Andres Urrutia, euskaltzainburua: “Euskaldunak jakin behar du alboan daukana ere euskaraz dagoela”

Aikor aldizkaria 2007ko ots. 27a, 16:41
Testua eta argazkia: Pospolin
Aikor! aldizkariaren 5. urtebetetze jaialdi-ekitaldian izan zen, berba batzuk esaten eta Juan Luis euskaltzainari eta Jose Luis irakasleari aurtengo Aikor! sariak ematen: ohorea guretzat. Mila konpromiso dituela jakinda, doakiola gure esker ona elkarrizketa honen bitartez. Zein izan zen zure lehengo inpresioa ekitaldira etortzerakoan? Giroa, antolaketa, publikoa… Zer esan zizun zure “adimen emozionalak”? Harrituta! Eta esango dizut zergatik: ni hiru urte eta pikurekin etorri nintzen Bilbora, eskola erdaldunera, eta gazte-gaztetatik ezagutu izan dut zona hori: Loiu, Zamudio, Sondika… Txorierri aldea (gure familiako bat ere abade egon zen Sondikan). Orduko giroan, euskara ia klandestinoa zen, ilunpean egoan, ezkutatuta. Orduan ba, beste egunean hara joan nintzenean eta, kultur etxea lehenengo, ekitaldia gero eta, batez be, jendea nola dagoen euskararen alde konprometituta ikusterakoan, harrigarria iruditu zitzaidan… Banekien zerbait; horko inguruko lekukotasuna eta Juan Luis bera ere aspalditik ezagutzen bainituen, baina han ikusi nuen jende gaztea, ez soilik “hementxe gaudelako, gure euskaragatik, gure herriaren alde…”esaten, lan egiteko gogoarekin, proiektuekin, proiektu modernoekin etab. ikusterakoan…, harrituta geratu nintzen! Jakin arren, batzuetan “klitxeekin” funtzionatzen dugu eta uste dugu Ondarroan bakarrik egiten dela euskaraz, eta ez, Bilbo ondo-ondoan ere, 10 kmra, euskaraz egiten da, euskaldun peto-petoak bizi dira. Beraz, euskaldun mordoa eta euskaldun aktiboak ikusi nituen han. Zure berbalditxoaren amaieran esan zenuen “ni be Aikor!-lagun naz”. Zergatik? Arrazoi sinple bategatik, eta demagogia barik: batez ere aipatu dudan harridura horren ondorioz. Jendea mugitu egiten dela eta bere entusiasmoa ikusiz, uste dut merezi duela laguntzea. Hauxe esan nuela uste dut: “oraindik ez banaiz izan ere, hemendik aurrera banaiz eta izango naiz Aikor!-lagun”, eta hori paperean gauzatu nahiko nuke (notariook beti paperez egiten dugu dena), eta hemendik aurrera Aikor! notaritzan jaso nahiko nuke. Nik uste dut horrelako gauzak bultzatu egin behar direla, beti izan naiz horren aldekoa. Ahal izan dudan neurrian, batez ere herri txikietan notario egon naizenean, beti kolaboratu izan dut, artikulutxo batekin, informazioarekin, batetik edo bestetik…, eremu mugatu eta hurbileko gauzak ere bultzatu egin behar direlako. Euskararen mundu honetan, zein da Aikor! moduko herri aldizkarien ekarpena eta zer da hobetu behar dena? Ekarpena, hurbil-hurbilekoak izatea da. Jendeak jakin egin behar du aldizkari horretan agertzen dena ez dela nazioarteko mailako notizia, bere herriko edo inguruko notizia baizik: albisteak, iragarkiak, kontuak, iritziak eta abar. Euskaldunak jakin behar du alboan daukana ere euskaraz dagoela; gazteek behar bada ez horrenbeste, informazio asko dutelako eskura, baina euskaldun helduak edo adinekoak ikusi egin behar du ondokoa ere modu atseginean euskaraz idatz, irakur eta ezagut daitekeela, hau da, eskola edo lurralde zabaletik aparte, bere ingurukoa ere euskaraz eta harro-harro mundura zabal dezakeela, gu ere bagarela gauza hori geureganatzeko eta geure produktu hori esportatzeko. Hari horretatik, zer nolako euskara “mota” edo “erregistro” erabili behar da herri aldizkari hauetan? Argi!, eta honetan euskaltzainburuaren paperean jarriko naiz, argi esango dut erabili behar den ereduak jendearentzat hurbilena izan behar duela, beretzat hartzeko modukoa izan behar duela. Baina gauza bat, beretzat hartzeko modukoa ez da edozein grafia erabiltzea, formalizazio puntu bat egon behar da, eta hori aspalditik esanda dago. Zertan dago “formalizazio” puntu hori? Formak erabiltzen direnean ahoskera forma huts-hutsak erabiliz, jendea desanimatu eta galdu egiten da. Denok onartu behar dugun gauza da hori; ez da euskaraz bakarrik gertatzen; gazteleraz, frantsesez, ingeleraz…, ere bai. Baina gehiago, formalizazio puntu horrek maila asko ditu eta modu askotara egin daiteke. Aikor! moduko aldizkari batean, hasteko, gogoeta sakon bat egin daiteke, modu honetara edo bestera egin erabakitzeko. Formalizazioaren aldeko izan naiz beti, baina ez zentzu txarrean ulertuta: irakurleak eta idazleak jakin behar du hor dituela hurbileko gauzak jasotzeko era bat eta erabili den formalizazio horrek bidea emate diola beste gauza batzuk eskuratzeko ere. Badakit ezin zaiola jendeari eskatu bakoitza linguista bat izatea, hori ez da inon gertatzen-eta. Hizkuntza, hori baino modu naturalagoan erabili behar da, baina “naturalegi” ere ez. Naturalegi? Hau da, tabernan berbetan gaudenean gauza bat da eta zerbait idatzi behar denean beste bat. Iragarki bat, ipuin bat, hurbileko kronika bat, albiste bat idazteak, edozein hizkuntzatan, formalizazio puntua eskatzen du. Kasu honetan, formala izatea ez da parrandaren gainean ez idaztea. Hemen kritika bat egin gura nuke: batzuek euren nortasuna markatu nahi dute zenbat eta ahoskeratik hurbilagoko ereduak erabiliz. Baina horrela egiten badugu, bakoitzak bere aldetik, ez dago zereginik. Ez da kasua Zamudiora euskara irakasten joatea Axularren eredua erabilita; Axularrengana bidea eginda heldu behar da. Komunikabide hauek duten arazo handi bat horixe da hain zuzen ere, “erregistro” egokia erabiltzen jakitea. Nik gogoeta sendo bat egitea eskatuko nuke hor, badituzue gogoa, gaitasuna eta erreferenteak. Zorionak egiten duzuen lanagatik eta eskerrik asko gonbidatzeagatik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).