Sara Gandara, kazetaria eta areto-futbol jokalaria: “Alde handia dago oraindik kirolean gizonen eta emakumeen artean”

Aikor aldizkaria 2008ko mai. 27a, 09:02
Emakume aktiboa dela esan dezakegu. Karrera amaitu zenetik hainbat beharretan ibili da 26 urteko lezamar hau: ETBn, Europa Pressen eta Bilbao Basket taldearen bulegoan, adibidez. Gaur egun ikuskizunak antolatzen dituen enpresa batean egiten du lan, eta artikuluak ere idazten ditu Deia egunkarirako. Horrezaz gainera, badu astia gehien gustatzen zaion kirolean aritzeko: areto-futbolean, hain zuzen ere. Lekua topatzen zabiltza kazetaritzan; zaila da? Nire esperientzia kontuan hartuta, bai. Oposaketak egin eta gainditzen badituzu, edo ezagunen bat baduzu... ondo; osterantzean, eskaintzen zaizun gauza bakarra ordezkoak egitea da. Lanak ez du jarraipenik; beno, nire kasuan, behintzat. ETBn kirol arloan aritu zara, eta Deiarako, nahiz eta beste gai batzuk ere landu, kirolarekin zerikusia duten Txorierriko gaiak jorratzen dituzu. Kirola maite dut; areto-futbola, batez ere. Txikia nintzela amak hainbat kiroletan apuntatu ninduen areto-futbolean ez aritzeko. Badakizue, mutilen kontua zen ustea zegoen lehen. Baina nik argi nuen hasiera-hasieratik. Institutuko taldean aritu naiz, eta Zamudioko Iraultzan nago gaur egun. Futbolean ere ahalegindu naiz, baina ez zait gustatu. Areto-futbola askoz dinamikoagoa da, nire ustez. Zelako denboraldia egin duzue? Liga amaitu da, eta orain Kopa jokatzen gabiltza. Egia esan, partida bakarra irabazi dugu. Taldekide gehienek lan egiten dugu; bakoitzak bere bizitza du, eta oso zaila da gauza biak uztartzea. Kostatzen zaigu guztiok entrenamenduetan batzea. Ni lesionatuta nago orain. Harreman estua duzu bai futbolarekin, bai saski-baloiarekin. Lehenengoa zale gehien batzen duena da; baina bigarrenaren inguruan mugimendu itzela sortu da... Beti egon da saski-baloirako zaletasuna; hala ere, taldeak desagertu egin ziren, ACBn jokatzeko mailarik ez zutelako; edo diru falta zela-eta, klubak desagertu zirelako. Basket Bilbao Berri elkarteak duela zazpi urte sortu zen, eta lehenengo urteetan mailari eustea helbururik nagusiena bazuten ere, erronka berriei heldu diete eta Play Off-etara ailegatzea lortu dute. Horrek ilusioa zabaldu du zaleen artean: lehen 2.000 abonatu ziren; 5.000, orain. Emakumezkoen kirola, gizonezkoen aldean. Laguntza jaso, handik edo hemendik jasotzen dugu, baina ez ditugu mutilek dituzten erraztasunak, edo laguntza. Eta zaleen aldetik? Ba, lagun gutxi etortzen dira gure partidetara: familia eta lagunak, besterik ez. Eta gure partidak eta bertoko mutilen taldeenak egun berean badira, edo kanpoan jokatzen badugu, askoz lagun gutxiago. Batzuetan partiden publizitate handiagoa egin beharko genuela pentsatzen dut... Dena dela, tenisa, volleyballa, edo abarrekoak izan ezik, emakumezkoen kirolak ez du grina handirik sortzen... Baina pixkanaka-pixkanaka emakumea lekua hartzen dabil tradizionalki gizonek egin dituzten kiroletan... Eta maila handia dugula erakutsi dugu, gainera. Adibidez, gero eta gehiago gara futbolean edo saski-balioan aritzen garenak. Bide horretan, Athleticen neskek atea zabaldu digute gainontzekoei. Eskerrak! Zein da zure gaur egungo lana? Ikuskizunak antolatzen ditugu: kontzertuak, umeentzako ekitaldiak, umore-saioak... Ikuskizun batzuk kontratatzen ditugu, eta beste batzuk guk geuk ekoizten ditugu. Gustatzen zait lana, munduko edozein txokotako lagunekin harremanetan egoteko aukera ematen didalako. Interesgarria da. Hala ere, benetan gustatuko litzaidakeena momentu oro kazetari ibiltzea da. Eta, posible bada, kirol arloan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).