Hasiera-hasieratik izan zenuen argi telebistan lan egin nahi zenuela?
Ez horixe! Txiki-txikitatik banekien kazetaria izan nahi nuela, eta urte askoan gerra-korrespontsala izan nahi nuen; ziur asko, ez nekielako lan hori zein gogorra den. Karreraren lehen urratsean nengoela hasi nintzen Barakaldoko irrati batean lanean, zeren eta beti uste izan baitut kalean ikasgelan baino gehiago ikasten dela; gauza biak uztartu nahi nituen. Ondoren, karreraren bigarren urratsean, Telebilbaon eta Radio Nervionen praktikak egiteko aukera etorri zitzaidan eta ia 28 urtetik hona nire bigarren familia dira.
“Beti uste izan dut kalean ikasgelan baino gehiago ikasten dela”
Albistegian hasi zinen eta hor jarraitzen duzu.
Gainera, gehien gustatzen zaidana da. Irratian ere kirol-ataleko lankideei laguntzen ibili nintzen, baina Ametzolako instalazioetara joan zirenean, telebistan eta albistegietan zentratu nintzen. Zenbait urtetan albistegiaren erredaktorea izan ondoren, hura zuzentzeko aukera eman zidaten eta urte batzuetan aurkeztu ere aurkeztu nuen. Ostean, berriro hasi nintzen bakarrik albistegia zuzentzen, eta duela urte batzuetatik hona, berriro aurkezten.
Nola baloratzen duzu urte hauetan albistegian egindako lana?
Oraindik badut gauza asko eta asko ikasteko… Ogibidearen alde polita da egunero ikasten dela: ez dakizu egunak zer ekarriko dizun eta, jende berria ezagutzeaz gainera, pertsonei eta taldeei aukera eman ahal diezu haien istorioa kontatu dezaten. Esaten dudana ez irakurtzeko joera hartu dut orain; arraroa da, baina segurago sentitzen naiz, berriak istorioak balira bezala kontatzen badut. Hori arriskutsua izan daiteke, hitzen bat ahaztuz gero, aurrera jarraitzea kostatzen delako (kar-kar). Beste aldetik, esperientziaren bidez pertsona asko ezagutzea lortzen da eta haiengana jotzea albisteei itxura emateko.
“Ogibidearen alde polita da egunero ikasten dela: ez dakizu egunak zer ekarriko dizun”
Albistegia aurkeztetik zer gustatzen zaizu gehien? Eta gutxien?
Albiste onak ematea gustatzen zait, gaur egun haien hutsunea igartzen dugun arren. Batzuetan albiste bihurtzen ez bada ere, hurrengo honek ere motibatzen nau: batzuetan istorio gogorra duten pertsonek deitzen digute eta horiei laguntzen saiatzen gara, zer egin ahal duten jakinarazita. Eta gutxien gustatzen zaidana da, momentu honetan, egunero koronabirusari buruzko datuak eman behar izatea.
Zaila da zeuk zure burua zuzentzea?
Ez dut horretan inoiz pentsatu; beti pentsatu izan dut, lantalde txikia bagara ere, oso ondo aritzen garela, aspalditik ezagutzen baitugu elkar. Gauzak hobeto egiteko, ordu gehiago izatea gustatuko litzaidake, baina gure baliabideak kontuan hartuta –hiru berriemaile eta hiru kamerari–, esan ohi dugu “mirari-albistegia” egiten dugula. Aita dut kritikari nagusia; zuzentzen nauena bera delakoan nago (kar-kar).
Nola egiten zaio aurre presioari tokiko telebista batean?
Zintzotasun osoz esango dizuet, zorionez, zuzendariak gure lanean konfiantza duela eta ez didala inoiz esan albistegian zein ordenari jarraitu behar diodan. Beharbada, kaleko jendeak egindako galdera gehiago ipintzeko esan dit batzuetan, edo kontratatutako ekitaldien gaineko erreportajea egiteko; baina besterik ez.
“Gure baliabideak kontuan hartuta, esan ohi dugu «mirari-albistegia» egiten dugula”
Zerbaitekin ados egon ezean, nola kontatzen da hori?
Esaten dugu; ez dago beste erremediorik, objektiboak izan behar dugu eta. Esaterako, guk atletismo-kluba dugu Txorierrin eta ez nago ados eskola-kirola bertan behera uztearekin; bada, alde biak kontatu behar izan ditut: eskola-kirola egiten uztearen aldekoena eta hura bertan behera uztea egokiena dela pentsatzen dutenena. Albisteekin berdin gertatzen da: bizitzan oso gauza onak eta oso gauza gogorrak daude eta guztiak kontatu behar dira.
