Sarritan, eskultura edo koadro bat ikusten dugunean, musika entzuten dugunean edo ardo botila on bat zabaltzen dugunean, aldez aurretik aurkitu nahi genuena aurkitzeko joera dugu; hau da, aurreiritzia baieztatzen dugu. Horrela, sentituko ditugun sentsazioak aurreratzen ditugu sentitu baino lehen, izan ere espektatiba edo aurreikuspen argiak lehenago ezartzen ditugu (horiek txarto ikasitako klixeak dira askotan), eta txapeldun sentitzen gara betetzen direnean/ditugunean.
Azken batean, segurtasuna printzipio burgesa da; eskuartean zer daukagun momentu oro jakiteak lasaitasun handia ematen digu. Baina kezkagarria da, eta etsigarria ere batzuetan, benetako sentsibilitate eta askatasunari tarte gutxi uzten baitiegu. Beti izango da hobe artelanak berak gu nahi duen tokira eramatea, eta ez alderantziz.
Ardo botilla dezente zabaldu behar izan dut azken urteotan, eta horrela jarraitzea espero dut. Baina askotan izan dudan sentsazioa baztertu nahiko nuke: aldez aurretik fiskalizatuta dagoen zerbait eskaintzen dudala. Batzuetan likido preziatua sudurrera edo ahosabaira heldu aurretik baloratzen dugulako eta, horrela, ardoaz benetan goza genezakeenaz gozatzeko aukera galtzen dugu. Egia esan, ze demontre!, ardoa ez da ulertzen, ez da ikasten; ardoa ezagutu egiten dugu, sentitu egiten dugu eta konpartitu egiten dugu. Apaltasun eta sentsibilitate apur batekin askoz urrunago bidaiatzen dugu... eta hobeto. On egin.
Sukaldaritza