<b>Aikor.com</b>, txorierritarron bilgune birtuala

Aikor aldizkaria 2007ko ots. 7a, 11:21
Aikor! aldizkaria aspaldian eskegi zen sarean pdf formatuan, baina Totoan Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak beste pausu bat eman, eta aikor.com web orria jarri du abian. Bertan paperezko edizioan dauden albiste, artikulu eta atal guztiak topatuko dituzu, baita sekzio berriak ere. Aikor.com web orriak txorierritarron bilgune birtuala izatea du helbururik nagusiena eta, horretarako, atari interaktiboa egin da. Hasierako orrian hainbat aukera izango dituzu, hori nahi duzun moduan apaintzeko. Halaber, zure bloga sortu, albisteak idatzi, Txorierriko ekitaldien berri eman eta argazkiak eskegi, besteak beste, egin ahal izango duzu. Aikor.com-en izena eman baino ez duzu egin behar. Zure argazkiak jaso eta konpartitu Aikor.com-eko erabiltzailea ez bazara, argazkiak ikusi eta bilatu baino ezin izango duzu egin. Baina izena eman ondoren, zure argazkiak eskegi eta beste erabiltzaile batzuekin konpartitu ahal izango dituzu. Erretratuen azalpena emateaz gainera, horiei tag-ak edo etiketak jartzeko aukera duzu, bilaketak askoz errazago egiteko. Halaber, zure argazkiak editatu eta albumetan sartu ahal dituzu, eta nahi dituzun erabiltzaileei baimena eman ahal diezu, zure argazkiak eta albumak kudeatzeko. Berriemailea izan Albisteak eta Artikuluak ataletan Txorierriko informazioa eta bertoko pertsonaiei egindako elkarrizketak zein hainbat erreportaje interesgarri topatuko dituzu, hurrenez hurren. Eta hasierako orria zure gustura konfiguratu ahal duzunez, zuk zeuk erabakitzen duzu zein motatako albiste eta informazioa bertan azaltzea nahi duzun. Horrezaz gainera, informazioa konpartitu eta Txorierriko albisteen berri eman ahal duzu; baina noski, horretarako, izena eman behar duzu aikor.com-en. Egunean! Asko dira Txorierrin hilean antolatzen diren ekitaldiak. Horiek guztiak Agenda atalean kontsultatu ahal izango dituzu. Bertan agenda bi daude: bata Aikor! aldizkariak egindakoa da, eta bestea zuk eta zure moduko beste erabiltzaile batzuek sortutakoa da. Agenda lau era ezberdinetan ikusteko aukera duzu: egunean, bost egunean, astean eta hilabetean. Era berean, zenbait kategoria ezberdin dituzu horren barruan, interesatzen zaizkigun ekitaldiak ikusteko. Parte hartu gure lehiaketan Aikor! aldizkarian hilero-hilero egiten dugu lehiaketa. Saria Laia Hotel Museoak eskaintzen du eta horren barruan Spa zirkuitua, gela bikoitza eta buffet-gosaria daude. Orain aikor.com-en bidez parte hartu ahal duzu bertan. Lehiaketa atalean sartu, erantzuna eman, eta zorte on! Idatz iezaguzu Zerbait esateko edota iradokitzeko baduzu, Gutunak atalean sartu eta konta iezaguzu txorierritar guztioi. Zure gutuna Aikor! aldizkarian ere argitaratuko dugu. Txorierriko profesional guztiak eskura Iturgina behar eta non topatu jakin ez. Zerbitzuak atalean Txorierriko profesional guztiak bildu ditugu, behar izanez gero, eskura izan ditzazun. Horiek topatzeko, aukera bi dituzu: alfabetikoki ala jardueraka. Aikor! pdf formatuan Web orrialdean Aikor! aldizkariaren ale guztiak izango dituzu, azkenetik lehenengora antolatuta. Aleok deskargatu ahal izango dituzu; horretako bigarren botoiarekin klik egin, eta “gorde lotura honela” sakatu. Zure bloga sortu Blogak nahiko ezagunak egin dira aspaldi honetan. Zeuk ere zure bloga sortzeko aukera duzu aikor.com-en. Horrela, hainbat kezka, burutazio eta albiste konpartitu ahalko dituzu beste blogari batzuekin. Oso erreza da bloga sortzea. Dagokion atalean sartu eta han agertzen zaizkizun argibideei jarraitu. Zure blogaren jabea zeu izango zara: diseinua aukeratu ahal izango duzu, mezuek jasotako erantzunak kudeatu ahalko dituzu, beste erabiltzaile batzuei zure bloga gestionatzeko baimena eman ahalko diezu, zure argazkiak eskegi… Baina, gogoratu: bloga sortu ahal izateko, aikor.com-en eman behar duzu izena. Leinak enpresa, web orriaren egilea “Web orrialde bizia da aikor.com” Aikor.com web orria egiteko ardura Leinak enpresak hartu du. Hori enpresa gaztea da, pasa den urteko apirilean sortu zena. Raul Bejaranok, Mikel Garaik eta Ioritz Larrabeitik osatzen dute Leinak-ko lan taldea. Zertan oinarritu zarete web orria egiteko orduan? Hurrengo tendentzia argi eta garbi ikusten da web orrien munduan aspaldi honetan: jendeak horiek erabiltzen ditu, euren kontuak-eta azaltzeko. Eta, egia esan, gaur egun funtzionatzen diren web orriak erabiltzaileari aukera hori ematen diotenak dira. Horregatik, Aikor! mundu horretara eraman behar bazen, web orri interaktiboa izan beharko zela pentsatu genuen. Hau da, informazio hutsa eman beharrean, erabiltzailea web orrialdearen partaide bihurtu behar zuen. Azken batean, aikor.com euskaldunok euskaraz erabiltzeko web orria da. Atari bizia da. Aikor.com beta bertsioan jarri da sarean. Horrek behin behineko bertsioa dela esan nahi du; behin betikoa ekainean eskegiko da. Aldaketarik edo berrikuntzarik egongo da? Xehetasun txiki batzuk definitu barik daude oraindik, eta horiek, hain zuzen ere, lantzen gabiltza behin betiko bertsioari begira. Bilaketak egiteko aukera egongo da, eta atal batzuetan ere aldaketaren bat egingo dugu, erabiltzaileei web orrian zehar nabigatzeko lana askoz errazagoa egiteko. Halaber, RSS bat egon liteke etorkizunean. Hori lotura bat da, aikor.com-en emandako informazioa beste web orrietan ere agertzeko. Zertan aritzen zarete Leinak enpresan? Informatika inguruan egin daitekeen guztia lantzen dugu: neurrira egindako edozein programa, web orriak… Apaingarri asko izan beharrean, horiek erabilerrazak eta funtzionalak izatea nahiago dugu. Sare sistemak ere egiten ditugu, irudi korporatiboak, edozein proiektu digitala DVDean edo CDean… Enpresa gaztea zarete. Zelan izan da hasiera? Gogorra. Guk ez dugu krediturik eskatu; kapital soziala jarri dugu, eta proiektuak kobratu eta amaitu arte ez dugu etekinik ikusten. Perfekzionistak gara, xehetasunak zaintzea gustatzen zaigu eta horrek arazotxoren bat ekartzen digu, baina epe luzeari begira askoz hobea da horrela izatea… Kalitatezko lanak egitea dugu helburu; proiektu bakoitza erronka pertsonala da guretzat. Beste alde batetik, gaur egun inguruko enpresekin lan egiten dugu, baina laster zabalkuntza-kanpainari ekingo diogu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).