“Bizitzan oso gauza onak eta oso gauza gogorrak daude eta guztiak kontatu behar dira”
La Tribuna saiora hainbat pertsonaia eramaten dituzu –idazleak, abeslariak, kirolariak…– eta gizarte-gaiak ere lantzen dituzu. Nola sortu zen programa aurkezteko aukera?
Telebilbaoko ateak ireki zizkidan pertsona berak eman zidan aukera: Virginia Perez. Nire zuzendaria izan zen albistegietan –ondoren, Joseba Solozabal– eta, era berean, La Tribuna aurkezten zuen. Politikariak elkarrizketatzen zituen programan, eta denboraldi batean elkarrekin egin genuen. Baina beste herri batera joan zen bizitzera, eta bakarrik utzi ninduen. Ez zitzaidan asko gustatzen, norbait elkarrizketatu behar izateak urduritzen ninduen eta; hala ere, denboraren poderioz, nire une kutuna bihurtu da: imajinatzeko aukera ematen dit, izan ere, ez dira ohiko elkarrizketak, gonbidatua aho zabalik uzteko asmoa dute eta.
Zein pertsonaia duzu bereziki gogoan? Baten batek esan dizu ezetz?
Nahiz eta oso audio hunkigarria bidali, Jordi Evolek ez dit ezta erantzun ere egin; antza, ez zitzaion gustatu (kar-kar). Asko ditut gogoan, batez ere kulturari lotutako pertsonak, gaur egun gehienbat arlo hori lantzen dut eta. Atzera egin, eta Xabier Arzallus berriro elkarrizketatzea gustatuko litzaiguke, harreman berezia baikenuen; baita Iñaki Azkuna ere, gaur egungo Bilbori buruz nolako iritzia duen galdetzeko; nire idazle kutunak dira Dolores Redondo, Mikel Santiago eta Ibon Martín, beren lanagatik eta izaeragatik; Carlos Ruiz Zafón oso umila zen eta bihotzean betiko izango dut; Pablo Carbonelli negarra eragin nion eta uste dut maite nauen bezainbeste gorrotatzen nauela; Cesar Brandon poetaren sentikortasunak liluratzen nau…; begira, Marwanen atzetik ere banabil, baina ez dago zer eginik… Eta, amets egin ahal dudanez, Kamala Harris Estatu Batuetako presidenteordea elkarrizketatzea gustatuko litzaidake; Arturo Perez Reverte ere nahien zerrendan dut.
Joseba Solozabal aipatu duzu lehen, lanbidean zure aitabitxia izan zen, ezta?
Bai, berak eman zidan Aste Nagusiari buruzko saio bat aurkezteko aukera. Ondoren, nagusi izan nuen albistegietan, eta erreferente, lanbidean. Maila pertsonalean ere oso harreman estua dugu. Orokorrean, oso harreman ona dago telebistako eta irratiko langileen artean: Emiliok eta Angelek, egitasmoa martxan ipini zutenek, familia handi batean pentsatu zuten, eta hor gaude, garai onetan eta txarretan.
"Egitasmoa martxan ipini zutenek familia handi batean pentsatu zuten, eta hor gaude, garai onetan eta txarretan"
Aukeratzekotan, La Tribuna ala Diario Local?
La Tribuna, zalantza barik. Nolanahi ere, egin nahi dudan guztia gauzatu ahal izateko baliabide gehiago izatea gustatuko litzaidake; zaila da, babeslea beharko nukeelako eta orain arte ez dut lortu.
Nola egiten da lan telebista txiki batean?
Albistegian sei lagun gaude, baina kamerariek iragarkiak egin behar badituzte, edo Lezamara joan, gutxiago gara. Estudiora heldu, gaiak bilatu, gure artean banatu, grabatzera joan, itzuli, gidoia egin, editatu eta aurkeztu. Horrela esanda azkar egiten dela dirudien arren, denbora behar da. Denetarik egiten dugu: beharrezkoa izanez gero, kazetariak grabatu ere egiten du eta aurkezleak, esan behar duena idazteaz gainera, editatzen du. Neurri batean ona da denetarik egitea. Publizitatetik bizi gara eta oso une latzak dira. Pandemiak osasun-krisia ez ezik ekonomia-krisia ere ekarri du, eta ikusiko dugu berreskuratzea zein kostatzen den gehien.
Komunikabide handien aldean, badu abantailarik tokiko komunikabide batean lan egiteak?
Ez dut inoiz komunikabide handi batean lan egin. Batzuetan pentsatzen dut horrelako batean lan egitea gustatuko litzaidakeela, esperientzia moduan, baina uste dut nagoen tokian egoteak askatasun handiagoa ematen didala.
"Tokiko telebistan egoteak askatasun handiagoa ematen dit”
Tokiko komunikabideen lana eta komunikabide handien lana berdin-berdin baloratzen dira?
