Iratxe Gezuraga, Zamudioko Kamara Koralaren zuzendaria: “Abesbatzaren gabezia? Oraindik apuntatu ez diran abotsak”

Aikor aldizkaria 2007ko ira. 24a, 13:40
1986ko Gabonak ziran eta urteak be baziran Olentzero ez zala abesten Zamudion. Iratxe Gezuraga musika irakasleak ikasle eta herritarrez osatutako taldea bildu, eta baserririk baserri ibili ziran ikazkinari abesteko tradizinoa berreskuratzen. Hurrengo urtean Zamudioko Kamara Korala sortzera animatu zan, ikasleek halan eskatuta. Ordutik hona 20 urte pasatu dira eta abesbatzaren abeslariak pozik dabilz urteurrenaren ospakizunak antolatzen. Zure proiektuak harrera ezin hobea izan dau, beraz. Bai, ni oso gustura nabil. Eta koralera zamudioztarrak ez eze Txorierriko beste herrietako jendea be badator: Deriotik, Lezamatik… Emakumeak baino ez zagoze abesbatzan… Momentu honetan, bai. Korala 11 neskak osatzen dogu eta batzuk hasiera-hasieratik jarraitzen dabe, ganera. Taldetik lagun asko pasatu dira eta orain dala urte batzuk arte mutilak be izan dira. Diziplina handia izan behar da koral baten partaidea izateko? Musikak diziplina handia eskatzen dau berez, eta nik, konprometidu ezkero, entseguetara etortzeko eskatzen dot. Izan be, urtean zehar hainbat kontzertu emoten dogu, eta entseguetan sei lagun baino ez bagagoz, ezin da aurrera eroan. Dana dala, gure arteko giroa aitatuko neuke nik. Konfiantzazkoa da, urteetan lortutakoa, eta gustura gagoz. Hori oso inportantea da. Zein da zuen talde-filosofia? Musikaren bitartez gozatzea. Abesteak ekarpen handia egiten deutse etortzen diranei, izan be, abesteaz ganera, teknika bokala be lantzen dogu eta erlaxatzen ikasten dogu, besteak beste. Eboluzino itzela izan da 20 urte honeetan, baina jenteak jarraitzen dau oso motibatuta etortzen; osterantzean, talde kultural batek ez luke hainbeste denbora iraungo. Zein izan da koralaren ibilbidea? Olentzerogaz hasi ginan eta gaur egun Olentzero abesten jarraitzen dogu baserririk baserri. Beste alde batetik, batzuetan Gabonetako ospakizunetan abesten genduan, eta Bizkaiko Abesbatzen Elkartean (BAE) gagoz hasiera-hasieratik. Pueri Cantores alkartean be izan gara abeslariak gaztetxoak izan diran bitartean. BAEk antolatzen dituan Udaberriko Kontzertuetan parte hartzen dogu, Derioko abesbatzak antolatzen dituan Gabon Kontzertuetan, Begoñako Aste Koralean… eta kanpotik deitzen badeusku, edozein tokitara joaten gara. Pueri Cantores alkartegaz, adibidez, bidaia asko egin doguz: Koloniara, Salzburgora, Lyonera, Bartzelonara… Ez dakigu zer dan koral bat? Ez, batzuk ea opera kantaten dogun galdetu deuste; beste batzuk ea mezan kantaten dogun… Informazino eza dago, nire ustez. Eta zer da? Jendea gustura sentitzen dan gunea, zeinetara gustura joaten baita alkarregaz egotera eta alkarregaz abestuz ondo pasatzera. Koruen mailak hobetzen doaz denboraren poderioz eta gaur egungoek ez dabe zer ikusirik atxinakoakaz. Koruko zuzendariak be musika ikasketak baditu, emaitzetan nabaritzen da. Eleizan jotzeak be ez dau laguntzen abesbatzen ganean dagoan irudia aldatzeko… Bai, baina ez dogu antzokirik! Eleizak eraikin handiak dira eta horregaitik egiten dira bertan kontzertuak. Beste lekuetan ez genuke lekurik izango hainbeste jente batzeko. Egokiena antzokiren bat izango litzateke… Bai, nik