Testua: Enara Artetxe, Arte Ederretan lizentziatua
Aspaldian Txorierriko herriak obratan daudela oharkabean inori ezin izan zaio pasatu. Bakoitzean aldaketa nabarmenak ikusten ari gara, baina bada orain modan jarri den joera berria: oinezkoentzako kaleak egokitzea. Badirudi grina berria gogoz ezarri dela udalen helburuen artean, baita politikari askoren ahotan ere. Hala ere, joera honek onura beste kalte badituela argi dago.
Probetxuzko aldea nabaria da eta egun auzokoen ahotan sarritan entzun dezakegu ezaugarri honetako espazioen premia. Prentsan irakur daitekeenez, hirietan jolasteko eta gozatzeko oinezkoentzako guneak falta direla aldarrikatzen da. Baina hiria eta herriaren arteko ezberdintasuna beste batzuen artean aldagai batek bereizten du: herriaren biztanleria, eta ondorioz, beharrizanak. Oinezkoentzako kaleak hirietan behar direla ukaezina da, alabaina ez bereziki herrietan. Holako kaleak, maiz inora ez doazenak, ez dira praktikoak. Herrietan oinezkoentzako kaleak jartzen dira herria nobletzeko, baina ez beharrizana dagoelako. Txorierriko herriak lur azaleraz handiak dira, baina ez horrenbestekoak populazioan. Jolasteko, paseoan joateko edo baztertxoren batean hitz egiten egoteko lekuak nonahi ditugu gure inguruan hain zuzen ere herriek xarma hori dutelako (nahiz eta gero eta gutxiago diren, poligonoen plagaren ondorioz).