Bere garaian, bide korapilatsua hasi genuen eta ez zegoen tokiko komunikabideek etorkizunean bizirauteko itxaropen handirik; ogibideko lankideen artean ere ez. Baina hemen gaude eta jarraitzen digun jendearen babesa ere badugu. Nola baloratzen gaituzten? Bada, denetarik egongo da: komunikabide handien baliabideak ez ditugula dakitenak zein gehiago eskatzen dutenak. Guk, adibidez, ezin dugu ikertze-lanik egin, ez baitugu baliabide eta langile nahikorik, baina gatazka dagoenean bertsio guztiak plazaratzen ahalegintzen gara; nire iritziz, gakoa da ateak ez ixtea.
Krisi-garaian txikiak dira lehenak ondorioak jasaten. Nola egin diezue aurre azken urteetako krisiei?
Une korapilatsuak bizi izan ditugu Grupo Nerviónen; hala ere, beti lortu dugu aurrera egitea. Badirudi pandemiak eragindako krisia latzagoa izango dela, baina ez dugu amorerik emango. Kulturari edo ostalaritzari lotutako beste sektore batzuk bezala, funtsezkoak gara eta kontraesana da bizirauteko borrokan ibili behar izatea. Nire ustez, gaixotasuna osatzen duen botika dago, eta arima osatzen duena; biak dira garrantzitsuak.
Zelan eragiten ari da COVID-19a zure lanean?
Kontrako sentimenduen garaia da. Ez gara egun batean ere geldirik egon. Erabateko konfinamenduaren lehen etapa gogorra izan zen: argi genuen ikusleen eta kanpoaldearen arteko lotura ginela eta kanpoaldea ziurgabetasunez eta berri nahasiz zegoela. Tokiko albistegiaz gainera, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari galdetzeko kazetari-talde bitan geunden, eta, era berean, bagenekien etxean zeudenentzat gogorra eta neketsua zela une orotan koronabirusari buruz entzutea; egoeratik aldentzeko beharra zegoen. Telebilbaon ahalegina egin genuen kultura babesteko eta, BBK-rekin batera, zerbait berria egin genuen: publikorik gabeko zuzeneko kontzertuak; eta egoera txarra izanda ere, esperientzia polita izan zen. Albisteei dagokienez, hainbat etapa izan dira: Diario Local albistegiak 30 minutu irauten du eta minutu horietan 30-40 tokiko albiste kontatu ohi dugu; beraz, egun batzuk zailak izan dira. Batzuetan badirudi mihise zuri bat margotzen hasiko zarela eta egunero margotzeko betebeharra duzula.
Nola daramatzazu kritikak?
Hobetzen laguntzen didaten kritikatzat hartzen ditut; uste dut kritika bakar bati erantzun diodala, eta begirunez, eh! Egia esan, hurbilekoek jasotako kritikak mingarriagoak izan dira.
Zein erronkari heltzea gustatuko litzaizuke?
Tokiko politikan aritu nahiko nuke. Eginkizun garrantzitsua da, zaila, baina funtsezkoa. Ez dakit ondo egingo nukeen; alabaina, ziur egon hurbila eta zintzoa izaten ahaleginduko nintzatekeela.
“Tokiko politikan aritu nahiko nuke. Eginkizun garrantzitsua da, zaila, baina funtsezkoa”
Ametsei jarraituz
Irene Diaz Abellan (Barakaldo, 1974). Kazetaritza bokazioz ikasi zuen. “Betidanik gustatu zait ogibidea. Esan zidaten ez nuela lan-irteerarik izango, baina ametsa egia bihurtzea erabaki nuen. EHUn ikasi nuen eta bertan ezagutu nuen senarra. Kazetari bi gara etxean (kar-kar)”. Duela 28 urte hasi zen Telebilbaon lanean, eta aurretik Radio 90n eta La Gaceta de Barakaldon ibili zen.
Sondikan ia hamarkada bi daramatza. “Leku lasai baten bila genbiltzan eta topatu genuen. Bertan hasiera-hasieratik pozik gaude, erabat bertakotuta. Asko gustatzen zaizkigu Sondika eta Txorierri, eta txorierritarrak. Harreman berezia dugu Loiurekin eta, horregatik, atletismo-taldeari Beste Bira Loiu ipini genion izena; Deriorekin ere harremana dugu, egitasmoa zabaltzeko aukera eman zigutelako. Atletismo-taldeak familia asko ezagutzea ahalbidetu digu, eta umeekin lan egitea. Beraz, zoriontsuak gara hemen”. Kazetariak lerro hauek aprobetxatu ditu gazteei hurrengo mezu hau helarazteko: “Ez utzi inoiz amets egiteari; gehien gustatzen zaizun horretan lan egiten saiatu, eta ekinaren ekinez lortuko duzue, zalantzarik ez izan”.