Bego Torre eta Iñaki Gonzalez, Alkartasun Lagun Taldearen idazkaria eta presidentea: “Gurea isileko beharra da”

Aikor aldizkaria 2007ko abe. 17a, 10:20
Alkartea joan dan uztailean eratu zan ofizialki eta dagoenako 500 bisitatik gora egin dabez. Zamudioko Alkartasun Lagun Taldea Bego Torrek bultzatutako ekimena da. Herriko alkatesak eta parrokoak be ezinbesteko papera izan eben kideak batzeko orduan, eta gaur egun 13 lagun dira alkartean dabizenak. Irabazteko asmorik bako alkartea zarie. Oso behar isila egiten dogu; hainbat lekutara joaten gara adinekoak bisitatzera, eta jenteak ez daki. Halan be, zamudioztarrek gure barri izatea komenigarria zan, erretizentziarik ez egoteko. Helburua argi dozue: gaixorik, ezindu edo geriatrikoetan dagozan zamudioztarrak bisitatzea, animuak eta konpainia emoteko. Bisitak Derioko, Erandioko eta Sondikako zaharren egoitzetan egiten doguz, baina etxeetara be joaten gara. Dana dala, laguntza emoten deutsegun pertsonak adinekoak ala gazteak izan daitekez; ez dogu mugarik jartzen. Aurtengo udan ume batzuk be zaindu doguz, lana dala-eta gurasoak ezin ziralako eurekaz egon. Pentsatu baino konpainia handiago behar dabe gure nagusiek? Bai. Egoitzetan dagozan askok ez dabe bisitarik jasoten, eta hurbiltzen jakuz. Zamudioztar bat bisitatzera zoaz eta bost lagunek osatutako tertulia baten parte hartzen amaitzen dozu. Eurentzat oso esperientzia positiboa da: lehenengo eta behin, inportante sentitzen dira, bisita dabelako; eta bigarrenez, barrena lasaitu egiten dabe. Ganera, familiakoa ez dan aurpegia ikustea gustatzen jake. Zeintzuk dira dabezan beharrizanik nagusienak? Afektiboak. Egoitzetan oso ondo zainduta dagoz arlo guztietan: otorduak, medikuak… Baina burua ondo dauana etxeagaz gogoratzen da asko. Ordutegi batera moldatu behar dira eta hori ez dabe pozik hartzen; emakumeek, batez be. Eta, ganera, ondoan dozuna ez badabil ondo, ba, deprimitu egiten zara. Ildo horretan, Zamudioko zaharren egoitza barria laster zabalduko da, eta gustatuko litxakigu bertan, adinekoen egoera kontuan hartuta, modulu ezberdinak atontzea, horrelakorik saihesteko. Ondo dagoana ondo be badagoan beste bategaz jar dagiala, behintzat! Eta etxean dagozanak? Euren gauzei buruz beste batzukaz berba egitea gustatzen jake horreei. Baina familiek guk euren senideak egoitzetan bisitatzea pozik onartzen badabe be, ez jake asko gustatzen etxera joan gaitezala. Zamudio oso herri txikia da, eta gure taldeak hasi baino ez dau egin… Hemendik urte bira gauzak aldatzea espero dogu. Zelan pasatzen dozue denborea aitita-amamakaz? Euren bizitzaren gorabeherak kontatzen deutsuez behin eta barriro; zuk entzuteak pozten ditu. Euren ohituretara moldatu behar zara, baina abila be izan behar dozu egunekotasun horretatik atera eta beste gauza batzuei errepara dakiezan. Motibatu behar jake: “Entzun dozu zer esan daben irratian?”… Beste alde batetik, gestio sinpleren bat egin behar badabe, hori egiten be laguntzen deutsezu. Eta nagusia zaintzen dauan pertsona horri be atseden txiki bat emoten deutsazue. Bai, zaintzaileek aisialdirako momentuak izatea oso garrantzitsua da, pixkanaka-pixkanaka okerrera doan pertsona bategaz egotea gogorra dalako. Eta zaintzaileak be desanimatu egiten dira. Zelan izan behar da zuen beharra egiten dauana? Zuhurra, batez be. Aitita-amamek isilmandatu asko egiten deutsuez eta ezin dira hortik kontatu. Ez zan ona izango ez berarentzat, ez bere familiarentzat, ezta alkartearentzat be. Min handia egin daiteke. Eta bokazioa… Izan be, orokorrean geriatriko batera ez zara joaten barre egitera, baizik eta ondo ez dagoan pertsona bati konpainia emotera. Eta maitasuna deutsezu azkenean… Oso pozik jartzen dira gu ikustean, eta gozamena da guretzat. Aurrera jarraitzen laguntzen deusku horrek. Zamudioko zaharren egoitza barria uda baino lehenago zabalduko ei dabe… Beharra banatu beharko dogu; askok bertora etorri nahiago izango dabe, baina beste askok be orain dagozan lekuan gelditu nahiago dabe… Berbaldi batzuk antolatzeko asmoa dozue. Bai, familiek geriatrikoak eta eguneko egoitzak hobeto ezagutu dagiezan: zelango abantailak dabezan nagusientzat, zelango bizitza egiten dan bertan, zelango zaintzak emoten diran… Inportantea da jentea hori guztiaz ohartzea. Zer egin behar da zuekaz harremanetan jartzeko? Udaletxera jo eta gugaz harremanetan jarri gura dala esatea, besterik ez.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).