Asua eta Erletxe lotzen dituen errepidean dago Atxaerandio jatetxea, Sondika eta Erandio udalerrien arteko mugan, lehengo aireportuaren beheko aldean. Rosa Mari eta Maria Jesus Ayo Atxaerandio ahizpekin gelditu gara bertan. Rosa Mari gazteagoa da, 66 urte ditu, eta Maria Jesusek, 72. Lehenengoa 18 urte zituela hasi zen familiako jatetxean lan egiten; eta nagusiak, 16 urte zituela. Abenduaren 31n, tabernan 45 urte lanean eman ondoren, erretiroa hartu zuten, eta, ondorioz, taberna itxi zuten. Ez dakite taberna nork ireki zuen, ezta noiz ere, baina argi dute birramamak han egin zuela lan. "Familiak gutxienez 150 urte daramatza jatetxean", esan digu Rosa Marik.
Eraikina antzinako baserria da eta oraindik jatorrizko egiturari eusten dio, bistako egurrezko habeak, barne. Denboraren poderioz, berrikuntzak egin behar izan dira han, noski, eta horietako batean eraikina 1736an egin zela ziurtatzen duen harrizko plaka bat jarri zuten fatxadan. Goiko aldean Rosa Mari eta Iñaki, bere gizona, bizi dira. Beheko aldean, taberna dago: sukaldea, 80 lagunentzako jatetxe bi, eta taberna bera. Atxaerandio betiko taberna da, egurra eta harria dekorazioan nabarmentzen diren horietako bat.
Menua ere betikoa zen: txuleta, bakailaoa, legatza, indabak, txipiroiak, tripakiak... "Batez ere jantokiak ematen zigun jaten. Garai onenetan erabat beteta geneukan, bai eguerdian, bai gauean. Hiru hilabeteko itxarote-zerrenda izaten genuen. Orain arte ere leku libre gutxi izan dugu zapatuetan bazkaltzeko; gauean, ordea, jende gutxiago etortzen zen. Baina hori tabernari guztiei gertatu zaie", esan du Maria Jesusek. Ayotarrez gain, beste bost lagunek egiten zuten lan tabernan: neska bi, sukaldean; zerbitzari bi, jantokian; eta Iñaki, barran.
Denboraren poderioz, tabernak hainbat aldaketa bizi izan ditu. Garrantzitsuenetariko bat 1983ko uholdeen eragindakoa izan zen. Etxea ia urperatuta gelditu zen, urak 4,50 metro gora egin zuelako. Hori zela-eta, taberna eta etxea hondatu ziren eta, besteak beste, antzinako familia-argazkiak galdu zituzten. "Uholdeak gertatu zirenean, Murtzian geunden oporretan. Hondamendia telebistan ikusi genuen, eta, berehala etorri ginen etxera. Uholdeek gogor jo zuten Asua, eta inguruko jende gehiena beste leku batera joan zen bizi izatera. Ia bakarrik gelditu ginen", adierazi du Iñakik.
Baina hori ez da aldaketa bakarra izan. Esate baterako, alkohola antzemateko kontrolak zorroztu zirenean, jatetxeak bezeroak galdu zituen, batez ere gauez. Eta aireportua Sondikatik Loiura eraman zutenean ere bai. “Aireportuko langileak egunero etortzen ziren hona, bazkaltzera. Baita inguruko enpresetako langileak ere. Pentsa ezazu alboan 2.000 langile zituzten enpresak genituela. Orain, ordea, tailer eta enpresa txikiak baino ez daude. Horiek jarraitzen dute etortzen, noski, baina gutxiago dira. Dena dela, moldatzen gara, bezero batzuek utzi diote etortzeari eta beste batzuk hasi dira etortzen. Guk ospea izan dugu beti eta inguruan gertatu diren aldaketek –gehienak kaltegarriak edozein denda edo tabernatarako– guri ez digute hainbeste kalterik ekarri”.
Rementeria eta Zarra
Bai, Atxaerandio oso jatetxe ezaguna zen. Eta horregatik, bezeroak leku guztietatik etortzen zitzaizkien. "Lagun mota guztiei eman diegu jaten: aberatsak zein pobreak; txorierritarrak zein kanpokoak; politikariak, medikuak, lantegiko langileak…". Batzuk ezagunak dira. "Azken astean, Unai Rementeria Bizkaiko Foru Ahaldun nagusia etorri zen Joseba Goikouria Erandioko alkatearekin batera. Gainera, Josu Ortuzar Euskalduna jauregiko zuzendari ohia ere etortzen zen; eta Telmo Zarra Athleticeko futbolari ohia alboan jaio zen eta harreman estua geneukan berarekin eta familiarekin...”. Ayotarrek harreman estua zuten betiko bezeroekin, eta horietako batzuk triste azaldu dira jatetxea itxi dutelako. "Batzuek opariak ekarri dizkigute; eta zazpi urteko ume bat negarrez hasi zen itxiko genuela esan genionean. Gixajoa familiarekin barikuro etortzen zen afaltzera".
Maria Jesus ez dago triste, nekatuta baizik. "Azken bolada honetan, lur jota nengoen, lan egitea gogorregi egiten zitzaidan. Bizitza osoa eman dugu tabernan eta bada erretiroa hartzeko garaia". Rosa Marik ez daki hemendik aurrera zer egingo duen. "Oraindik ez dut erretiroa hartu dudala barneratu. Uste dut abuztuan gaudela, oporretan, eta datorren hilabetean berriro lanera etorri beharko dudala (kar, kar)". Ayotarren seme-alabek ez dute tabernan lan egiten jarraitzeko asmorik; beraz, ez da Atxaerandio jatetxean bosgarren belaunaldirik egongo. “Bakoitzak badu bere lana. Hemen lan egitea gogor-gogorra da eta gazteak beste lan batean erosoago badaude, gu pozik”. Ahizpek ez dakite taberna saldu edo alokatuko duten. "Jatetxea alokatzeko eskaintzak jaso ditugu, baina, egia esan, ez dakigu zer egin". Momentuz, Atxaerandio jatetxearen ateak itxita daude. Rosa Mari eta Maria Jesus Ayok azken menua zerbitzatu dute.