Naturaren kolorea eta mugimendua

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 15a, 11:17

Ekainaren 30era arte aukera dago Itsasne Zubiri sondikoztarraren “Natura, kolorea eta mugimendua” margolan-erakusketa ikusteko. Bere izenburuak iradokitzen duenez, erakusketa naturan inspiratuta dauden 15 margolanek osatzen dute eta haietan kolorea eta mugimendua dira nagusi. Margolanak Sondikako udal-liburutegiko erakusketa-aretoan daude ikusgai. 

Paisaien erakusketa proposatu du Zubirik. Kolore bizi-biziz betetako paisaiak dira eta, bat izan ezik, gainerakoak olioak erabilita margotu ditu; aipatutako salbuespen hori grafitiak egiteko errotuladoreak erabilita margotu du, akrilikoz hain zuzen. Margolan gehienak, Sondikatik, garbitokiko bidetik egindako paseoetan bururatu zaizkio. “Oso leku ederra da, Sangroiz eta Ola artean, eta askotan ibiltzen naiz hortik, neure burua lasaitzeko. Leku hezea da, eta natura bor-bor dago. Errepide txikia da eta gustatzen zait begiratzea bertan sortzen diren formei, mugimenduei eta sakontasunei. Pasaia aldakorra da eta urtaroaren arabera usain bat edo bestea du”. Bestalde, margolanetako bat Urdaibaiko paisaia batean dago inspiratuta; beste bat, Asturiaseko paisaia batean; eta beste bi, mendian. 
Mugimendua eta kolorea nagusi dira koadroetan. “Saiatzen naiz mugimenduak sortzen dituen formak islatzen, arreta ematen didaten formak, bira bat… Batzuetan argazkia ere egiten dut. Margolanetan momentu horretan sentitzen ditudan koloreak erabiltzen ditut, eta nahasten ditut kontrastea sortzeko. Izan ere, nire ustez, kontrastea da naturaren ezaugarria. Oso kolore biziak dira: arreta beti ipintzen dut argitasunean, argiak kolorea dakar eta”. Bere ustez, gizakiok kolore gehiago sartu beharko genuke gure bizitzan. “Batez ere umetan eta ilusioa dugunean dena da koloretsua: jostailuak, arropa, lekua… Gero, helduak egin ahala aldentzen gara koloretik… Nolanahi ere, kolorean bizitza dago, eta bizirik dagoen bitartean naturak ere koloreak ditu”. Era berean, pentsatzen du naturan gaudenean ahalegindu behar dugula lehen begiratuan ikusten duguna baino gehiago topatzen. “Bide bat, mugimendu bat, aurreko batean ikusi ez dugun zerbait…”.  
Sondikakoak ez da Zubirik momentu honetan duen erakusketa bakarra. Expodistrito Bilboko erakusketa ibiltarian “Ume begia” margolan-erakusketa du. Hori Errekalden dago gaur egun, baina aurretik Txurdinagan eta San Franciscon egon da, eta ekainaren azken bi asteetan Santutxura eramango dute. “Koloreak eta formak jorratzen ditut erakusketa horretan. Oinarrizko formak bilatzen ditut zerbait azaltzeko. Ume baten ikuspuntutik eginda dauden forma basikoak dira, eta saiatzen naiz haien barruan beste forma batzuk topatzen. Koloreak nahasten ditut eta emaitza da oso margolan deigarriak”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).