Txuma Olague abesbatzaren kideekin batera, San Joan elizan izango dira Txuma Olague talde korala, Ipar Elaiak txistu-taldea, Pentagrama soinu-elkartea, Gorantzaileak dantza-taldea, dantza libre eskolako dantzariak eta musikariak, hala nola piano-jotzailea, bateria-jotzailea, bibolin-jotzailea, zeharkako txirula-jotzailea eta yembé-jotzailea. Berrogeita hamar lagun baino gehiago batuko dira ikuskizunean, eta antolatzaileek ahaztezina eta hunkigarria izatea espero dute. Horrela, Julene Beaskoetxearen gidaritzapean eta aurreko lerroetan aipatutakoen laguntzaz, abestien bidez errepasoa egingo diete 35 urtean egindako ibilbideari.
Aurreikusi dutenez, kontzertuak bi ordu iraungo du. Doako ikuskizuna izango da eta nahi duen guztia hurbildu daiteke elizara. Kontzertua bi zatitan banatuko dute: lehenengo zatian abestuko dituzten kanten artean azpimarragarria da Maitia nun zira abestia, Txuma Olagueren omenez kantatuko dutena. Bigarren zatian, Paula Perez gaur egungo zuzendariarekin landutako kantak abestuko dituzte abesbatzaren zein talde koralaren kideek. Errepertorio-zabala prestatu dute, eta urteurrenaren ospakizun-ekitaldian entzungo diren abestien artean aipatzekoak dira Can´t help falling in love, Thula Sizwe, Nessum Dorma, Va Pensiero eta Zurekin Batera. Gainera, Agur jaunak kantatuko dute abesbatzaren kide ohiak eta hil direnak gogora ekartzeko. Abeslariak jada hasi dira errepertorioko kantak entseatzen eta maiatzean gainerako parte-hartzaileekin egingo dituzte entseguak.
Esan moduan, kontzertu hunkigarria izatea espero dute Txuma Olague abesbatzaren kideek; zirraraz beteta. Izan ere, Perezen batutapean egingo duten azken ekitaldia izango da, 22 urteren ostean abesbatza zein talde korala zuzentzeari utziko dio eta. “Emozio itzela izango da, pena…, baina, era berean, pozgarria izango da, Paulak zein guk hainbat urteetan egindako lana kontzertu bakar batean aurkeztuko dugulako”. Une zirraragarriak biziko dituzte, zalantza barik, eta baten batek adierazi du ez dakiela abesteko gauza izango den, kontzertuan pentsatze hutsak negarra eragiten dio eta. Edozelan ere, sorpresak egongo dira batentzat baino gehiagorentzat.
Txuma Olague abesbatza 80eko hamarkadaren amaieran sortu zen, aisialdi arloan sondikoztarrei beste aukera bat eskaintzeko. Gaur egun, 25 abeslari daude bertan, batzuk hasiera-hasieratik, eta aurrera jarraitzeko gogotsu dabiltza. Hala ere, bizigarria behar dutela adierazi dute, eta herritarrei deia egin diete abesbatzara hurbildu daitezen ikuskizunaz gozatzera. Entseguak eguaztenetan eta eguenetan egiten dituzte, 17:30etik aurrera, Sondikako Kultur Etxean.