Ainhoa Markina, arraunlaria: "Esfortzua muturreraino eramateak harrapatzen zaitu"

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 4a, 14:35

Txikitan futbolean aritzen zen, baina belaunetan hainbat lesio izan zituenez, arraunketari ekin zion. Ainhoa Markina Deustu taldean dabil eta aurten Euskotren Ligara igotzeko itxaropena du. Udako denboraldia hastear dago eta gazte sondikoztarrak horren berri eman digu. 

Hiru urte daramatzazu arraunketan. Kontatuko diguzu ibilbidea?

Deustun ibili naiz beti, baina lehe­nengo urtean, Lekeitioko Isuntzan aritu nintzen lagata. Izan ere, hasiberria nintzen eta Deus­tuk talde zoragarria zuen. Ez nuen le­kurik eta Lekeitiora joan nintzen, dena ikasteko. Lutxanara ere joateko aukera izan nuen, baina Isuntzaren alde egin nuen. Eta ez naiz damutzen. Oso gustura egon nintzen bertan: itsasoa dute, herriko giroa, oso leku euskalduna da... Deustu eta Isuntza liga berean zeuden, ETE Ligan, bigarren mailan, baina bilbotarrak goiko postuetan ibiltzen ziren eta lekeitiarrak, behekoetan. Izugarri ikasi nuen Isuntzan, oso esperientzia polita izan zen. Hurrengo urtean, Isuntzak ez zuen trainerurik atera eta ni Deustura itzuli nintzen. 

Zelan ikusten duzu denboraldia? Par­te hartzeko aukera izango duzu?

Kanpoan gelditzea gogorra da, ne­guan gogor entrenatzen dugulako eta guz­tiok txalupan egon nahi dugulako. Bai­na uste dut baietz, arraunean ibiliko nai­zela. Taldea goiko postuetan ibiltzea es­pero dut, baina auskalo! Helburua igo­tzea da, baina lehia handia dago eta ligaz gaine­ra, kanporaketak gainditu behar dira. 

Gainera, denboraldiak luzeak dira, ezta?

Bai. Azaroan, denboraldiaurrea hasten dugu, gimnasioan eta ergometroan, arraun­­ean ibiltzeko makina. Eta asteburu ba­tzuetan uretara ere ateratzen gara. Hi­labete batzuk beranduago, martxotik au­rrera, txalupa txikien txapelketak egi­ten dira: batelak (lau arraunlari eta pa­troia) eta trainerillak (sei arraunlari eta pa­troia). Ondoren, estropadak txalupa han­dienetan (hamahiru arraunlari eta patroia) egiten dira ekainetik irailera bitartean. 

 

"Aurraunketak konpromisoa eskatzen du: udan, oporrik ez; lagunekin aisialdi gutxi; elikadura zaindu…"

 

Txalupa txikien txapelketetan par­te hartzeko aukerarik izan duzu? 

Ez. Horietan arraunlaririk indartsuenak sartzen dira lehian. Taldean 20 arraunlari gabiltza eta guztiok ezin gara aritu txalupa txikietan. Arraunlarien maila antzekoa da, baina denboraldiaurrean azterketak egiten dizkigute taldean, onenak nortzuk diren jakiteko, eta horiek aukeratzen di­tuzte. 

Uste bezain gogorra da arraunketa?

Bada, bada. Ordu asko ematen ditugu entrenatzen urte osoan, bospasei egun as­tean, eta udan, asteburu guztietan di­tugu estropadak. Gainera, pisua eta eli­kadura zaindu behar da. Argala naiz eta ez zait kostatzen, baina zaindu be­har da. Aurraunketak konpromiso han­dia eskatzen du: udan, oporrik ez; la­gun­ekin edo bikotekidearekin aisialdi gu­txi; elikadura zaindu, behar bezalako atse­dena hartu... Hala ere, emakumezkoen es­tropadak gorantza doaz. Gero eta ho­beto egiten dugu eta kirola hazi egin da az­ken urteotan, gero eta talde gehiago daudelako.    

Eta hain gogorra bada, zergatik egiten duzu?

