Gaur eguneroko lan-tresnak aldatu ditut; etxean geratu dira kopak, fitxak, dastatzeko ardo-ereduak… eta gustura sentitu naiz soloan lan egiten. Mahats-biltzearen eguna da. Mahatsa bilduko dugunok baserrira heltzen goaz jaia, lana eta zirrara nahasten dituen giroan (urte osoko lanaren uzta biltzen baita). Mahatsa noiz bildu ez da erabaki erraza, eta itxaron egin behar da mahatsa osasuntsu eta ondo heldua egon arte. Artaziak hartzen ditugu, kutxak lur-eremutik sakabanatu, eta… lanera! Nire lagunak, mahatsaren zaintzaileak, arloa erakusten dit ereindako mahats motaren arabera, alde batean Munemahatsa (tradizioa) eta bestaldean Hondarrabi (esentzia). Mahats mordoak kutxetara jausten doaz eta poztu egiten gara baten bat perfektua bada, erakusteko modukoa bada. Geroago hamaiketakoa, indarrak berritzeko eta elkarlanak sorturiko lagunarteko giroaz disfrutatzeko; traktoreak betetako kutxak batzen ditu. Mahatsaren zaintzailearekin argazkia egiten dut eta irudia “Lurretik kopara†izendatzen dugu. Bilketa amaituta baserrira goaz. Txortena kentzeko makina martxan ikusteak, prentsak, urteko lehen mostoa dastatzeak hunkitu egiten naute eta merkatuaren legeak ahazten ditut, ardoarekin zerikusirik ez daukatelako. Hiruretan etxekoandreak jantokira gonbidatzen gaitu eta, familiartean, egindako lana eta mahai gainean daukaguna ospatzen ditugu. Auzolana zer den ikusi eta sentitzen dut, poza ematen dit egun handi hau beraiekin bizitzeko aukera izateak. On egin.