitza fantasia da, “ezinezkoa den guztia, egia bihurtu daitekeen mundu magiko batera bidaia egitea”, konpainiaren webgunean jaso duten moduan. Haien hitzetan, ilusioa, xalotasuna eta ikusgarritasuna dira zirkuaren hiru ezaugarri eta hirurak sorrarazten dituzte ikusleengan.
Ikuskizunaren doinua alaia da, eta umorea, nagusi. Ikuskizuna umeei dago zuzenduta, baina nagusiek ere pasatuko dute primeran. Izan ere, saioak keinuz beteta daude: Lezaman, esate baterako, “ez, ez, ez, zabortegirik ez!” oihukatu zuten eta adoreak eman zizkioten Athletici. Ez da makala, zirkuko gehienak giputzak direla kontuan hartuta. Musikaren bidez harreman gertua eta berezia sortzen da publikoaren eta antzezleen artean eta saio batzuetan jendeak ikuskizunean parte hartzeko aukera ere badu. Eta ekitaldia amaitzen denean, umeek artistekin argazkiak atera ahal dituzte. Nagusiek ere ez dute aukera alferrik galtzen. Gure Zirkuak argi eta garbi erakusten du umiltasunetik, txikitasunetik, handitasunera heldu ahal dela.