Gazteleraz Plumero de la Pampa esaten deutsie, eta latinez landara horren izena Cortaderia Selloana da. Aspaldiko urteetan, gero eta nabarmenago egiten jaku noraino hedatuta dagoan gure inguruan, batez be urte sasoi honetan, udagoienean.
Landare ikusgarria danez, antxinatik dago gure artean Ameriketatik ekarritako espezie hori, lorategietan-eta apaingarritzat jarteko erabilita. Batek baino gehiagok hartu deutseguz lumak holakoren bati, landarea basoan edo baztarren baten ikusi dogunean, eta etxean lorontzi baten imini.
Baina lehen, danontzat hain ikusgarri eta ederra zan landarea gaur egun arazo bihurtu jaku, benetan kezkatzeko moduko arazoa. Eta danon arazoa da, ez bakarrik lur-sailen bat daukienena, ingurumen-arazoa dalako, izurritea edo plagea dalako. Espezie inbaditzailea da, bertoko espezien lekua hartzen dauena, eta ez daukona inolako areriorik edo kontra egingo deutsanik.
Beraz, landare horreri aurre egiteko lehenengo-lehenengo ezagutu beharra daukagu. Hasteko, esan udagoienean botaten dituala haziak, gure artean abuztuaren erdialdetik aurrera, eta ehun mila hazi inguru daukala luma bakotxak. Horretara, bada, lumok hartzea eta mogidu edo astintzea landarearen zabalkundean laguntzea da. Ez, beraz, ikutu edo hartu orain. Bigarrenik, kalidade gitxiko lurretan be hazten da, eta berehala kolonizatzen dau edozein leku. Horregaitik zabaltzen da hain erraz obrak egin diran lekuetan eta bide-baztarretan. Eta hirugarrenik, oso gatxa dala kentzeko, batez be lekua hartu eta urte batzuk izten baditugu. Hasieran luma bakarra botaten dabe, eta txikiak dira, lurretik erraz atarateko modukoak, baina urterik urte hazi egiten dira eta gero ez daukie nondik hartu kendu ahal izateko: orriak latzak dira, ebakorrak (hortik jatorko cortaderÃa izena), eta suak be ez deutso kalterik egiten, gero indartsuago urtetan dabe-eta.
Badirudi Foru Aldundia azkenik jabetu dala arazoaz, eta ikertzen dabil ia zein dan landare hori ezabatzeko modurik egoki edo eraginkorrena. Uste dot izango dogula horren barri, eta hori jakitean, danok lagundu beharko dogu Panpako lumagandorrak kentzen edo, sikeran, gehiago zabaldu ez daitezan laguntzen.