Egiari Zor fundazioak gogoratu zuenez, Goikoetxeak 50 egun eman zituen bakartuta eta handik 10 egunera agertu zen hilda; 24 urte zituen eta lau urte zeramatzan preso. “Salbuespenezko espetxe-sistemak eragindako heriotzei dagokienez, azken lau hamarkadetan 36 euskal preso politikok eta 16 senidek eta lagunek galdu dute bizitza; Jose Ramón Goikoetxea Bilbao, haien artean. Era berean, beste bi pertsonak bere buruaz beste egin zuten kartzelatzea saihesteko”. Fundazioaren ustez, “beharrezkoa da presoek eta haien senideek jasandako biolentzia, zuzenekoa eta zeharkakoa, aitortzea. Beharrezkoa da salbuespenezko espetxe-politikak eragin dituen urraketen egia itzaletik argira ateratzea”.
Azaldu zutenez, ezinbestekotzat jotzen dute, “salbuespenezko espetxe-politikak ahalbidetu dituen urraketa guztiak seinalatzea eta sortutako ondorio larriak salatzea”. Izan ere, “salbuespenezko espetxe-politika errepresio-estrategiaren baitan sortu zen, terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakian. Neurri politiko horien aplikazioa erabakigarria izan zen heriotza horietan guztietan, arrazoi komunak dituztela: osasun-arreta ukatzea, kartzelako bizi-baldintza gogorrak, isolamendu luzeak, komunikazioak kontrolatzea...”.
Beste alde batetik, Egiari Zor fundazioa haserre azaldu zen Loiun, “Aitortza eta Erreparaziorako Euskal Legeak ez dituelako jasotzen sakabanaketak eta urruntze-politikak eragindako edo hildako senide eta lagunen kasuak”, eta egoera hori zuzentzeko eskatu zuen.