auditorioa eskatzen dot! Zuen kontzertu batera joan behar, benetan zer dan jakiteko. Kontzertuetan errepertorio zabala eskaintzen dogu: bertoko folklorea, Hegoamerikakoa, jazz, swing, gaur egungo musikariak, soinu-bandak, alemaneraz abesten dogu, ingelesez… Koreografia eta guzti prestatzen dogu eta horrek izugarri erakartzen dau jentea, pilo bat gustatzen jako. Etorri eta ikusi. Hasieran euskal errepertorioa lantzen genduan eta beranduago sasoi guztietako musika landu izan dogu. Zelango esperientziak izan dira kanpoan izandakoak? Oso aberasgarriak, izan be mundu mailan umek eta gaztek osatutako hainbat abesbatzegaz alkartu izan gara: txinatarrakaz, Polinesiakoakaz, ameriketakoakaz… eta koruko neskek lagunak egin dabez. Beste alde batetik, Bizkaiko ia herri guztietatik pasatu gara eta Estatuko hainbat lekutan izan gara beste koro batzuek gonbidatuta: Leonen, Terrassan… Berton kantua ez dago beste diziplina batzuen maila berean, eta kanpora ateratzen zarenean konturatzen zara zenbat talde dagoan, zenbat jende inplikatuta… eta dinozu: ‘Jo, zeozer bagara!’. Bertoko kontzertuetara jente asko etortzen bada be, egundoko harrera izan ohi dogu kanpoan: jendetza handia izaten da eta oso arrakastatsuak izaten dira kontzertu horreek. Zein da koralaren alderik indartsuena? Gaztetasuna, ezaugarri horregaz asko lortzen baita: memoria fresko dabe, arintasuna gauzak ikasteko… Diziplina be bai. Eta gabezia? Oraindik taldean apuntatu ez diran abotsak. Zer egin behar dabe horreek zuenean izena emoteko? Zamudioko eskolako pisuetan egiten doguz entseguak. Edozein astearteetan bertara joan daitekez, edo gure telefonora deitu: 695759211. 20 urtez musika zabaltzen Zamudioko Kamara Koralak Madrilen ekin eutseen 20. urteurrena ospatzeko antolatu dabezen ekitaldiei ekainean. San Ignazio de Loiola eleizan kontzertua eskaini eben eta bertan jendetza handia batu zan. Madrilen bizi diran euskaldun asko be publikoan izan ziran. Kontzertua zati bitan banandu eben: lehenengo zatian euskal folklorearen piezak interpretatu eben baserritar jantzita eta guzti, eta bigarrenean nazinoarteko musika abestu eben. Entseguak dirala-ta, egun gogorra izan zan neskeentzat, baina, zuzendariaren esanetan, merezi izan eban. “Bertako publikoa primeran portatu zan gugaz eta asko gugana hurbildu zan eskerrak eta zorionak emotera. Malkoren bat be ikusi genduan… Oso gustura gagoz koralean eta hori transmititu egiten da”. Abesbatzaren neskak topera dabilz urteurrena prestatzen; beraz, datozan hilabetetan zer kantatu eta zegaz gozatu ez da faltatuko Zamudion. Urriaren 27an: Sabadellgo taldegaz alkartuko dira. Urriaren 28an: Pueri Cantores alkartearen taldekide ohiek mezea abestuko dabe. Partehartzaileak: Basauriko Soinu Bidea, Mañariko “Kirikiño”, Zornotzako “Abes Kimu”, Sabadellgo “Sant Esteve” eta Zamudioko Kamara Korala. Azaroaren 3an: Singapurreko SYC Ensemble Singers abesbatzaren kontzertua, 20:30ean, San Martin eleizan. Azaroaren 10ean: Vocalia taldeko kontzertua, 20:30ean, San Martin elezan. Azaroaren 17an: Txorierriko abesbatzen emonaldia, 20:30ean, San Martin eleizan. Azaroaren 19tik abenduaren 2ra: Erakusketa Zamudiotorren: argazkiak, oroigarriak, jantziak… Azaroaren 24an: Bazkaria.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).