Loiuko mendizaleak

2.000 mendietako kluba

Aikor aldizkaria 2019ko ira. 4a, 09:27

Zenbat aldiz egiten dugu astean benetan gustatzen zaiguna? Pedro Diez eta Sa­bin Aresti txorierritarrak men­dizale amorratuak di­ra eta astero joaten dira men­dira lagunekin. Urte as­ko da­ramate hori egiten: beraz, 2.000 mendi baino gehiago bisitatu dituzte eta, konturatu barik, klub aparta osatu dute. Eurekin batu gara eta duten zaletasunari buruz hitz egin digute.

Pedro Diez (83 urte) eta Sabin Aresti (75 urte) lagunak dira eta biak bizi dira Txorierrin: Pedro, Sondikan; eta Sabin, Loiun. Biak dira mendizaleak eta urteak eta urteak daramatzate mendira elkarrekin joaten. Apurka-apurka, beste lagun batzuek bat egin dute haiekin eta talde polita osatu dute: lehenik eta behin, Eduardo Gonzalez (69 urte) eta gero Jose Ramon Martinez (67 urte), Javi Garcia (71 urte) eta Eulogio Gangoiti (68 urte). Horiek guztiak ez dira txorierritarrak, baina zapaturo elkartzen dira Sondikan, txangoak egiteko. Guztira, 12 urte daramatzate elkarrekin.

“Ezin naiz bizi mendira joan barik”, esan digu Sabinek. "Leku eta lagun zoragarriak ezagutu ditugu. Behin, Urdaibain geundela, Arteagako errota erakutsi ziguten. Pribatua da, baina hori ezagutzeko jakin-mina genuen eta jabeak erakutsi zigun". Taldekideak mendizale amorratuak dira eta, noski, astero-astero egiten dituzte ibilaldiak; eguraldia ona zein txarra, horrek ez du garrantzirik. "Negua Euskal Herrian ez da izaten hain gogorra. Eta eguraldi txarra dagoenean, aterperen bat duen ibilbidea egiten dugu, ogitartekoa patxadaz jateko". Bakarrik behin egin zuten salbuespena eta ez ziren mendira atera. "Orain dela urte batzuk, ziklogenesi leherkorra iragarri zuten eta emazteek ez ziguten ateratzen utzi (kar, kar)".

Normalean Bizkaitik ibiltzen dira, etxetik hur. Lau-bost orduko martxak egiten dituzte eta jarraian etxera itzultzen dira familiarekin bazkaltzera. Helburua ez da mendi tontorrera iristea, baizik eta ibiltzea, lagunekin egotea, kirola egitea eta naturan murgiltzea. Athletic eta politika dira mintzagaiak, batez ere aldapan behera. “Aldapan gora ni mutu ibiltzen naiz, ez dut hitz egiteko indarrik (kar, kar)”, dio Eulogiok.   

Kuadrilla erabat maiteminduta dago Bizkaiarekin, eta euren hitzetan, "leku zoragarriak ditugu etxetik hur": Serantes, Gorbea, Itxina, Besaide, Karrantza... "Tamalez, bizkaitar askok ez dute Bizkaia behar bezala ezagutzen. Penagarria da". Eurek, ostera, ederto ezagutzen dute lurraldea, baina oraindik badaude leku ezezagunak. "Esate baterako, auzoak. Orain asteburu batzuk Artiban egon ginen, Alonsotegiko auzo bat, ezagutzen ez genuena. Pagasarriren eta Alonsotegiren artean dago".

 

Erronkak

Taldeari ez zaio gauza bera astero egitea gustatzen eta, horregatik, erronkak egiten dituzte. Lehenengoa Bizkaiko mendi guztietara –guztira 120– igotzea izan zen. Geroago, gauza bera egin zuten Araba eta Gipuzkoako mendiekin, baita Nafarroakoekin ere. Gainera, Transpirenaica mendiko ibilaldia ere egin dute. Horrek Kantauri eta Mediterraneo itsasoak lotzen ditu Pirinioen bidez, Hondarribitik Cadaques herrira bitartean. Guztira, 810 kilometro eta 78.000 metroko desnibela dituen ibilbidea da.

Eta mendiak amaitu zitzaizkienean, herriei ekin zieten, hau da, Bizkaiko 112 udalerrietatik ibili dira; guztira, 939 kilometroko abentura, etapatan banatuta. "Eta herrien artean mendietatik pasatu ginen, jakina!", berretsi digu Jose Ramonek. Azken proiektua ere Bizkaian eraman zuten aurrera: "18-20 etapako ibilbidea egin genuen, Bizkaiko mutur guztietatik Bilbora joateko: Armintza, Santurtzi, Lekeitio, Ermua, Elorrio, Otxandio, Karrantza... Etapa batzuk oso luzeak dira eta egun batzuetan egin genituen. Gaur egun, guk egindako ibilbide batzuk edozeinek egiten ditu; hala ere, beste batzuk ez ditu inork egin", dio Sabinek, harrotasunez.

Sabinek beste erronka bat ere egin nahi du, baina momentuz ezin izan du: ermiten ibilbidea. "Oso zaila da ermitak topatzea eta ganorazko ibilbidea prestatzea, batez ere teknologia berriekin trebea ez naizelako". Ildo honi jarraituz, GPS eta horrelakoak erabiltzea ere ez zaio gustatzen. "Kanpoan agian bai, baina Bizkaian ez naiz galduko;  eta bideren batean galtzen bagara, azkenean, era batean edo bestean, bide zuzena aurkituko dugu”.

 

 

Buruzagi zuhur eta metodikoa

Sabin Aresti Erandiogoikoan jaio zen, baina Loiun bizi da azken 50 urteotan. Bera da taldeko burua: berak prestatzen ditu ibilbideak eta besteek jarraitzen diote. "Autoan elkartu arte ez dakigu nora goazen", esan digu Jose Ramonek. "Ni betidanik izan naiz mendizalea, eta ezkondu nintzenean, kirola egin nahi nuen eta mendira joatea erabaki nuen. Eta horrela hasi nintzen. Hasiera batean, talde batekin, gero beste batekin… Eta azkenean horiekin", azaldu digu Sabinek. 

Sabin zuhurra da. "Gaztetan, 21 urte nituela, Arrazolara, Anbotora joan nintzen eta gorriak ikusi nituen handik jaisteko. Harrezkero, ezin izan naiz bide arriskutsuetatik –bide estuak eta amildegi handikoak– ibili: Anetoko Mahoma pasabidea –handik hainbat mendizale erori dira–, Anbotoko infernuko zubia, Aralarreko Balerdi edo Arabako Karria Haitza –kateak erabili behar dira tontorrera heltzeko–, adibidez. Beldur izan naiz eta ez naiz hortik pasatzera inoiz ausartu. Ez du merezi", esan digu.

Gainera, lagunek esan duten moduan, oso metodikoa da. "Etapa bat bu­katzen dugunean, hurrengoa leku be­rean hasi behar da. Behin, Pirinioetan, mutil batek eskaini zigun autoz Eugi he­rrira eramatea, baina Sabinek ezetz esan zion, gure plana Urkiaga mendateko tontorrera heltzea zelako. Mutilak Urkiagan itxaron behar izan zigun. Beste behin, Deustuko erriberan, izugarrizko beroa egiten zuen eta pentsatu genuen espaloiaz aldatzea, itsasadarraren parean  agian haizeak freskatuko gintuelako. Baina Sabinek esan zuen ezetz, beste aldeko espaloitik beste egun batean ibili beharko genuela argudiatuta".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).