“Ez nekien hain presio handian lan egiteko gauza nintzenik”

Aikor aldizkaria 2024ko ots. 2a, 11:26

Danel Arteaga Ibarrondo, abeslaria

Sondikoztarra izan da Ztanda ETB1eko musika-saioaren partaideetako bat, eta finalean ikusi dugu Ken Zazpiren Itsasoa gara kanta ezin dotoreago abesten. Finala ez du irabazi; hala ere, 19 urteko gazteak oso esperientzia polita eta hainbat irakaspen eraman ditu talent show-etik.

Miriam Lujuak irabazi du finala, espero zenuen?

Bai. Lehenengo egunean bertan, etxera itzuli nintzenean,  amari esan nion nire ustez bi parte-hartzailek saioa irabazteko aukera handia zutela, eta ez naiz erratu: biak aurrez aurre ibili dira finalaren azken dueluan.

Zu finalistetako bat izan zara, eta hirugarrena gelditu; ez da emaitza makala…  

Egia esan, ez nuen finalera ailegatzeko esperantza handirik. Izan ere, finalaren aurretik gala hau edo bestea irabaziko nuela pentsatzen nuen, edo immunitatea ematen zuen urrezko mikrofonoa jasoko nuela, baina azkenean beti hautatzen ninduten duelurako...  Hori dela eta, sorpresa izan zen azkenean urrezko mikrofono hori jaso eta finalerako zuzeneko txartela eskuratzea. 

Sorpresa izan zen urrezko mikrofonoa  jaso eta finalerako zuzeneko txartela eskuratzea”

Zergatik animatu zinen saioan parte hartzera?

Amak eman zidan saioaren berri eta berak animatu ninduen izena ematera. Nik ez nuen nahi, baina ama tematu zen eta azkenean lortu zuen nik bideo bat bidaltzea. Saiotik deitu zidaten, filtro batzuk gainditu nituen, eta casting-a egin nuen. 

Nolako esperientzia izan da?

Ona, orokorrean. Grabazioak Campos Eliseos antzokian egin ditugu, baina saioa grabatu baino lehen entsegua egin behar zen, eta orotara 10 ordu inguruko lanaldiak izan dira. Gainera, zenbait astetan bi saio grabatu izan ditugu ia jarraian: bata, astelehenean, eta bestea, eguaztenean. Hortaz, martitzenetan buru-belarri ibili behar izan dut hurrengo eguneko grabaziorako abestia prestatzen…  

Nahiko estresagarria dirudi; nola prestatu dituzu abestiak?

Nire kabuz. Epaimahaikideek esan didate zein abesti kantatu, eta hori moldatu behar izan dut nire estilora eta tonura; koreografia eta guzti. Amak eta biok ordu asko eta asko eman ditugu moldaketak egiten.  

Epaimahaikideek esandako abestiak nire tonura moldatu behar izan ditut; koreografia eta guzti”

Abestiren bat azpimarratu nahiko zenuke?

Keane taldearen Somewhere only we know abestia. Lehenengo bost galetan gaixorik ibili nintzen, anginak handituta, eta ahotsa ere galdu nuen. Abesti hori laugarren galan kantatu behar izan nuen, eta grabazioa astelehen batean genuen. Oso kezkatuta ibili nintzen, ez nekielako kantatzeko gauza izango nintzen, eta asteburu osoa hitz egin barik eman nuen ahotsa berreskuratu ahal izateko. Grabazioa baino lehen apur bat entseatu nuen, propoleoa eta pilularen bat hartu, eta ondo irten zen. 

Zelan konpondu zara epaimahaikideekin?

Ondo orokorrean; hala ere, egia esan, ez dugu haiekin harreman handirik izan. Lehen saioan egurra eman zidaten, baita azken saioetan ere, baina kritikak onartu behar dira, eta kito. Bestela, kiribil edo egoera desegoki batean sartzen zara, eta horrek zure kontra jokatzen du. 

Kritikak onartu ezean, egoera desegoki batean sartzen zara; horrek zure kontra jokatzen du”

Eta gainerako parte-hartzaileekin?

Oso ondo! Gainera, antzeko arazoak izan ditugunez, elkarrengandik hurbil sentitu gara. Oso jatorrak izan dira. 

Pozik zaude egindakoarekin?

Oso pozik. Egia esan, leku hobean gelditzea gustatuko zitzaidan, baina ahalik eta ondoen egin dut eta esperientzia gustatu zait. Gainera, nire burua kontrolatzen ikasteko balio izan dit, ez nekielako hain presio handian lan egiteko gauza nintzenik. 

Ospetsu bihurtu zara?

Ez (kar-kar)! Jendeak ezagutzen nau herrikoa naizelako; ez saioan parte hartu izanagatik. 

Zein asmo duzu etorkizunari begira?

Abeslaria izatea gustatuko litzaidake, eta jakin badakit horretarako oso lan handia egin behar dudala. Nire abestiak konposatzen hasi naiz, eta ahaleginduko naiz taberna batean edo bestean jotzen, ea jendeari nire musika gustatzen zaion!

Nire abestiak konposatzen hasi naiz, eta ahaleginduko naiz taberna batean edo bestean jotzen”

Eta zein musika-mota gustatzen zaizu zuri?

Batez ere popa: Eñaut Elorrieta, Justin Bieber, Alex Sardui, Ed Sheeran, Shawn Mendes…

Beste musika-saio batean parte hartzeko asmorik?

Bada, Ztanda saioko lagun batzuk behin baino gehiagotan aurkeztu dira Operación Triunfo saiora, eta animatu naute ni ere aurkeztera… Amak ere animatzen nau… Baina ez dakit; ikusiko dugu. 

 

Hurbiletik 

Hamabi urte zituela hasi zen eskolako abesbatzan kantuan, Leioako Kantika Koralean, eta gaur egun Leioako San Juan abesbatzan dabil. Pop-musika du gustukoen, eta esan digu autodidakta dela eta dakien guztia Interneten arakatuz ikasi duela. “Lagun baten amarekin ere ibili nintzen gitarra jotzen ikasten, baina pandemia zela-eta bertan behera utzi genituen eskolak eta harrezkero nire kabuz jarraitu dut. Bestalde, kantu-eskolak jasotzeko asmoa dut, izan ere, abesbatzan zelan kantatu dakidan arren, ez dakit pop-estiloa modu egokian nola jorratu, zein teknika erabili…”.  

Etorkizunean musika ogibide izatea gustatuko litzaioke; bitartean, basozaina izateko ikasten dabil Derioko Nekazaritza Eskolan. “Biologia asko gustatzen zait, baina ez dut nire burua laborategi batean ikusten. Basozain izateko graduaren berri izan nuen eta aukera polita iruditu zitzaidan. Goi-mailako gradua da eta azken urratsean nabil”. Uritarra eta Sondika futbol-taldeetako jokalaria ere izan da, eta aitortu digu sukaldean ibiltzea asko gustatzen zaiola. “Beti nabil inprobisatzen eta osagaiak nahasten: batzuetan ondo ateratzen da, eta beste batzuetan, ez hain ondo (kar-kar)”. 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).