Kirola gustatu egiten zait. Gorputza eta esfortzua muturreraino eramateak ha­rra­patzen zaitu, ez dakit zergatik. Le­hia­korra naiz: besteen zein nire buruaren kontra lehian sartzea atsegin dut. Taldean as­kotan azterketak egiten dizkigute gure maila zein den jakiteko, eta taldekideak zein nire aurreko emaitzak mendean har­tu nahi ditut.

 

"Lehiakorra naiz: besteen zein nire buruaren kontra lehian sartzea atsegin dut"

 

Badirudi kirola oso lehiakorra dela. Giro ona dago arraunlarien artean? 

Oro har, bai, baina lehia ere ba­da­go, noski. Taldekideekin, guztiok estro­pa­detan egon nahi dugulako. Eta taldeen ar­tean ere badago borroka. Lekeition nen­bilenean, Ondarroarren kontra; eta Deustun, Kaikuren eta Zumaiaren kon­tra, horiek ere lehenengo postuetan dabil­tzalako. Baina lehia osasuntsua dela esan­go nuke. 

Noiz arte ibiliko zara arraunean?

Agian lanarengatik datorren urtean arraunketa utzi beharko dut, denborarik izango ez dudalako, baina ez dakit. Kirola izugarri gustatzen zait. 

Zer lortzea gustatuko litzaizuke?       

Tira, igotzea polita izango litzakete, bai­na ez diot nire buruari helburu ze­hatzik ipintzen. Ea maila ona ematen du­gun ligan eta, posible bada, Kontxako es­tropadan parte hartzeko aukera dugun. Eta bidean ahalik eta gehien disfrutatu!

 

 

Sondika eta kirola

Ainhoa Markina Ibarretxe (1997)  son­dikoztar peto-petoa da. San Joan lan­datik hurbil bizi da eta arbasoak ere Sangroiz eta Goronda aldekoak dira. Leioan ikasi arren, bizitza herrian egin du beti. "Lau urterekin Gorantzaileak dan­tza taldean sartu nintzen eta oraindik jarraitzen dut dantzan. Eta ahal dudanean, herriko ekintzetan har­tzen dut parte", esan digu. Hautes­kun­deetan ere aritu da, EAJ-PNV al­der­diaren Sondikako zerrenda osatu bai­tu. "Independiente sartu nintzen ze­rrendan, Naia Landa alkategaiaren fa­milia eta nirea lagun minak garelako, baina ez nuen zinegotzi ateratzeko au­ke­rarik". Gaur egun gizarte-langilea da Lea-Artibaiko eskualdean. "Hainbat arlotako he­rritarrei aholkuak ematen dizkiegu: ba­besgabetasun egoeretan daudenei, men­dekotasuna edo ezgaitasuna duten na­gusiei, etorkinei... Pozik nago, baina la­na gogorra da, ikusten dituzun egoerak erra­zak ez direlako. Han etorkin asko daude eta batzuk ez dute lanik, lehen itsasoan lan egiten zutelako. Denok uste dugu gure herrian horrelako egoerarik ez dagoela, baina egon badaude". 

Kirola betidanik gustatu zaio. Etxean ez dira inoiz bereziki futbolzaleak izan, baina Ainhoak horri ekin zion txi­kitatik: hasieran, ikastolako taldean; eta gero, Leioa taldean. "Futbola izugarri gustatzen zitzaidan, baina hiru aldiz apur­tu zitzaidan belauna eta hiru eba­kuntza egin zizkidaten meniskoan eta ligamentoetan. Beraz, amak emandako aholkuari jarraitu nion eta 18-19 urte nituela, futbola jokatzeari utzi nion. Pena izan zen, baina tira...". Kirola egiten Sondikako gimnasioan jarraitu zuen. "Oso gustura ibili nintzen bertan, hango jendea zoragarria delako, baina talde-kirolak ditut gustuko eta zerbait berria egin nahi nuen. Ikusi nuen arraunketa eta “zergatik ez!” pentsatu nuen. Deustu taldekoei idatzi nien eta taldean sartu nintzen".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).