Eduardo Delgado, sukaldaria: «Sukaldea gustatzen bazaizu, berdin da bakaleta, poperoa edo beste edozer izatea»

Aikor aldizkaria 2008ko urr. 16a, 13:00
Testua eta argazkiak: Jon Goikouria
Lapiko artean ibiltzen da Eduardo Delgado. Hogeita bi urteko zamudioztarrak sukaldea du ogibide, eta Kaliforniaraino joan da praktikak egitera. “Oso pozik nago lanarekin. Artea da”. Heavya eta sukaldaritza..., bateragarriak dira? Zergatik ez? Bizpahiru tatuaje eta belarritako pare bat ikusita, aurreiritziak ditu jendeak. Baina horrek ez du ezer esan nahi sukaldean ibiltzeko orduan: gustatzen bazaizu, berdin da bakaleta, poperoa edo beste edozer izatea. Zerk bultzatu zintuen beste kontinente bat ezagutzera? Sukaldaritzako ikasketak amaitzekotan nintzela, praktikak egitera San Frantziskoko (Kalifornia) Euskal Etxera joatea eskaini zidan irakasle batek. Ezetz esan nion hasieran, baina senideekin eta neskalagunarekin hitz egin eta animatu egin nintzen. Ez zait damutu; denetariko esperientziak bizi izan ditut Amerikan, eta hori da onena. Nolakoa da hango Euskal Etxea? Itzela! Otordu asko ematen dira egunero etxeko hiru jantokietan. Ondoan frontoia dago, eta pilota partida garrantzitsuak jokatzen dira bertan. Jendetza handia pasatzen da egunero San Frantziskoko Euskal Etxetik. Beste alde batetik, janaria ez dago gaizki, baina ez da euskal janari tipikoa; zerikusi handiagoa du Frantziako sukaldaritzarekin. Sukaldeburuak frantziarrak eta euskaldunak dira, gehienbat. Antzekotasunik badu Euskal Herriko jatetxeekin? Ez, platerak-eta askoz gozoago daude hemen. Espezialitaterik prestatu behar izan zenuen? Behin batean nagusiak galdetu zidan ea gai izango nintzen 50 lagunentzat bakailaoz betetako pikillo piperrak prestatzeko. Erronka onartu, eta ondo irten zen! Egindako lana eskertu zidan jendeak hurrengo egunean. Aukera paregabea ere izan duzu ingelesa praktikatzeko. Inoiz baino hobea. Autobusa hartu behar nuen egunero Euskal Etxera joateko, eta oinez hogei minutuko ibilbidea egin ere bai. Jendeari galdetuz praktikatu nuen ingelesa gehienbat. Eta festan ibiltzen nintzen jendearekin ere ingelesez egiten nuen. Aukerarik izanez gero, itzuliko zinateke hara lan egitera? Gaur egun, ez. Euskal Herrira itzuli baino astebete lehenago, lana eskaini zidaten bertan, eta ezetza eman nien, bizitza hemen dudalako. Ez dut neure burua hain urrun ikusten; hala ere, bizitzak buelta asko ematen ditu, eta batek daki! Zer bota duzu faltan gehien? Alde batetik, familia, neskalaguna eta lagunak; eta bestetik, giroa. Hemengoak ez du zerikusirik Kaliforniakoarekin. Zer diozu fast food janariari buruz? Jateko aukerarik izan zenuen? Nahiz eta jendeak janari gozoa eta merkea dela esan, ez dago alderatzerik benetakoarekin. Ez da janaria, zaborra baino. Zertan eman duzu denbora librea? Asteburuak libre izan ditut, eta San Frantzisko hiria ezagutzeko aprobetxatu dut; hiri ederra da. Bertako festetara ere joan naiz eta behin beisbol partida batera eraman ninduten. Euskal festa batean ere izan naiz Amerikan. Ankapalu sagardotegian zabiltza lanean gaur egun. Eta oso gustura, hango jendea oso atsegina da eta. Aurretik beste lantoki batzuetan izan naiz, baina ez naiz hain eroso sentitu, eta gustura egotea ezinbestekoa da, nire ustez, lan egiteko. Ez da ohiko sagardotegia: sagardotegiko menuez gainera, plater berriak sortzen ditugu Larrabetzuko produktu ekologikoak zabaltzeko. Zein da zure asmoa etorkizunari begira? Michelin Gidaren hiru izarrak lortzea da nire ametsa. Zaila da, baina gaztea naiz eta denbora luzea dut ikasten jarraitzeko eta gauza berriak egiteko. Baita sukaldaritza munduari buruz irakurtzeko ere.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).