Ekintzaz betetako astea Euskararen Eguna ospatzeko

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 28a, 14:32

Ahobizi edo belarriprest txapa soinean dugula, Euskararen Egunaren harira antolatutako ekintzak  etorriko zaizkigu. Lezaman egingo dira aurten, azaroaren 29tik abenduaren 3ra arte. Euskaraz gozatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak eta Zorrizketan Lezamako euskara elkarteak; kontzertuak eta familientzako ikuskizunak daude ekintzen artean.   

Asmoa da pandemiaren aurreko agertokira itzultzea eta, lehen moduan, aurten lau urtetik 11 urtera bitarteko umeentzako ekitaldiak egongo dira astean zehar. Ekitaldietan guztira 1.171 ume batuko dira, hiru egunetan banatuta. “Parte hartzeko ekintzak izan daitezen saiatu gara”, azaldu du Laura Martinez Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko euskara-teknikariak. “Adibidez, abenduaren 1ean euskal karaokea egingo da bosgarren eta seigarren mailetako ikasleekin. Horretarako, 108 euskal kanta bidali ditugu eskoletara, ikasgela bakoitzak bi kanta aukeratu ditzan, eta Lezaman abestu”. Bestalde, azaroaren 29an Nai malabaristaren ikuskizuna izango da zazpi urtetik bederatzi urtera bitarteko umeentzat, eta abenduaren 2an Motx pailazoak lau urtetik sei urtera bitarteko umeei gozaraziko die.

Euskararen Eguneko ekintzak parte hartzekoak izan daitezen ahalegindu dira antolatzaileak  

“Lezamako eskolako umeek saio bakoitzaren aurkezpena egingo dute, eta horiek aurretik lantzen dabiltza. Era berean, seigarren mailakoek bertsoa sortu dute eta ikastetxe guztietara bidali da, aurkezpenetan elkarrekin abestu dezaten. Euskaraz bizi nahi dut abestiaren koreografia eta batukada ere prestatu dituzte aurkezpenetara begira. Lan itzela egiten dabiltza”. Euskaraldiaren eta Euskararen Egunaren ekintzek bat egingo dute, eta eskoletara Euskaraldiaren kanta eta bi koreografia  bidali dituzte, ikasleek landu ditzaten. Koreografietako bat Euskal Herri osorako egin da eta bestea Txorierriko dantza taldeek sortutakoa da. “Gainera, abenduaren 2an, Euskaraldiko bukaera-ekitaldian, Lezamako eskolako 104 umek hartuko dute parte, eta koreografia dantzatu”. Eskoletako umeek ez ezik institutuko gazteek ere izango dute zer gozatu Euskararen Eguna dela eta. Horrela, azaroaren 29an elkarrizketa musikatuak egingo dira Derioko Gurea Aretoan. Oraingo honetan, La Basu eta La Pulga abeslariak gonbidatu dituzte agertokira, gazteekin esperientziak partekatzeko.

Euskararen Eguneko ekintzak, Txorierriko Mankomunitateak antolatu ditu Zorrizketan euskara elkartearekin lankidetzan. Aurreko lerroetan aipatu moduan, abenduaren 2an amaituko da Euskaraldia eta egun horretako ekintzak ere Lezaman egingo dira. “Herrietako jai-batzordeetako kideek ekitaldia egingo dute eta han ariketan ibili diren zenbait lagunen testigantzak jasoko dira, Euskaraldiak aurten zer ekarri dien jakiteko eta ondorioak ateratzeko”. Ostean, Neomak taldearen kontzertua izango da. “Kepa Junkerarekin ibilitako Sorginak taldearen partaideak dira. Neomak taldea osatu dute eta egundoko arrakasta dute. Trikitia eta soinu modernoak uztartzen dituzte, eta oso taularatze berritzailea dute. Espero dezagun jendea animatzea eta etortzea”.

Euskal jaia

Euskara teknikariaren esanetan, abenduaren 3a ekintza erakargarriz beteta etorriko da goiz-goizetik. “Goizeko ekintzak Zorrizketanek antolatu ditu. Diana egongo da Ondalan Erraldoien Konpartsak girotuta, eta ondoren euskal jaia. Ekintza horiek herriko plazan egingo dira, baina eguraldi txarra izanez gero, frontoian egingo dira, gainerako saioak bezala”. Arratsaldean, euskal dj-ak kantak ipiniko ditu umeak eta familiak dantzatzeko, eta ondoren Barrexerka  gazteentzako umorezko ikuskizuna egongo da. Eguna biribiltzeko, erromeria egiteko aukera izango da Zirkinik Bez taldearen eskutik. “Euskararen kale-erabileraren datuak eta Soziolinguistika Klusterrak esan ziguna kontuan hartuta, umeek eta gazteek erabiltzen dute gehien euskara. Hortaz, haientzako guneak sortzen ahalegindu behar dugu, gure etorkizuna dira eta. Horregatik, gainerako adin-tarteetako lagunak ahaztu barik, aurten ahalegin berezia egin dugu ume eta gazteentzako euskarazko ekintza erakargarriak antolatzen”.

Ahalegin berezia egin da ume eta gazteentzako euskarazko ekintza erakargarriak antolatzen

Lezamara hurbiltzeko gonbidapena egin diete antolatzaileek txorierritarrei, “ahalik eta ondoen pasatu eta euskaraz  egin dezaten”. Halaber, keinua egin diote Euskaraldiari. “Ea ahalik eta jende gehienak txapa ipintzen duen eta euskara erabiltzera animatzen den. Gainera, egundoko lorpena izango litzateke, pertsona bakoitzak hizkuntza-ohiturak aldatu eta lehen gaztelaniaz egiten zuen lagun birekin gutxienez, hemendik aurrera euskaraz egitea lortuko balu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).