Koronabirusa

“Alkarregaz baino ezin izango gara egoera honetatik urten”

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 9a, 09:00

Sondikan, gitxi gorabehera 50 denda eta taberna/jatetxe dagoz eta gehienak sondikoztarren eskuetan da­goz. “Herrikide horreek egunero zabaltzen dabez euren establezimenduko ateak, guztioi onena eskaintzeko”

Ze ekarpen egiten deutsie herriari?

Oraindik ez dogu kalkulatu zenbateko ekarpena egiten daben, baina uste dogu Euskadiko bataz besteko % 10 izango dala. Dana dala, herritarrei egiten deutsien ekarpenik handiena da Sondika martxan jarten laguntzen dabela eta, azken finean, herri bizia egiten dabela.

Ze kezka helduerazo deutse udalari?

Merkatari eta ostalari gehienakaz egin dot berba eta esan deustie epe laburrean laguntzea beharko dabela barriro be martxan jarteko. Ganera, epe ertainerako eta luzerako laguntza be eskatu deuskue. Euren ondoan egongo gara merezi daben erantzuna emoteko, baina danon lana da, danon ardurea: alkarregaz baino ezin izango gara egoera honetatik urten.   

Zelango neurriak hartuko ditu u0dalak hareei laguntzeko?

Jaietarako 105.000 euro genduzan aurreikusita, baina gaur egungo egoeran jaiak ezin izango dira ohiko moduan egin; beraz, diru hori herriko merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko erabiliko dogu. Ildo nagusi bi izango dira: alde batetik, eta epe laburrari begira, 75.000 euro zuzenduko dira pandemiaren eraginez itxi behar izan diran establezimenduei eta diru-sarrerak % 75 gitxitu jakenei laguntzera; eta bestetik, epe ertainera, 30.000 euro bideratuko dira herriko negozioetan erabilteko bonuak ateratzeko. Halanda be, lehen esan dodanez, gutako bakotxak egin ahal dauen ekarpenik handiena da Sondikako negozioetan kontsumitzea.

Eta epe luzera?

Urteak daroaguz eurekaz lan egiten eta bonuen bidez tokiko merkataritzea sustatzen. Ostalariakaz be hainbat ekimen jarri doguz martxan, oso emaitza onak izan dabezanak, besteak beste pintxo txapelketea eta Sondika Musika. Orain, horreek danak moldatu behar doguz, jendetza handia batu ez daiten, baina, aldi berean, jarduerak eta ekimenak sustatuz, herriko negozioak indartzeaz ganera, herria biziz bete eta giroa alaitzen dabelako: horreek be behar doguz une honetan. Behar bada, momentu honetan sustapen-jarduera iraunkorragoak behar ditugu, eta ez bakarrik asteburu baterako edo birako. Hori bai, osasun-baldintzek aukera emon arte itxaron beharko dogu holakoak egin ahal izateko. Egoera horretara heltzen garenean, hor egongo gara. Benetan uste dot egoera latzetatik alkarregaz urtengo garala eta ahalegina danok egin behar dogula. Krisialdi honetan, merkatariei eta ostalariei adeitasuna eta maitasuna adierazteko, Euskadin hainbat ekimen sortu dira, eta ziur nago Sondikan be neurriek, bonoek eta abarrek herritarren konpromisoa jasoko dabena.

Zer ekarriko leuke Sondikako kaleetatik saltokiak desagertzeak?

Pandemiak gauza onik ekarri ez dauen arren, lagundu deusku kaleak hutsik eta bizitza barik egoteak zer dakarren ulertzen: bakardadea eta iluntasuna sentidu doguz orain arte sekula sentidu ez doguzan moduan. Bada, merkataritzea eta ostalaritzea tresna handia dira iluntasun horreri aurre egin deiogun. Hurbiltasuna eta kalidadeko zerbitzua dira, eta bakotxari gure izenez deitzen deuskue, baina batez be gure kaleetan behar dugun bizitzea dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).