Aititek kutsatu zion margotzeko grina. “Pintura-eskolara joaten zen eta egun batean galdetu zidan ea berarekin joan nahi nuen. Sei urte-edo nituen garai hartan, eta asko gustatu zitzaidan esperientzia. Gainera, unibertsitatean ere margolaria izateko ikasketak egin ahal nituela esan zidanean, ez nuen birritan pentsatu”. Arte Ederretako fakultatean hasi da aurtengo ikasturtean. “Gogorra izan da hasieran, margolaritzan ez ezik, hainbat arte-motatan saiatu behar da eta: eskultura, arte-tekno… Ikasgaiez gainera, asko ikasi dut nire buruari buruz zein ikaskideei buruz. Izan ere, euren lanen bidez jakin izan dut nolakoak diren, nola sentitzen diren, zein esparrutan gailentzen diren…”.
Margolaritzak erabat erakartzen du, “pintzela erabilita, margo-pote bat hainbat estilotako margolan bihurtu daitekeelako. Era berean, margolanaren bidez sentimenduak helarazten dizkiozu ikusleari eta hausnartzera bultzatzen duzu. Nire ustez, inportanteena da ikusleek zerbait sentitzea, hori onerako ala txarrerako izan”. Errealismoa lantzen du. “Batez ere aurpegiak eta begiak margotzen ditut, asko transmititzen dutelako. Paisaia errealista bat oso polita izan daiteke, eta harekin loturaren bat baduzu, oroitzapenen bat, esaterako, etorri ahal zaizu gogora; begiek eta aurpegiaren espresioak, ordea, beti-beti transmititzen dute zerbait. Eguneroko bizitzan konturatzen zara horretaz, eta mihisera eramatea lortzen duzunean egundokoa da. Nik batez ere erretratuak egiten ditut”.
Inspirazioa egunerokotasunean topatzen ditu. “Beti ibiltzen naiz argazkiak egiten. Lagunekin izaten banaiz, eta, adibidez, argiztapena gustatzen bazait, argazkia egiten diet, gero erretratua margotzeko. Gainera, koadroak gogorarazten dit momentu horretan lagunekin nintzela… Interneten ere bilatzen dut zer margotu. Margolanak egiteko, olioa erabiltzen dut, koloreak lausotzeko edo nahasteko orduan aukera handiagoa ematen duelako. Beste abantaila bat da koloreak sikatzen direnean tonua ez dela aldatzen”. Margolari kutuna du: Modesto Trigo. “Kasualitatez ezagutu nuen Madrilgo Natura Zientzien museoan nengoela. Margolari hipererrealista da eta bere lanak ikaratzen nau, ez dakizulako argazkia ala margolana den: nahiz eta kuadrora asko hurbildu, ez duzu ezta pintzelkada bat ere ikusten”.
Hitzik gabe
Bere hitzetan, artea da bizitzeko modua; sentimenduak eta momentuko egoera hitzik gabe helarazteko era bat. “Kuadro bat ikusita badakigu artista momentu hartan zelan zegoen”. Erakusketak egiteko irrikan dago eta gustatuko litzaioke margolaritza bere ogibidea izatea. Hala ere, uste du margolarien lana ez dela behar moduan baloratzen. “Niri aurrekontua eskatu didate gizarte-sareen bidez, baina prezioa adierazi diedanean ez dut berriro euren berririk izan. Edo museora joaten zara eta baten bati entzuten diozu kuadro bat edo bestea ez dela hainbesterako. Kuadro bat ikusten denean, bakarrik emaitza hartzen da kontuan eta ez zaie erreparatzen atzean dauden lan-orduei, materialen prezioari, lortu den errealismoari… Ez da artistaren begietatik ikusten. Nik batez beste 30 ordu inguru ematen ditut erretrato bat egiteko. Erretratu handiak egitea gustatzen zait, urrunetik hobeto ikusten direlako eta hurbiltzeko aukera ere ematen dutelako”.
Ikuslea artista denean, beste begirada batetik heltzen zaio lanari. “Bestearen lanari erreparatzen diogu, hau edo bestea zergatik egin duen horrela, edo nola… Beste alderdi batzuk baloratzen ditugu. Niri gustatzen zait koadroan topatzen saiatzea artistari zer gustatu ez zaion, edo beste modu batean zer landuko zuen. Izan ere, margolana egiten dugunean beti dago zerbait gehiago lantzea gustatuko zitzaiguna, edo beste modu batean jorratu… Batzuetan ez du ezertarako balio hainbeste galdera edo hausnarketa egiteak, baina beste batzuetan laguntzen digu artista eta bere kezkak hobeto ezagutzen”.
Hainbat arte-diziplina ezagutzen dabil loiuztarra, eta etorkizunean margolaritzan ibili nahiko lukeen arren, ez du baztertzen beste diziplina batzuk ere jorratzea. “Artistok zabalik izan behar dugu denetara, lanak nahastu edo uztartu ahal direlako: esate baterako, margolanarekin batera hura nola egin duzun azaltzen bideoa ipintzen baduzu, lana erabat aldatzen da, eta marrazkigintzako bozetoak ere eskultura bihurtu daitezke”. Gazteak pertsona guztiak animatu nahi ditu margotzera eta, lehenengo aldian txarto ateratzen bazaie, euren buruari aukera gehiago ematera. “Margolan on baten atzean daude saiakera asko eta batzuk txarrak baino txarragoak dira. Hala ere, lan txar asko egin ezean, ni ez nintzateke orain hemen egongo”.
Ikusgai egiteko garrantzia
Izaro eta bere familia duela urte bi etorri ziren Bilbotik Loiura bizi izatera. “Pisu batean bizi ginen lehen, eta etxe batean orain. Loiun ez dago zaratarik eta txorien txioak entzuten dira edonon. Hortaz, bizi-kalitatea irabazi dugu”. Gaztea erabat integratuta dago herrian, eta Loiuko Bakarrak elkarteko kidea da, martxoan egindako Arte eta Kultura Azokan hartu du parte, antolatzaile zein artista moduan. “Poz-pozik gaude, ez genuelako espero azokara hainbeste lagun hurbiltzea. Datorren urtean berriro antolatzeko gogotsu gabiltza”. Bere iritziz, oso garrantzitsua da herrietan halako ekimenak egitea. “Konturatu gara Loiun artista asko ditugula, baina ez genekien horiek zer egiten zuten. Kontua da jendeak ez duela bere zaletasunen edo trebetasunen berri emateko ohiturarik eta azokari esker ezagutu dugu bakoitza zertan dabilen; eta sorpresaren bat hartu ere bai”.