Gero eta burokrazia eta baldintza gehiago betetzeko eskatzen digute, baina, hala ere, merkataritza askeko hitzarmenak sinatzen dituzte, prezio aldetik lehiatu ezin ditugun jatekoak ekartzeko, haien kalitatea kontuan hartu barik. Era berean, kezkagarria da nekazaritza-enpresen goraldia: enpresa horiek ez dituzte baserritarrek kudeatzen, inbertitzaileek baizik, zeinek, helburu bakarra mozkina dutenez, elikagaien segurtasuna eta lan-eskubideak murrizten baitituzte; hala eta guztiz ere, dirulaguntzak jasotzen dituzte. Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) eskakizunek ekarri dituzte proiektu indibidual edo familiar gehienentzat bideragarriak ez diren ekoizpen-ereduak, eta hortaz, baserritarrok prekarizazio laboralera eta pertsonalera eramaten gaituzte.
Egia da protestei esker jende gehiagok erakutsi duela nekazaritza-sektorearen egoerarekiko interesa. Izan ere, behar-beharrezkoa da gero eta herritar gehiagok egunero mahai gainean ipintzen dutenari buruzko hausnarketa egin dezatela, informazioa eskuratu dezatela eta, euren baliabideen arabera, kontsumo-ohiturak aldatu ditzatela. Horrezaz gainera, aldaketak exijitu eta sustatu behar dituzte, elikadura-burujabetza gero eta urrunago dagoen helburua ez izateko.
Baina aurreko lerroetan esandako guztiak erakundeen babesa behar du. Eskakizunak berberak dira ekoizle txiki batentzat zein ekoizle handi batentzat, eta batzuetan ez dugu ikusten gestioak modu praktikoan egiteko ardura dagoenik; horrek tentsioa sortzen du erakundeen eta baserritarron artean. Bestalde, ez gara lehentasuna alderdi politikoen programetan, nahiz eta hauteskunde-kanpainetan bitxi gelditzen garen; nolanahi ere, horrela jarraituz gero, ez dute izango argazkian norekin agertu. Nekazaritza-azokek ere dagoeneko ekoizleak topatzeko arazoak dituzte, eta etorkizunean gastronomia-azoka bihurtuko dira; eta antza denez, herrietako hornidura-azokak ere bide horretatik doaz. Izan ere, hilabete gutxi pasatzen dira beste ekoizle batek lana utziko duela berriro entzuten dugun arte, eta horrek beste sastada bat ematen dio gure ezkortasunari. Azken asteetan kalera atera dugun ezkortasuna da gurea, eta espero dut inork ez ahaztea.