“Udalerriko historiaren unerik latzenetako bat bizi izaten gabiltza; hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Txorierriko Mankomunitatearekin eta gainerako udalekin batera ahalik eta neurri gehien hartzen gabiltza”, idatzi du. “Udal-arlo guztietan biziki lan egiten gabiltza hauek bermatzeko: beharrizan handiena duten pertsonentzako gizarte-zerbitzuak, hornitzaileei edota enpresei ordaintzea, udal-segurtasuna, desinfektatze-lanak eta sektore zaurgarriei eta adinekoei laguntzea”.
Azaldu duenez, alarma-egoera deklaratu baino lehen, udala ordurako abiadura handian zebilen lanean sortu litezkeen egoerei eta ondorioei aurre egiteko. “Lehenengo udaletakoak izan gara ekonomia- eta zerga-neurriak hartzen, segurtasun-neurri zorrotzak ezartzen eta konfinamendua ahalik eta arinagoa izateko ekintzak sustatzen. Era berean, FFP2 maskarak eman dizkiegu herritar guztiei eta Gurutze Gorriarekin batera Loiuko familia guztiak bisitatu ditugu”.
Zehatz-mehatz, Loiuko Udalak 62 gizarte-neurri onartu ditu herritarrentzat; 14 neurri, udal-ekintzak bertan behera uzteko eta udal-instalazioak ixteko; 21 ekonomia-neurri; 23 neurri, administrazioaren lanari lotuta; eta 18 neurri, garbitze- eta desinfektatze-lanei lotuta. “Udalak erakunde guztiekin izan du elkarlan estua; orain ere horrela da eta izango da. Halaber, etengabeko komunikazioa izan dut, eta badut, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Txorierriko Mankomunitatearekin, Bizkaiko udalekin eta udal-oposizioarekin. Guztiei eskertzen diet babesa eta koordinazioa”.
Besteak beste, 62 gizarte-neurri eta 21 ekonomia-neurri hartu dira
Neurri batzuk
Begoñak zehaztu ditu hartutako neurriak. Besteak beste, Larrialdirako Udal-mahaia sortu da eta boluntarioen sarea osatu da Gurutze Gorriarekin batera. Gizarte-larrialdiko laguntza eskatzeko epea bizkortu da eta herriko negozioei krisia arintzen laguntzeko neurriak aztertu dira. Era berean, bide publikoa eta industriguneak desinfektatzeko plan bereziak egin dira, eta harreman estua izan da komentuekin eta Gurena zahar-etxearekin.
Bestalde, hainbat bide zabaldu dira herritarrak informatzeko eta gelak, maskarak eta eskularruak banatu dira negozioen artean. Diru-sarrerarik ez duten pertsonentzako laguntzak indartu dira, eta norberaren babesteko ekipamenduak eman zaizkie oinarrizko gizarte-zerbitzuei. Terrazei lotutako zerga barkatu da eta aparteko diru-funtsa onartu da talde zaurgarrientzat, merkataritza eta ostalaritza sektoretarako eta autonomoentzat. Herriko dendak, tabernak eta jatetxeak berpizteko ekintzak ere aztertu dira.