Aspaldiko olerkari batek esan omen zuen mundu honetan ezer ez dela gezurra edo egia, dena begiratzen dugun kristalaren araberakoa begitanduko zaigu eta. Guztiz ados nago. Eta horren kariaz inoiz ikasgelan eta lagun artean zera komentatu dugu, norberak bizitzan bere betaurrekoak jantzita eramaten dituela beti; edozein gertaera apur bat, oso edo erabat desberdina suerta daitekeela, segun eta nork atzematen dion, noiz edo nola.
Zer da, bada, betaurrekoen kontu hau? Niretzat ez da gauza arraroa. Betaurrekoak geure ikuspuntuak dira. Bakoitzak baditu bereak, eta horien arabera izaten ditu bere ideiak, sortzen ditu bere iritziak, eta baita aurreiritziak ere. Mundua eta inguratzen gaituen errealitatea modu zehatz batean atzematen dugu, geurean. Ez baita gauza bera umea edo guraso izatea, ikasle edo irakasle, polizia edo lapurra, munduari buruz dugun irudia izaterakoan.
Eta, nire uste apalean, objetibotasunik existitzen ez denez (nahiz eta gauza batzuk beste batzuk baino objektiboagoak iruditu), bakoitzak bere betaurrekoak eramaten ditu aldean, nahi eta nahi ez, horretaz ohartu ala ez. Horregatik uste dut lan interesgarria dela geureak zein kolorekoak diren jakiten ahalegintzea, ze itxurakoak, estu-estuak ala zabalak diren argitzea, kristal lodikoak edo mehekoak...
Batzuei segituan atzematen zaie zer motatako betaurrekoak daramatzaten. Beste batzuei, ordea, igarri ere ez zaie egiten; eta hainbatek egoera eta inguruaren arabera aldatzen dituzte. Bizitzan zehar, benetakoekin gertatzen den antzera, moldatu eta egokitu beharra ditugu geu ere aldatzen garen heinean. Komenigarria da, hala ere, lagun zein ezezagunekin elkarri trukatzea, denboraldi txiki baterako bada ere, esperientzia eta ideia berriekin aberastu aldera; eta, batez ere, komenigarria da garbitzea. Gauza guztiak bezala, asko erabili ezkero lohitu egiten dira, eta lantzean garbikuzi sakonak on handia egiten du.
Azkenik, kontuan hartu behar da gure betaurrekoak, nortasun agiria bezala, pertsonala eta trukaezinak direla. Inork ezin du (ez luke izan behar) beste inoren betaurrekoak jantzi disimuluan, ez du balio eta. Zorionez, ez dizkigu inolako agintaririk luzatu behar; geuk sortzen ditugu eta, beraz, gure esku dago nolakoak nahi ditugun erabakitzea. Nik aurten, salbuespen moduan, Olentzerori berri batzuk eskatuko dizkiot, nireak jausi eta txiki-txiki eginda gelditu zaizkit eta. Kolore ugarikoak, zabalak eta gardenak eskatu ditut, bizitzan zehar ahalik eta erosoen bidaiatzeko.